Borrar
Las 10 noticias clave de la jornada
Margarita Nafarroakoa, Jean Clouet-en 1530 inguruko erretratuan.
Margarita Nafarroakoaren 'Heptamerona', euskararako bidean

Margarita Nafarroakoaren 'Heptamerona', euskararako bidean

XVI. mendean, zazpi eguneko itxialdian hamar lagunek kontatutako 72 istorio idatzi zituen frantsesez Joana III. Albretekoaren amak. Erreginaren hitzak laster entzungo dira euskaraz

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Sábado, 26 de junio 2021, 12:16

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Kooperatzeko gaitasuna izan omen da euskal kulturgintzak, arloren batzuetan bederen, pandemiaren astinduari nahiko ondo eutsi izanaren arrazoietako bat. Mintzola Ahozko Lantegiak eta EHUko Uda Ikastaroek elkarlanean burutu berri duten 'Pandemia garaiko kulturgintza: egoera eta erronkak' ikastaroak utzi dituen gogoeta ugarietako bat horixe da, alegia.

Bada elkarlanari esker etengabe hazten doan Booktegi sareko literatura-guneak kooperazioan oinarrituta abiarazi du asmo handiko proiektu bat: Margarita Nafarroakoak XVI. mendean idatzi zuen 'L'Heptaméron' euskarara ekartzea, 'Heptamerona. Nafarroako erreginaren liburua' izenburuarekin.

Frantses literaturako obra nagusien artean dago 'L'Heptaméron', eta hizkuntza askotara itzuli da. Joanes Leizarragari Itun Berriaren euskarazko itzulpena agindu zion Joana Nafarroakoaren amaren lanik ezagunena, ordea, ez da oraindik euskarara heldu. Bidean da, baina, eta urratsak egiten jarraitzeko crowfunding kanpaina abiarazi dute Itsulapikoa plataforman Booktegik eta bidaide duen Nafar Atenekoak.

Zortzi liburuki, zortzi urte

Nafarroako Margaritaren 'Heptamerona' euskaratzeko asmoa iazko itxialdian sortu zen, Bocaccioren 'Dekameron' osoari heltzea gehiegizko ahalegina izango zela ebatzi ostean. Orain arteko itzulpen denak bezala –Gabriel Arestik ehundik hamabost itzuli zituen 1979an, Matias Mujikak hamar 2011an– partziala izan zen iaz Booktegik argitaratu zuen 'Masetto Lamporecchiokoa', 'Dekameron'-aren beste hiru ipuin ekarri zituen lana, Mujikaren beraren itzulpenarekin eta Zabaletaren hitzaurrearekin.

«Josu Zabaletak asmoa zeukan 'Dekamerona' euskaratzekoa, baina Fito Rodriguezek esan zuen ea zergatik ez genuen itzultzen 'Heptamerona', inoiz euskaratu ez dena», gogoratzen du Booktegi-ko arduradun Aritz Brantonek.

«Jatorrizko liburuak dituen 72 kontakizunak zortzi tomotan banatuko dira, eta zortzi itzultzaile-tandem ariko dira horiek euskaratzen»

«Idatzi zen garairako oso aurrerakoia da, batez ere emakumearen jabetzeari eta errepresentazioari dagokionez»

Esan eta egiten hasi, arnasa luzeko proiektua abiarazi zuten. «Jatorrizko liburuak dituen 72 kontakizunak zortzi tomotan banatuko dira, eta zortzi itzultzaile-tandem ariko dira horiek euskaratzen. EIZIEk laguntza emango digu itzultzaileei dagokienez. Talde-lana izango da», dio Brantonek.

Hamaisei itzultzaileren esku-hartzea izango duen lanaren euskararen aldetiko ezaugarriak finkatzean, bi irizpide izan dituzte kontuan: «Euskara batura itzuliko da, Euskal Herriko irakurle guztiek arazorik gabe uler dezaten, baina nork bere batua erabiliko du, bere ukitua emango dio».

Aurreneko tomoa –gainerakoak bezala, idatzi zen garaiko frantsesetik euskarara ekarria– ia eginda dago: «Fito Rodriguezek eta Xabier Artolak itzuli dute, eta Josu Zabaleta izan da zuzentzailea. Hemendik gutxira hasiko dira bigarrenarekin. Asmoa da urtero liburu bat itzultzea, eta Booktegin argitaratzeaz gain jendaurrean aurkeztea, irakurraldi batean».

Lehenengo irakurraldiak badu data: urriaren 2an egingo da, Iruñeko Kondestablen. Aritz Brantonek aurreratu duen moduan, ez da ahalegin txikia izango: «Zortzi orduko irakurraldia izango da. Ia boluntario asko ditugu, batez ere ekitaldia antolatzen laguntzen ari den Nafar Ateneokoak».

Itsulapikoa plataforman proiektua bultzatzeko ekarpena egitean ere badago irakurraldian parte hartzeko izena emateko aukera. Ekitaldira gerturatzeko modurik ez dutenek ere entzungo dituzte Margaritaren istorioak, grabatu egingo baita ekitaldia, nahieran ikusi eta entzuteko.

«Aurreneko tomoa ia gasturik gabe atera dugu, baina laguntza behar dugu jarraitzeko», dio Aritz Brantonek. «Itzultzaileak, grabaketak, horiek sareratu ahal izateko prestatzeak... Ia denak du kostua», une honetan 4.000 (gutxienekoa) eta 6.000 (optimoa) euro artean finkatu dutena. Proiektuari bultzada emateko bide zuzenena, esan bezala, Itsulapikoa Euskal Herriko crowfunding plataforma da. 10 eurotik aurrerako ekarpenak egin daitezke.

Liburu ausarta

Frantziako figura historiko handietako bat da Valois-Angulemako Margarita, egun Akitania Berrian kokatuta dagoen hiri horretan (Angoulême frantsesez, Engoleime okzitanieraz) jaioa, 1492an. Frantzisko I.a Frantziako erregearen arreba, aurreneko ezkontzak Alençoneko dukesa bilakatu zuen 1509an. Bigarrenak, berriz, Nafarroako erregina ezkontide, Henrike II.a Albretekoarekin ezkondu baitzen 1527an. Hurrengo urtean jaioko zen Joana, 1555tik 1572ra Nafarroako Erregina izango zena.

Ordurako hila zen Margarita, 1549an zendua, hamaika literatura lan argitaratuta eta Errenazimentuko idazle finenetakoa bilakatuta. Literaturaren historiarako utzi zuen lan nagusiak –amaitu gabe utzi ere–, hil eta hamar urtera izan zuen lehen edizio eztabaidatua. Harrezkeroztik askotan berrargitaratu da, frantsesez zein beste hizkuntza batzuetan, gaztelaniaz barne.

Frantsesezko eta gaztelanoiazko garao desnerdxinetakpo
Frantsesezko eta gaztelanoiazko garao desnerdxinetakpo

Badaude bi elementu deigarri hemen ondoan ikus daitezkeen azaletan: batetik, egilearen izenaren hautaketa, hizkuntzaren arabera diferentzia oso adierazgarria duena; bestetik, azaletako irudiek iradokitzen dutena.

Maitasun kontuak badaude, jakina, Biarnoako Cauterets-en konfinatuta zazpi egun kontu kontari igarotzen dituzten hamar pertsonen -bost gizonezko eta bos emakume- ahotan jartzen dituen 72 istorioetan. Hain zuzen ere, bi mende lehenago argitaratutako Dekameronen bidea jarraitu zuen Heptamerona, izen hori hartu aurretik, zortzi eguneko istorioen bilketa izatekoa zen, baina lana amaitu gabe hil zen Margarita Nafarroakoa.

Goiko aldean ikus daitezkeen azal horiek irudikatzen dutena baino askoz harago, eta sakonago, doaz idazleak kontalarien ahotan jarri zituen istorio eta gogoetak. Honakoa dio Aritz Brantonek: «Nabarmenduko nuke garairako izan zuen jarrera aurrerakoia, batez ere emakumearen jabetzeari eta errepresentazioari dagokionez. Horrez gain, literatura bizi-bizia da», dio Brantonek. Idatzi eta 500 urtera «plazer handiz irakurtzen den liburua».

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios