Markos Zapiain, 'Txillardegi hizkuntzalari' saiakera eskuan duela. Igor Martin

Markos Zapiain

'Txillardegi hizkuntzalari'
«Saiakerak zubi-lana egiten badu oso pozgarria litzaidake»

Batxilergoko ikasleentzat materiala sortzea izan zen 'Txillardegi hizkuntzalari' lanaren ernamuina eta orain pizgarri izatea nahi du Markos Zapiainek

Jon Agirre

Gasteiz

Lunes, 13 de octubre 2025, 18:44

Eskertuta bezain umil jaso du Markos Zapiainek Euskadi Saria 'Txillardegi hizkuntzalari' (Elkar) saiakeragatik. Eta ez da pose bat, hainbatetan azpimarratu bezala pentsalariak esan edo idatzitakoak «bilatzera, bereiztera, antolatzera eta nire moduan azaltzera» mugatu baita. Hala, saririk onena liburuak «zubi-lana» egitea litzatekeela dio, honek irakurlea beste lanak irakurtzera bultzatzea. Aholku bezala proposatzen ditu 'Kronikak' (Susa, 2021), 'Euskal Herria helburu' (Txalaparta, 1994) edo 'Hitza hitz' (Elkar, 2012).

Publicidad

– Txillardegi maiz aipatzen da, figura ezagun eta polemiko modura, baina saiakera irakurrita ezezagun ere egiten da.

– Niri ere hori gertatu zait. Figura publikoa ezagutzen nuen, euskara batuaren, politikoa, etab. Liburua idatzi ahala ohartu naiz biologiarekin oso interesatua zegoela; Jacques L. Monod-en 'Zoria eta beharrizana', François Jacob-en 'Biziaren logika' edo Lacan eta Lévi-Strauss oso irakurriak zituela. Txillardegik hizkuntzari buruz zuen ideia orokor eta zabal, ez soilik giza mintzaira. Bizitza ere idatzita zegoela lehen molekularen kode genetikoan, ostean belaunaldiz belaunaldi errepikatu duguna. Hizkuntzak gizakia goitik behera zeharkatzen duela, bai inkontzientea, bizitza, komunikazioa gizartean, mitoak...

– Egunerokotik aparte dauden gaiak dira, pedagogia lan handia izango zen.

– Txillardegik liburu oso irakurterrazak eta atseginak ditu. Horregatik uste dut saiakerak zubi-lana egiten badu eta 'Kronikak' (Susa, 2021), 'Euskal Herria helburu' (Txalaparta, 1994) edo 'Hitza hitz' (Elkar, 2012) irakurtzera animatzen badu oso pozgarria litzaidake. Batxilergoko ikasle batek irakurtzeko moduan idazten saiatu naiz.

– Hari hori izan zen, nolabait, ernamuin.

– Bai. Txilardegiren 'Hizkuntzaren filosofia' lehen aldiz sartu zuten bigarren mailaren programazio ofizialean eta ez zen materialik. Horri tiraka sortu da liburua.

– Egilearen filosofiarekin oso bat dator haritik tiraka jardutearena. Autoreari buruzko lan bat haren metodologiarekin ontzea polita da.

– Bai. Nire buruari baimena eman diot hori bera egiten zuelako. Berak ez zuen zehazki aztertu fonemaren eta intzestuaren debekuaren arteko harremana, baina soinu naturalaren eta zentzu kulturalaren arteko harremana nola ikusten zuen azaltzeko egokia da.

Publicidad

– Hainbat urte igarota, orduko zenbait eztabaida oso presente daude egun. Bisionarioa izan zen ala euskaldunok ataskatuta gaude gizarte bezala?

– Nahiko bisionarioa zen. Batzuetan hil eta gero bete dira berak igarritakoak. Garai hartan ETAren barnean abertzaleen eta marxisten artean zeuden eztabaidak edo hizkuntzalaritzan erlatibisten eta unibertsalisten artekoak, edo antropologian Lévi-Straussen estrukturalismoaren eta aurreko funtzionalismoen artekoak. Horiek oso ondo azaltzen ditu eta egun errepikatzen dira hitzez hitz. GKSren eta Ernairen arteko eztabaidetan adibidez. Bitxia da. Ziurrenik ataskatuta gaude, ematen du gauzak luzatzea gustatzen zaigula. Berak iradoki zuen AAren aukera.

Publicidad

– «Ez da Txillardegiren inguruan kaleratu diren obren artean bat gehiago», dio epaimahaiak. Egile bezala ez da gutxi.

– Liburu bakoitzak bere ezaugarri berezia du. Epaimahaikide batzuen liburu franko ezagutzen dut eta aitortza hori oso pozgarria da.

– 2024ko uztan aipatzen zen maila handiko saiakera asko zegoela. Zure buruari meritu puntu bat kendu diozu hitzartzean.

– Beharbada bai. Ordu pilo bat sartu dut, hori egia da, bibliografiak erakutsi bezala. Baina esan duda egia da, ideia ia guztiak Txillardegirenak dira. Ni mugatu naiz bilatzera, bereiztera, antolatzera eta nire moduan azaltzera bere hitzak erabiliz. Ez da superumila naizelako, datu objektiboa da.

Publicidad

– Txillardegi ezagutarazteko eta aitortzeko gehiago egin beharko zen? Hainbeste gai ukituta...

– Zaila da. Udal Liburutegiak izena duela ikusiko balu jendeak agian interesa piztuko litzaioke, ez dakit.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad