56. Durangoko Azoka

Liburu artean, heretikoak eta bonbak

Buelta bat emango al dugu Durangon barna? Akordatuko al gara Joseba Sarrionandiaz?

Begoña del Teso

San Sebastián

Domingo, 5 de diciembre 2021, 12:42

Durangora gara joatekoak. Edo hantxe gaude dagoeneko. Birusak eta Omicron izeneko bere anaia (arreba, akaso?) txikiak hala aginduta, liburuz blai, diskoz gainezka, datorren urteko egutegiz eta agendaz mukuru diren lur miresgarrietan sartzeko gure txanda itxaron behar dugula aspalditik dakigunez, buelta bat emango al dugu Durangon barna?

Publicidad

Tabernaz taberna, dendaz denda, historiaz istorio, misterioz misterio, zinematokiz frontoi… Bilduko al gara heretikoekin? Akordatuko al gara Joseba Sarrionandiaz? Paseoan ibiliko al gara Altzoko Handia antzeztu zuen Eneko Sagardoy behin baino gehiagotan pausatu den lekuetatik? Mariñela izan eta gero, Bizkaiko langileriaren egoera latzaz ohartu ostean,sozialista bilakatu, Itun Zaharreko Jainko basa baztertu, Jesukristo barneratu, apaizak gorrotatu eta Madrilen 'Gazte Sozalistak' mugimendua sortu zuen Tomas Meaberen arrastoak bilatuko al ditugu? Sartuko al gara Durangoko museoan, Sarrionandiak eta Ander Berrojabilz musikariak sortutako 'Herejeen alaba' liburuxka (artefaktu) ederra eskuan, mp3n edo poltsikoan dugula?

Emango al dugu bueltatxo bat lasai asko, 'Kristalezko bihotza' ipuin tristatuaren zatiak gure baitan esaten ditugun bitartean?

Kontakizun horretan, XV. mendean hemen bertan eta inguruetan izan ziren kristau adoretsu batzuen berri ematen digu 'Izuen gordelekuetan barrena' lanaren idazleak.

Haien esanetan, haien errezoetan, haien hausnarketetan eta bizi-jarreretan argi zuten erlijioak barruko sentimendu bat, barruko aktitude-joera bat behar duela izan. Garai haietan, erlijiositatea kanpo aldera begira bizitzen zen. Prozesioetan eta hots handiko zeremonietan burutzen zen kontu bat. Heretikotzat jota izango ziren horien pentsamenduan, Ebanjelioak balore muturreko bat ematen zion pobreziari. Beraz, Durangoko horiek errefus egiten zioten Elizak plazan erakutsitako soberako luxu gaindosi hari.

Jakitun eta aditu ororen arabera, Durangoko jende hori gero Luterok martxan jarriko lukeen protestantismoaren aitzindariak izan ziren. Matxinada bat prestatzen ari zirela, Inkisizioa agertu zen Durangon. Batzuk lortu zuten ihes egitea. 13, berriz, sutean bukatu ziren….

Publicidad

Herejeak eta… bonbak. Gernikako bonbardaketaz nor ez da akordatzen apirileko 26 guztietan? Baina lehenago bota zituzten bonbak Euskal Herrian faxistek. 1937ko martxoak 31 egun zituela, Mussolinik Franco laguntzeko bidalitako Aireko Legioak 80 lehergailu bota zuen Durangon, Logroñotik etorritako 14 ehiza-hegazkin nazik babesturik. 250 lagun hil ziren eta eraikuntza hamaika birrindurik geratu. Uztailean, Montejurrako Terztzioa hirian sartu zen. Bonbardaketan erabilitako krudelkeriak ez zion Francori batere kezkatu; «Gizakien erredentzioa dut nik helburu. Lurrak konkistatzea bitartekoa baino ez da».

Herejeak, bonbardaketan hildakoen oroimena eta, eta… gaur egungo alegrantziak. Duela urte dezente, Plateruena Kafe Antzoki mitikoan egin zen  'Euskal Greatest Hits Gaua' bilera burrunbatsua, Nork antolatua? Inguruetan zarata fina sortzen duten guztientzako aterpe den  Durangaldeko Musika Taldeen Elkartea. Non erosten dituzte musika tresna musikari horiek guztiak? Ba Kalebarriko Musikarians dendan.

Publicidad

Eta zinema, non ikusten dira pelikulak? Kondairaz beteriko beste leku batean, Gran Cinema Zugazan, Ulibarri kalean den saloi horretan egunotan 'Bolante baten Historia' eta 'Cazafantasmas' berria daude ikusgai. Igoal, segun eta noizko dugun erreserba hartuta Azokan, emanaldi batean sar gaitezke… Zuek ikusi.

Igandeko partez, ofizialki lan eguna den asteartean joango bagina, tarte majo bat emango genuke erosketak egiten. Gozogintzan dira primerakoak durangarrak: hona hemen izen batzuk: Gozatu, Jauregui, La Exquisita, Madalena… Bertoko edo inguruko produktuak dastatu nahi? Jo ezazu Euskotzarak izeneko dendara. Bertan, Ana de la Mazak Garai herrian egindako kontserbak, zukuak eta Aitor Urienek sortutako adi gazta eta gazta-oliotan ere dituzte salgai. Ez ahaztu Amorebieta-Etxanoko Garikotz Llonak elaboratzen duen eztia… Bo, joan gaitezen, poltsak beteta, diru-zorroa hustua, zerbait hartzera Azoka tabernan edota Urkoren ardandegian.

Publicidad

Seguru dagoeneko egokituko zaigula Liburu Azokan sartzea. A, ez tronpatu Durangoz. Bizkaikoan egon beharko zenukete oraingo honetan. Ez Mexikokoan, ez Colorado Estatukoan. Ez Hondurasekoan…

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad