Angel Errok urriaren 26an aurkeztu zuen Donostian Ereinek argitaratu duen liburua. e.a.

«Saiatu naiz irakurlearen eta testuaren artean zailtasun gehigarririk ez jartzen»

Azken 17 urteetan idatzi ez dituen «liburu posible horien aztarnak» bildu ditu Angel Errok 'Poema liburu bat -irakurtzeko jarraibideak-' poemarioan

nerea azurmendi

Miércoles, 2 de noviembre 2022, 17:37

Angel Erroren (Burlata, 1978) 'Poema liburu bat -irakurtzeko jarraibideak-' lanak Blas de Otero-Angela Figuera poesia saria irabazi zuenean, epaimahaiak nabarmendu zuen haren «tonu ironiko eta lasaia», «bizipoza transmititzen duena». Ereinek argitaratu duen liburuaren aurkezpenean, idazle eta itzultzaile nafarrak, tonu ironiko eta lasaiean, esan zuen izenburu bikoitz, luze eta «tranpati» hori jarri ziola ausardia handia iruditu zitzaiolako 'Poema liburu bat' soila, baina ez dela inondik ere poema liburu bat irakurtzeko jarraibidea. Zer den ere ez zuen ageri-agerian jarri, irakurleentzat gorde dituelako «liburuaren barruko jokoak eta edukiak».

Publicidad

Hala ere, uste du «maitasunari buruzkoa dela, hitz horren azpian txertatzen direla poema hauek», amodioa zentzurik zabalenean ulertzen bada behintzat: «Pertsona batekikoa, hizkuntza batetikoa, herri batetikoa, poesia berarekikoa...». Iritzi bereko azaldu zen Uxue Razkin editorea. Haren aburuz, «maitasuna da gai nagusia, familia, amaren figura, hiria, egunerokotasuna..., egunerokotasunean ere badagoelako poesia».

«Naufragioen bilketa»

Zutabegile gisa irakurleekiko harremanari eutsi badio ere, luzaz izan ditu poesia liburu baten zain, mendeko lehen bosturtekoan bi ekarri ondoren –'Eta harkadian ni' (2002, Elkar) eta 'Gorputzeko humoreak' (2005, Alberdania)– libururik argitaratu gabe baitzegoen 2019an eguneroko moduko 'Lerro etena (2004-2018)' (Elkar) heldu zen arte. Beste hiru urte behar izan dira poesiakoa iristeko.

Hamazazpi urte horietan argitaratatu gabeko poema liburuak 'Poema liburu bat' honetan daude. «2005etik hona ideiak eta proiektuak izan ditut. Ez dute aurrera egin, behar bada momentua ez zelako, edo hirugarren liburu batek eskatzen duelako esfortzu berezi bat, baina liburu posible horien aztarnak gelditzen joan dira. Neurri batean, hemen berreskuratu eta bildu ditut».

'Poema liburu bat' ez da ordea haien jarraipena. «Egitura sendokoak ziren» haiek. «Liburu proiektu bat baino gehiagoren porroten edo naufragioen bilketa» den hau, aldiz, «bestelakoa da. Ez da nahita bestelakoa, bestelakoa da berez». Genesian ditu, alegia, bestelakotasuna eta zurruntasunetik urruntzeko joera.

Publicidad

Kritikariei gehiago gustatzen omen zaizkie «ideia garbi batean fokalizatuta dauden lanak», baina Errori atera zaio «irakurtzea gustatzen zaidan poema liburu bat, eta pozik nago, nahiz eta kaotikoagoa atera». Bere zaletasunak ez ezik, irakurlea ere oso presente izan du, eta saiatu da «testuaren eta irakurlearen artean zailtasun gehigarririk ez jartzen». Hartara, atera zaio izenburutik umorea eta poesia bateragarriak direla erakusten duen liburua, Uxue Razkinen arabera «guztiengana iristeko gogoz» idatzia.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad