Oizeder Mayo: «Talde hauen arrakastaren magia edo gakoa letren oinarria da»
«Euskal taldeek nabarmenki gora egin dute eta, zorionez, gero eta talde gehiago ari gara topatzen euskal panoraman». Ez du zalantzarik Oizeder Mayok, Gaztea Irratiko esatariak. Formula magikoaren zergatia topatzea beti ez da erraza, baina estilo aniztasuna eta letren estiloa aipatzen ditu arrazoi posible bezala. «Estilo ezberdinak sartu dira. Alegia, orain arte 90. hamarkadan batez ere, euskal musika rock edo punk estiloarekin lotzen zen eta orain euskal musika eta taldeak bestelako estiloetan topatzen ditugu: reggaetona kontsumitzen dugu, trapa indartsu sartzen ari da eta musika elektronikoa ere». Hauen arteko elkarlana, gainera, gero eta ohikoa dela dio. «Nahasketa pilo bat ikusten ari gara, horrek eman du abaniko hori sakontzea eta euskal talde gehiago topatzea dakar».
Publicidad
Noticia Relacionada
La música en euskera que arrasa en los escenarios
Aniztasun horrek aldaketak ekarri ditu esaterako Top Gaztean. «Lehen 30 kantutik laurdena edo izan ohi ziren, orain ordea, estilo askoz ere gehiago daudenez 15 bat abesti ere izatera heldu gara». Musika motaz gain, plataforma digitaletako entzunaldiek ere panorama musikala eraldatu dutela argi du Mayok. «Musika kontsumitzeko era erabat aldatu da, lehen irratiok musika preskriptore ginen, modan jarriko zenaren kantu eta abestiak uhinen bidez zabaltzen ziren». Orain, aldiz, Spotify eta bestelakoetan agertzen diren berritasunak gertutik jarraitu behar dituzte arrakasta zerk duen jakiteko.
Mugak gainditzen
Egungo taldeek gaindituta beste bi langa aipatzen ditu Gazteako esatariak. Batetik, egungo taldeak «transgenerazionalak» direla. «Nik uste dut magia edo gakoa letren oinarria dela, zuriak direla, etxeko txikienek dantzatzeko eta abesteko eta etxeko nagusienek gozatzeko ere balio dutela». Eta, bestetik, geografikoki Euskal Herritik kanpo talde gehiago igotzen ari direla oholtzara. «Euskal musika ere globalizatu da eta nahiz eta euskara ez ulertu, euskal musikak eta doinuak mugak gainditu dituzte eta Mexikon edota Tokion euskal musika kontsumitzea lortu dugu».
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión