Ver 19 fotos

Lobo Altuna
ZETAK | Mitoaroa II

«Iruñekoa ikusita, nola egin kale Illunben? Oso berezia izango da»

Inork ez zuen arrastorik zer zetorren Donostian, baina ez zuen axolik, argiak itzali eta magia piztea bat izan zen atzo Donostian

Jon Agirre

Donostia

Viernes, 5 de septiembre 2025, 21:32

Mitoaroa'-ra heltzeko bidea luzea izan da, pausoak lasai emanez egin du aurrera ZETAKek eta, batez ere, zutabeak argi izanda: euskara eta euskal kultura -ez da kasualitatea mitologiak 'Aaztiyen' (2023) diskoan zein Iruñeko edo Illunbeko ikuskizunean duen pisua- edo belaunartekotasuna. Zaleak ez dira adin-tarte edo gizarte-talde konkretu batekoak soilik eta, hori, beste behin, argi geratu da Donostian. Illunbe inguruan, ateetan zein parking-ean osteratxoa emanez gero aniztasuna izan da nagusi: 2019tik jarraitzen dituzten beteranoak edo urtarrileko emanaldia ikusi eta «txundituta geratu» ostean batu diren hasiberriak; oso ondo zer espero zitekeen pentsatu ere ez zutenak edo kantu zehatz bat -'Deskontrola', 'Zu'...- eskatzen zutenak; familia giroan bertaratuak, bikotearen plan berezia zutelako edota kuadrilla eta lagunartean arratsalde-gauaz gozatzera etorritakoak. «Zortea» izan dutenek, 13.000 eguneko, aukera baliatu eta antolakuntzaren eskariari men eginez, tarte nahikoarekin bertaratu dira.

Publicidad

Hala egin dute Beak eta bere kuadrillak, Iruñean «lana amaitu» eta segituan kotxea hartuta heldu direnak 19.00etarako. Aspaldiko zaleak izanik ezin ez disko ez kantu bakarra aukeratu. Iruñeko Zentral aretoan izan ziren Pello Reparazek emandako lehen emanaldietan eta ordutik «oso gertutik» jarraitu dute taldearen bilakaera. Nola ez, Nafarroa Arenan ere izan ziren eta «Illunben ezin kale egin».

Ez dira bakarrak izan. Gasteiztik hala bertaratu da Mikel, emazte, alaba eta alabaren lagunarekin. Lehenik haiek izan ziren zale, baina musika «txiki-txikitatik jarri genion eta orain bera da kotxean zein kantu entzuten den erabakitzen duena», kontatu du umorez. Ilaran tokirik ez galtzea helburu, barruan zer gertatuko zen ez zen ardura. «Iruñean izan ginen, hori eta gero seguru espektakulu ona dela».

Antzeko izan da Irune, Izadi, Udane eta Aialaren kasuan. Iruñetik etorriak, urduri zetorrenagatik. Ez berria zutelako, hauek ere Nafarroa Arenan egon baitziren, gehiago hango esperientziarekin jakitun zirelako showak mereziko zuela.

Txanponaren beste aldean dago Edurne. Parking eta musikatik zertxobait urrutiago, itxaronaldia bokata jateko baliatzen ari zen senarra alboan zuela, barrez «Lehen ere hitz egin dut eta...». Iruñeko emanaldia telebistan ikusi eta Donostiako jakitean ez zuten zalantzarik izan.

Publicidad

Hasteko, Marabiyak Sound

Ostiralak goiz-goizetik eguraldia lagun izan du eta horrek, noski, antolakuntzak goiz gerturatzeko egindako eskaria betetzeko lagundu du. Ohi bezala, pistan leku «ona» hartzeko asmoz 18.30erako baziren taldetxoak 10 eta 12 ateetan. Esaterako Oier, Deriotik. Lagunen zain, leku ona zuen jomuga. «Urtarrilean Iruñean izan nintzen eta esan du antzeko zerbait izango dela. 'Zu' jotzen duen bitartean, ni pozik. Beno, badakit joko duela, beraz ez da arazorik egongo». Hala ere, ilarak ez dira saihestu eta kontzertua hasteko gutxi falta zela ez ziren gutxi izerditan zeudenak, urduri, hasiera galduko ote zuten.

Lehenago ere, baina beroagatik, izan ziren eguzkitik ihesi itzala babes hartu dutenak. Edota foodtrack-ak gertu izan zituztenak freskotasunaren bila. Ez da edaria falta izan, ez. Haiek denek izan dute sari Marabiyak Sound-en giro ikaragarria. Zazpi kide, umorea kiloka, bizikletek tiratutako bozgorailuetatik egungo kantuak, klasikoak, ZETAKen kantu ikonikoak eta revival ikaragarriak. Parkinean zirenak dantzan eta kantuan jartzeaz gain sokasaltoan ere ipini dituzte. Talde nafarra belaunarteko jaia izanik, aurrez prestatutako showak ezin zuen bestela izan.

Publicidad

Ikuskizuna, noski, barnean zen eta kontzertua hasi baino 15 bat minutu lehenago ke antzeko bat zabaldu da Illunben barrena, ez surik zelako, edo ez behintzat arriskurik. Girotzeko baizik, jendea esnatzen has zedin. Eta urduritzen

Lehenago ere izan da sorpresa, atean igaro ahala antolakuntzako kideek bertaratu den bakoitzari musika entzuteko kasko bana eman baitio, 'Aaztiyen' diskoa aurkezteko Reparazek Arbizun egin zuen bezala. «Esperientzia bakarra, inmertsiboa» agintzen zuen ahotsak hauek pizterakoan eta «bolumena maximora» jartzeko eskatu.

Publicidad

Ez zen, noski, gauak utzitako sorpresa bakarra izan. Baina spoilerrik ez, beste bi gau geratzen baitira.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad