Metrokoadroka Sormen Laborategiak irekiko du BAD dantza eta antzerki jaialdia
Urriaren 13tik 23ra egingo den jaialdian aurkeztuko du taldeak 'Zeozertan dabil baina ez dakit zertan'. Asier Zabaletaren Ertza konpainiak, berriz, 'Otempodiz' estreinatuko du
m. imaz
Lunes, 19 de septiembre 2022, 13:05
Metrokoadroka Sormen Laborategiak irekiko du urriaren 13an hasiko den BAD antzerki eta dantza garaikidearen Jaialdiaren 24. edizioa, abangoardiako arte eszenikoen propomosamenei emandako jaialdia antolatzen duen Bilboko Udalak aurreratu duenez. Hamar egunez luzatuko den jaialdia 'Zeozertan dabil baina ez dakit zertan' lanaren aurrestreinaldiarekin hasiko da, Bilboko La Fundición aretoan.
Joan den ekainean, Errenteriako Eztena jaialdian ikusi ahal izan zen 'work in progress' gisako performancea. Izan ere, Ozaetako Garaionen, Errenteriako Lekuonan eta Azpeitiako Dinamon eta Soreasun egindako egonaldietan joan ziren «familia ereduei buruzko sit-com poetiko» gisa definitu duten lana sortzen. Edurne Azkarate, Maite Aizpurua eta Javier Barandiaran egongo dira oholtza gainean; Marina Suarez eta Oier Guillan, berriz, zuzendaritza artistikoan. Bilboko aurkezpenaren ondotik, bigarren aurreestrenaldi bat egingo dute urriaren 22an Pasaian, Umore Topaketen baitan, eta estreinaldia Azpeitian izango da, azaroaren 20an.
Afrikan sortua
Asier Zabaleta dantzari eta koreografo ezkiotarrak sortutako Ertza antzerki eta dantza konpainiak ere eramango du lan berria BADera: 'Otempodiz' estreinatuko du, Espainiak Mozambiken duen enbaxadarekin elkarlanean sortutako lana. Ikuskizunarekin batera, 2021eko amaieran Afrika hego-ekialdeko herrialdean lana sortzeko prozesua jasotzen duen dokumental laburraren estreinaldia ere eskainiko du.
Egitarau osoa datozen asteetan jakinaraziko dela aurreratu duten antolatzaileek eman duten informazioaren arabera, guztira 16 konpainiak parte hartuko dute jaialdian, horietatik zazpi Euskal Herrikoak. Erabateko sei estreinaldi izango dira,, Espainia mailako bi eta erkidego mailako beste sei, «pandemiaren ondoren programazioan nazioarteko ekoizpenen kopuruak gora egingo duen edizioan».
Besteak beste, Eszenabide 2021ek saritutako Vulnera Teatro taldearen 'Lo que no se ve' eta BilbaoEszenaren 2021eko Erresidentziako Artisten beka duen Itziar Maneroren 'Memoria' lehen aldiz ikusi ahalko dira. Societat Doctor Alonso ('Contrakant'), Sandra Gómez ('Bailar al sonido'), Cris Blanco, Jorge Dutor eta Guillem Mont Le Palol ('Lo pequeño'), Aves Migratorias de Madrid ('El Águila'), Olga Cirq_Analogique ('Long Play'), Utopisistas ('I'll be back') eta Sleepwalk Collective ('Psychodrama') dira BADen izango diren beste talde batzuk.