«Kantatzea eta inprobisatzea plazera da»
Maddalen Arzallusek eta Oskar Estangak ikuskizun berria aurkeztu dute, melodia ezagunak kopla bihurtu eta inprobisazioz letratuko dituztenak
Instrumentuen laguntzarekin eta kantuak «handik eta hemendik» hartuta, 'Kantu konplizeak' ikuskizuna sortu dute Maddalen Arzallusek eta Oskar Estangak «kantatzeko eta kantu horiek inprobisatzeko plazerari lotuta», biek azaldu duten bezala. Izan ere, biek ala biek kantuan aritzea maite dute.
Hainbat ekimen eta proiektutan inprobisazioa, musika edota dantza librea lanabes izan ostean, Estangak Arzallusen ahotsa izango du bidelagun. Formatu txikiko ikuskizuna izango da, ordu beteko iraupena izango duena eta edozein ingurura moldatzeko modukoa; kultur etxeak, elkarteak, liburutegiak edo institutuak, besteak beste, zehaztu dutenez. «Kantu ezagun askoren estrofak kopla neurrikoa dira eta doinu ezagun horien gainean kopletan, inprobisatzen, aritu».
«Euskal Herrian inprobisatzen dugu eta baditugu bertso eta kopla doinuak, baina ez gara bakarrak. Formatu horiek mundu osoan daude eta mundutik hona ekarri dugu guk ere egiten dugun zerbait», azaldu du bertsolari lapurtarrak. Horretarako bientzat ezagunak diren doinuak izango dituzte oinarri eta inprobisazioz jarriko diete letra «instrumentuekin lagunduta eta melodia eta armonia zainduz» artista nafarrak nabarmendu bezala.
Berritzeko gogo eta asmo hori 'Kantu konplizeak' ikuskizuneko arima da. Horregatik, kantuak orain batzuk badira ere ez dute aterik itxi aldaketetarako. Oraingoz saio edo emanaldia ikustera joango denak koplak entzungo ditu, «tarteka bigarren ahotsa» dutela, orain doinu batzuekin «eta aurrerago beste batzuk sar daitezke. Forma hartzen joango den saioa da».