Niña Coyote eta Chico Tornado eta Gailuren birako lehen geldialdia, larunbatean Azpeitian
2024an split bat kaleratu zuten, baina agenda kontuengatik ez zen bira izan eta orain arantza kenduko dute
Musikaren inertzietatik at edo, behintzat, hain murgilduta ez dauden Niña Coyote eta Chico Tornado eta Gailu izango dira aste-bukaera honetan Sanagustin Kulturguneko (Azpeitia) erreklamo nagusia. Larunbatean ariko dira zuzenean udazken honetarako antolatu duten biraren baitan. Elkar ondo ezagutzen dute, musika elkarrekin eginak dira, oholtzatik kanpo ere adiskide dira eta batasun horrek guztiak beste geruza bat eskainiko dio gauari. Emanaldia 22:00etan hasiko da eta sarrerak oraindik salgai dira 16 euroko prezioan.
«Batez ere adiskidetasunak batzen gaitu, lagunak dira aspaldidanik. Zale gurutzatuak gara, etengabe gaude harremanetan, eta Euskal Herriko bira antolatzea pentsatu genuenean, gonbidatzea pentsatu genuen, splitarena zintzilik zegoelako. Haiek ere beren diskoarekin egongo dira, beraz, fiestoi bat izango da», azaldu zuen Koldo Soretek 'Atea' diskoaren aurkezpen-elkarrizketan. Aipatutako split hura 2024an aurkeztu zuten 'Euzko Polizia' eta 'Ulehertu' kantuekin, baina agenda kontuak bitarte ezin izan zuten nahi bezala aurkeztu. Eta orain arantza aterako dute.
Guztira lau emanaldi elkarbanatutik lehena izango da. Ostean helduko dira urriaren 23an Bilboko Kafe Antzokian, azaroaren 20an Iruñeko Zentralen eta biharamunean, 21, azkena etxean, Donostiako Dabadaba aretoan.