«Bakoitzak gure buruarekin daukagun elkarrizketarik intimoena izan daiteke heriotzari buruzkoa»
Uxue Alberdik 'Hili' (Elkar) liburu-ilustratua aurkeztu du, haur baten ahotsean «hiltzeaz» jarduten den lana
Heriotzaren aurrean beste tresna bat izateko, baina ez doluari aurre egiteko lagungarri bezala. Hiltzeaz dihardun liburua eta irribarre batekin amaitzen dena. Kontraesana badirudite ere, lau esaldi horiek dira Uxue Alberdik eta Araiz Mesanza ilustratzaileak sortutako 'Hili' (Elkar) lana definitzeko baliagarriak dira, heriotza hizpide duen liburu-ilustratua.
Publicidad
Donostian egindako agerraldian maiz errepikatu dute esaldi berdina bi egileek zein Antxine Mendizabal editoreak: «Bizirik gaudelako pentsatzen dugu hiltzeaz». Eta ez da ausaz esandakoa, «Adin batetik aurrera, hil egingo garela ulertzen dugu, ulertzen saiatzen gara» baita proiektuaren abiapuntuko hausnarketa.
Testuak idazterakoan eta paperera eramaterakoan haurrengan pentsatu badu ere Alberdik, ekarpena harago doa «heriotzari buruzko galdera-erantzunak ez direlako inoiz erabakita geratzen». Heriotzaren aurrean beste tresna eta ikuspegi batzuk ematen ditu haurraren ahotsaren bitartez, hainbat baitira hari «begiratzeko moduak: aurrez aurre, zeharka, hankaz gora, buruz behera edo ahal dugun bezala», azpimarratu du Mendizabalek.
Txikitako zalantzak oso presente
Oso presente ditu oraindik txikitako zalantza eta galderak Alberdik, ohean heriotzari buruz pentsatzen egoten zen gau horietan. «'Hiltzea ez egotea da' puntura heltzen nintzen eta saiatzen nintzen ez egote hori imajinatzen eta horrek sekulako antsietatea sortzen zidan. Pentsatu ezin den zerbaitek beldur handia sortzen zidan». Hori dela-eta, liburuaren irakurketa «isilka» egitekoa dela iruditzen zaio egileari. «Bakoitzak gure buruarekin daukagun elkarrizketarik intimoena izan daiteke heriotzari buruzkoa»
Testu eta esaldiak haur baten ahotik edo burutik eginak eta sortuak dira, «burutazio edo ateraldiak. Ahots horrek ikusketa berezia du: inozentzia, harridura, umorea, jakin-mina, irudimena...». Eta umorea, editoreak nabarmendu bezala. «Ez du barrerik sortzen, baina esaldi bihurrien bitartez umoreak presentzia handia du».
Publicidad
«'Hiltzea ez egotea da' puntura heltzen nintzen eta saiatzen nintzen ez egote hori imajinatzen eta horrek sekulako antsietatea sortzen zidan»
Uxue Alberdi
Liburua egiteko prozedura su motelekoa izan da. Alberdik azaldu duenez lau urtez artxibo batean bildu ditu heriotzari buruzko galderak: berak txikitan egindakoak, seme-alabek botatakoak, lagunek izandakoak edo euren seme-alabek plazaratutakoak, besteak beste. Hauek landu ostean ideiarekin joan zen Elkar argitaletxera. «Esaldi zerrenda batekin azaldu zen eta irakurri genituenean heriotzaz hitz egiten zutela iruditzen zitzaigun. Irudipena besterik ez zen izan, segituan argitu baitzigun ez zela heriotzari buruzko liburu bat, hiltzeari buruz baizik. Ez zela doluari buruzko lan bat, dolua bizitzeko, pentsatzeko edo arintzeko liburua», kontatu du Mendizabalek.
Hortik aurrera hasi zen idazle-editorial-ilustratzaile elkarlana. «Araiz Mesanza aspalditik genuen begiz jota eta elkarrizketa dezenteren bidez hiltzea zer zen aztertu eta jorratu dugu». Hiruek argi zuten ez zutela liburu tristea egin nahi, «bizia eta argia, arina» izan behar zela. Hori bai, margokera, koloreen erabilera edo estiloa ez dira berdinak izan ibilbide osoan. «Asko aldatu da hasieratik bukaera arte». Horretarako funtsezkoa izan dira mantendutako elkarrizketak. «Biderik gabeko bidaia irudikatu behar genuela aipatu genuen». Lehenik kolore asko zituen, paisaia mordoarekin. Azken emaitza, ordea, zuri-beltzez egitea erabaki da eta testu eta ilustrazioen uztarketa oso modu soilean egin da. «Konturatu ginen beste hizkuntza bat hobe zela nahi genuenerako».
Publicidad
Hasieratik argi egon dena pertsonaia nagusiaren izaera izan da. «Boteretsua eta indartsua, baina aldi berean lasaia».
Mesanzarentzat lehen ikusikoan begi-bistakoa zen liburua berezia zela eta proiektua eskuetan izan bezain pronto txikitako oroitzapen mordoa piztu zitzaizkion. «Heriotzari buruz bueltaka nenbilen ohean eta beldurtuta gurasoengana joaten nintzen». Imajinazio eta jakin-min hori islatzea ziren pertsonaia sortzerakoan ilustratzaileak kontuan izan behar zituen gakoetako bi. Gainera, Alberdik zehaztu bezala, haur baten ahotsetik kontatua badago ere, 'Hili' laneko protagonistak ez du une oro adin berdina. «Galdera batzuk helduok barnean dugun haurrarenak dira», gehitu du egileak.
Publicidad
Ildo horretan, testuak modu ezberdinean aurkeztea gain, panpinaren papera ere funtsezkoa da liburua zehar. Alberdiren aburuz «mugimendua eta konpainia ematen dio» protagonistari, horixe baita «hiltzearen ideiaren beldurgarriena: bakarrik aurre egin behar izatea».
«Hiltzearen ideiaren beldurgarriena bakarrik aurre egin behar izatea da»
Uxue Alberdi
Mendizabalek adierazi duenez Elkar argitaletxearentzat «zorioneko eguna» da 'Hili' liburua kaleratzeagatik. «Liburu berezia da bat baino gehiago harrituko duelako, harriduratik eginda baitago».
Publicidad
Uxue Alberdi bertsolari eta idazleak urteak daramatza literatur munduan murgilduta eta ibilbide horretan hainbat lan argitaratu ditu, besteak beste: Aulki bat elurretan (2007), Euli-giro ipuin bilduma (2013) edo Jenisjoplin (2017). Horretaz gain bi Euskadi Sari jaso ditu, 2016an 'Besarkada' lanarekin Haur eta Gazte Literaturakoa eta 2017an saiakerakoa 'Kontrako eztarritik' liburutik. Bestetik, Ariz Mesanza ilustraitzaileak UPV/EHUn Arte Ederrak ikasi ostean 2009tik ilustratzailea da. 2011an Ediciones Armadillo sortu zuen, autoediziora bideratuta dagoen artista kolektiboa eta 2016tik Oslo-n (Norvegia).
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión