Ines Osinagak 'Itsasoa da bide bakarra' proiektua aurkeztu du
Musikari eta kantari arrasatearraren bakarkako lehen lana da
Ines Osinagak 'Itsasoa da bide bakarra' proiektua aurkeztu du, musikari eta kantari arrasatearrak bakarkako lehen lana. Hori bai, estudioan ez da bakarrik sartu eta kantuak sortzeko prozesuan ez dator bakarrik. Hala islatzen da proiektuaren aurrerapen kantan, 'Udaberrixan Habana' deiturikoan, Lore Argarate AKA hamaikaren laguntza izan baitu, baita Olatz Salvadorrena gitarra eta sintean.
Publicidad
Lehen single honetan Habana nola bisitatu zuen kontatzen du Osinagak ohiko duen soinu nahasketarekin, berezkoa izan duen trikitixa eta soinu elektronikoaren nahasketarekin. Bai Gose taldearen aroan zein orain bakarka hasitako ibilbidean. Azken hiletan taldearen zenbait abestiren berrinterpretazioan ere ikusi zen eroso sentitzen dela soinu organikoenak eta produkzio elektronikoenaren anbibalentzian.
Egitasmoa aurkezterakoan azaldu bezala, «bidaia luzeko» kantak dira, batzuk Habanan jaioak eta Euskal Herrian haziak. Izan ere proiektua diskoaz harago doa eta musikari eta kantari arrasatearrak «hamar emakumeren istorioen bidez Kubako kultura, historia eta gizartea» hobeto ezagutzeko aukera emango zuela aurreratu zuen. Izan ere, emakumeek garrantzi handia dute proiektuan: «Proiektuaren sortzailea, abesti berrien protagonistak eta diskoan parte hartuko duten musikariak emakumeak dira». Horretaz gain, 'Itsasoa da bide bakarra' «doluaren aitortza» dela nabarmendu du, «aldaketari gorazarre bat eta zaurgarritasunari parez pareko begirada bat».
Proiektua Joseba Jaka bekaren laguntzaz garatu du Joana Barbier, Sara Zozaya Apalategi eta Jon Eskisabel Urtuzaga epaimahaiko kideek hartutako erabakiaren ostean. Jasotako 18en artean hobetsi zuten «proiektu bizia» delako, «aldez aurretik itxita ez dagoena, sormen prozesuko unean uneko bizipenek, gertaerek eta esperientziek forma eman eta edukiz osatuko dutena».
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión