Azken hilabetetan bizitakoan murgiltzeko singlea
'De amar y desandar' diskoaren lehen singlea, 'Nueve de febrero', eta birako datak jakinarazi ditu Idoiak
Hilabete luzez «isilik» ibili da Idoia, baina ez geldirik, 'De amar y desandar' izeneko diskoan murgilduta ibili baita Aramaioko abeslaria. Ostiral honetan udaberrian helduko den lan berriaren aurrerapen kantua, 'Nueve de febrero' kaleratu du eta aurkezpen birako lehen datak jakinarazi ditu. Eibar, Andoain, Donostia edo Azpeitia, besteak beste, ditu bira baitan.
«Egunerokoaren orrialdea erauzi eta ahalkerik gabe» erakusten du Idoiak lehen kanta honetan. Otsailaren 9 hartan sentitutako oroitzen du, entzulea hura bizitzera gonbidatuz. Jada entzungai den kantua piano melodia lasaitik hazten doa, aramaioarraren ahotsak ohiko indarra erakutsi arte. Aurreko lanean bezala estilo uztarketa du singleak.
Bigarren lan hau Dany Richter-en El Lado Izquierdo estudioetan grabatu du Idoiak eta Sergio Valdehita eta Carlos Sosak ekoitzia da. Artistak azaldu duenez «oroitzapenak eta bizipenak transmititzea» du helburu. 2021ean plazaratutako 'Ilun eta abar' albumeko zazpi kantuetan aurkeztu zuen estilo oso pertsonala presente da lehen single honetan. Orduko hartan erroak, folk, pop edota bossa nova uztartu zituen aramaioarrak 'Aulki jokoa', 'Munstroa' edo 'Viejo refranero' kantuetan.
Birako lehen datak
Era berean, udaberrian helduko den 'De amar y desandar' diskoa aurkezteko biraren data gehiago jakinarazi ditu Idoiak. Hala, estreinakoa Eibarren izango da apirilaren 13an Coliseo Antzokian, Andoainen maiatzaren 10ean Bastero Kulturgunean, aurrez jakinarazi bezala Donostian maiatzaren 19an Victoria Eugenia Antzokian eta bira itxiko du, oraingoz, Azpeitian irailaren 6an Soreasu Antzokian. Gipuzkoako hiriburuan eskainiko duen kontzertua hasiera batean Gure Ahotsak programaren baitan izan behar zen, baina diskoaren atzerapenak data aldaketa ekarri zuen.
'De amar y desandar' bira
-
Apirilak 13: Eibar, Coliseo Antzokia
-
Apirilak 27: Mungia.
-
Maiatzak 4: Bilbo.
-
Maiatzak 10: Andoain, Bastero Kulturgunea.
-
Maiatzak 11: Gasteiz.
-
Maiatzak 19: Donostia, Victoria Eugenia Antzokia
-
Maiatzak 25: Viniegra de Abajo
-
Irailak 6: Azpeitia, Soreasu Antzokia
Tartean ere izango da Mungian (apirilak 27), Bilbo (maiatzak 4), Gasteiz (maiatzak 11) eta n (maiatzak 25). Gainera, data zehatzik ez badu ere, birak Madril edo Londresera ere eramango du.
Sarrera guztiak jada eskuragai daude Idoiaren webgunean zein aipatutako antzokietako webguneetan.