«Heldutze prozesuaren bizipenak» kantatuko ditu ostiralean Sara Azurzak Deban
Animadeba ekimenaren barnean izango da Kutxa Zurian. Sarrerak salgai dira jada 4,65 euroko prezioan
Kantu, doinu eta abestiak disko batean biltzeaz harago, Sara Azurzak (Donostia, 1997) bide berri bat ireki zuen 'Hiri Ilunen Umeak' diskoarekin, hain zuzen bera ere pertsonalki zein musikalki «garai berri batean» zela islatuz. Animazioaren munduak halako hainbat islatu izanik, albuma Animadeba ekimenaren barnean aurkezteak badu zentzua eta ez gutxi. Ostiral honetan izango da, irailak 5, gaueko 22:00etan Debako Kutxa Zurian. Sarrerak salgai dira jada 4,65 euroko prezioan.
Zortzi abestietan -Jon Agirrezabalagaren laguntzarekin ekoitzi eta sortutakoak- zehar Azurzak «heldutze prozesuaren bizipenak» ditu mintzagai, baina ez du haserre edo amorrutik, atzera begirako hori abesti lasaien bidez egin baitu. Goxotasun puntu hori, hala ere, ez da geldotasunarekin nahastu behar, donostiarrak adierazi bezala doinuek dantazgarritik badute-eta.
Lehen lanarekin soul-pop estiloan kokatu zuen haren musika eta, hein batean, aldendu da «elektronika puntu bat» txertatuz. «'Hemen berriro' bazen soul klasikoago bat, baina bazeuzkan abesti batzuk elektronika puntu bat zutenak, eta hori hartuta jarraitu dut nire bidea. Soul genero modernizatuago batetara eraman dut eta elektronika puntu batekin entzuten da, 'sinteak', bateria elektronikoak eta abar daude sartuak», azaldu zuen hedabide honi emandako elkarrizketa batean.
Ontze prozesuan, aurrekoan Amy Winehouse izan zuen bezala, Erresuma Batuko emakume bakarlariak izan ditu ispilu, besteak beste Arlo Parks edo Olivia Dean. Aldatu ez dena hizkuntza-aniztasuna da, egite prozesuan natural ateratzen baitzaio Azurzari.