«Bizi ditugun A eta B aldeak eta tarteko ate birakariak islatu nahi nituen»
Janus Lester taldeak 'Ez gaitzala loak hartu' diskoa aurkeztu du eta larunbatean kontzertua eskainiko du Aian
Bizitzako zuri-beltzak, baina batez ere tarteko grisak landu ditu Janus Lester taldeak bere lehen lanean. Erritmo dantzagarriak ilunagoekin nahasten ditu, nahiz eta beti dagoen aurrera egiteko nahia eta baikortasuna.
– Aurkeztu berri duzuen 'Ez gaitzala loak hartu' zuen lehen diskoa da baina hainbat kidek jada egina duzue ibilbidea musikan. Nola izan da estilo horiek batzea?
– Bide polita izan da. Taldeko musikariekin harremanetan jartzen hasi nintzenean batzuk hurbilekoak ziren, aspalditik harremana nuena, baina beste batzuk ez. Lehen taldean daude Mattin Arbelaitz (bateria), edo Julen Suarez (tronpeta) eta Andoni Arriola (tronboiarekin), azken biekin txarangan jo izan dut. Aspaldiko lagun horiekin Garazi Esnaola (Eraul, Margot, Izaro...) edo Ane Bastida (Lauroba, Hesian...) bezalako musikariak batzea izugarria izan da. Eta azken fitxaketa Javier Echarri (gitarra) izan da. Zazpi musikari gara bakoitza gure erreferentziekin, musika estilo oso ezberdinak entzun ditugunak eta horrek asko aberastu du proiektua.
– Kide bakoitzak bere ohiturak izango ditu ere abestiak sortzeko bidean, beraz.
– Abestiaren funtsa akustikoan nik idazten dut lehenik, hori ostean entsegu lokalera eramaten dut kide bakoitzak bere ekarpenak egiteko. Lehen askoz ere landuagoak eramaten nituen, baina ikusi dut lortzen dugun emaitza askoz ere hobea dela abestiak ez baditut hain itxiak eramaten. Kantak irekiagoak eramaten ditut eta saiatzen gara lehen 2-3 egunetan bakoitzari ateratzen zaion sorkuntza-ideia horiek biltzen. Ostean abestia grabatzen eta forma ematen diogu, orokorrean Garazik eta biok. Orduan iristen da estudiora joateko unea eta Eñaut Gaztañagak azken produkzio ukituarekin laguntzen digu. Abestiari pintzelkadak emanez goaz azken bertsioa lortu arte.
– Zuen lehen lana ere pintzelkada aurkeztu duzue.
– Lehenik 'Maitasuna tabu' kantua aurkeztu genuen eta hiru kontzertu jo genituen hurbilekoen erantzuna zein zen ikusteko modu bat izan zen, probatzeko eta rodatzeko. Lehen kontzertu potentea azaroaren 30ean izan zen Tabakaleran, oso berezia izan zen guretzat bidean lagundu gaituzten adiskide eta musikariak gonbidatu genituelako. Formatu aldetik ere bestelakoa izan zen, zirkularra. Talde osoarekin jo genuen, ondoren ni bakarka ere aritu nintzen, akustikan ere jo genuen... Modu polita izan zen diskoko abesti guztiak formatu elektrikoan eta akustikoan, haien gordintasunean, ikustekoa.
«Lehen landuagoak eramaten nituen lokalera, irekiagoekin eta taldekideen ekarpenekin emaitza hobea dela»
– Orotara bederatzi kantu ditu diskoak, aniztasun askorekin estiloan, gaitegian, doinuetan edo ahotsean beran. Bilatua izan da?
– Niri modu naturalean atera zait hori, kantak egunaren arabera bide batetik edo bestetik eramatea gustatzen zait, aniztasun horrekin jokatzea. Ez nuen disko planoa izatea nahi, denarekin koktelera bat egin nahi nuen Janusen zentzua mantenduz. Abesti eta letretan egunerokotasunean bizi ditugun sentimenduak islatzen saiatu naiz, A eta B aldeak eta baita tartean gehienetan dauden ate birakari horiek ere. 'Dap dap' edo 'Zurriola' bezalako abestietan ikusten da argien A aldean oinarrituak daudela, beste batzuk ilunagoak dira osabari idatzi nion 'Udazken egun hura' edo 'Anai' abestiak esaterako, B alderantz doazenak. Eta erdian 'Ez gaitzala loak harrapatu' edo 'Gazi-gozoak', nik ate birakari horietan kokatzen ditudanak.
– Kantatzeko moduan edo ahotsean ere nabari dira estilo ezberdinak, esaterako 'Orain' eta 'Ihes' abestiek jazz edo blues tokea dute.
– Lehen abestiak idazten hasi nintzenean nire buruari planteatu nion Janusen aurretik nuen metodologiatik ateratzea eta konfort zona hori uztea. Abesti hauek bihurtu zaizkit aukera bat saiatzeko esperimentatzen nire ahotsarekin eta baita konposatzerako orduan egiten nituen gauzekin. Ahots aldetik abestiak eskatzen zidan horretara modulatzen saiatu naiz. 'Dap dap' abestiaren melodiak ahots poperoa eskatzen zuen, 'Orain' abestiak duen zubiak tripa barrutik kantatzea eta 'Ihes' kantaren bukaerako falseteak modu horretan probatzea eskatzen zidan. Janus aurretik ez nintzen inoiz saiatua.
Noticia Relacionada
«Bideoklipekin jendeari atentzioa ematea eta guk gozatzea nahi genuen»
– Kontzertuetan nola islatuko dituzue alde ezberdin horiek?
– Hari dinamikoa ematen saiatzen gara. Kontzertuetan grabatuak ez dauden abestiak ere jotzen ditugu. Probatzen joan gara eta ordena eta zentzua ere aldatu ditugu. Nik uste poliki-poliki bagoazela hari egokiena aurkitzen kontzertu dinamikoena eskaintzeko. Gainera, kontzertuak berak ere denerako aukerak ematen ditu, dantzatzeko momentuak eta isilik egon eta abestia lasai entzuteko uneak ere. Intentzioa bizitzako A eta B aldeak, gorabehera emozional horiek, islatzea da kontzertuak uneak goitik eta uneak behetik izan ditzan.
– Bizitzaren isla modura?
– B aldeek ez dute zertan txarrak izan, B aldetik ateratzeak ere badu bere alde ona. Intentzioa kontzertuetan sentimendu koktelera islatzea zen eta horretan gabiltza.
– B aldeak badaude ere, orokorrean diskoak badu kutsu baikorra
– Badago liberazio asmo bat, bai. A aldekoetan begi bistakoa da, baina B aldekoetan ere liberazio edo aurrerapauso nahi bat bada. Beharbada modu inkontzientean, pandemiak sortutako behar modura. Baina bai saiatu naizela kanta ilunenetan ere bilatzen zerbait positiboa, batetik abestiari eman nahi nion indarra emateko eta bestetik ez estankatzeko B aldeak, hauek garrantzitsuak diren bezala beharrezkoa delako hauetatik ateratzeko jarrera ere. 'Ez gaitzala loak harrapatu' kasuan bezala denbora aprobetxatzeko mezua B alde horietatik ateratzekoa.
«Diskoan eta abestietan liberazio asmo bat dago, agian inkontzientea, ilunetik atera eta aurrera egitekoa»
– 'Udazken egun hura' kantuan ere teklatu eta ahotsetik indarra nabari da.
– Abesti horekin nire asmoa entzulea besarkatzen joatea zen, gordinetik abiatuz piano eta ahotsarekin poliki-poliki kasik jaten joatea. Amaiera aldera ahotsa ere falseteetaraka doa eta ez da ia entzuten, jaten doa eta gordinera itzultzen da. Balada tipiko bat da, joandako osabari egindako abesti bat aitari eta amari zuzenean hitz egiten eta ez nion toke triste bat eman nahi, aurrerapausoaren tokea eman nahi nion.
– Larunbatean Aian duzue, erritmoa hartzen zuzenekoei?
– Durangoko Azokan izan ginen eta lehen kontzertua Donostiako Dabadaban izan zen giroa bikainean. Estreinaldi bezala sekulako oparia izan zen. Ostean Azpeitiko San Agustinen, Ondarroan eta gaur Gasteizko Jimmy Jazzen joko dugu. Horrelako tokietan jotzea pasada bat da eta Olaia Intziarterekin taula elkarbanatzea oso berezia da, aspalditik laguna dudalako. Aiaz gain Iruñea eta Bilbo lotuak ditugu eta udako plangintza zehazten gabiltza ahalik eta itzuli handiena egiteko.