Ramon Saizarbitoria 'Martutene' aurkeztu zuenean egindako artxiboko argazkian. lusa

Ramon Saizarbitoriaren 'Martutene' irakurriko dute Klasikoen Irakurraldi Jarraituan

Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatzen duen ekimenaren 15. edizioa ekainaren 8an egingo da, Arriaga antzokian

Jueves, 2 de junio 2022, 18:05

Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatzen duen Klasikoen Irakurraldi Jarraituaren 15. edizioa egingo da ekainaren 8an, Arriaga antzokian, eta Ramon Saizarbitoriaren 'Martutene' eleberria izango du protagonista. Ekimena 08:00etatik 14:00etara egingo da, eta azken bi edizioetan gertatu bezala, aurten ere oraindik formatu murriztua izango du, pandemiaren gorabeherak direla eta.

Publicidad

Idazle donostiarrak 2012an kaleratu zuen 'Martutene'. Bi bikoteren harremanak kontatzen ditu, atzerritar neska gazte bat tarteko, eta Donostiako Martutene auzoan kokatuta dago. Hainbat arlo jorratzen ditu Saizarbaitoriak eleberri honetan: idazlearen lana, medikuntza eta Euskal Herriko gatazka, besteak beste. Euskadi Literatura Saria jaso zuen eta kritiko zenbaiten arabera, euskal literaturaren azken aroetako eleberri onena da.

Antolatzaileek azaldu dutenez, 'Martutene' 1989tik 2012ra arteko aroari amaiera ematen dion eleberria da. «Agortezina da, eta aukera ematen digu euskal mundua definitzen duten diskurtso gehienak interpretatzeko: antropologikoa, soziologikoa, euskalkietakoa eta herri txikietakoa, politikoa, bortizkeriarena, gastronomikoa, artistikoa, musikakoa eta abar», gaineratu dute.

Lehenengo lerroak, berak

Ramon Saizarbitoriak berak irakurriko ditu eleberriaren lehenengo lerroak Arriaga antzokian, 08:00etan, ekimenari hasiera emanez, eta ondoren, beste 200 bat pertsonak hartuko dute parte etenik gabeko irakurketan. Ohikoa denez, euskal gizartearen esparru guztietako ordezkariek irakurriko dituzte pasarteak jendaurrean, hala nola herri erakundeetakoak, elkartekideek, kultur eta gizarte eragileek, ikasle eta irakasleek.

Gainera, aurten Bilboko institutuetako ikasleek ere parte hartuko dute, eta gazte bakoitzak bi minutu inguruko pasarte bat irakurriko du. Zehazki, ikasleek euskarri digitalean grabatuko dituzte pasarteak eta gero horiek erabiliko dira irakurketa osatzeko. Modu birtualean ere sartuko dira euskal diasporako kideak, 50 euskal etxeren bitartez.

Publicidad

Arriagako plazan pantaila erraldoi bat jarriko da eta bertatik jarraitu ahal izango da zuzenean irakurraldi jarraitua, baita EITBren webgunetik ere. Bestalde, Zazpikale eta Abandoko metro geltokietan aurreko edizioetako argazki eta kartelez osatutako erakusketa izango da ikusgai egunotan.

Aurreko urteetan, Axularren 'Gero', Mogelen 'Peru Abarca', Jon Miranderen 'Haur besoetakoa', Saizarbitoriaren 'Hamaika pauso', Arantxa Urretabizkaiaren 'Zergatik panpox', Bernardo Atxagaren 'Obabakoak', Gabriel Arestiren 'Harri eta herri', Sarrionandiaren 'Narrazioa Guztiak', Franz Kafkaren 'Metamorfosia', Itxaro Bordaren '%100 Basque', Txomin Agirreren 'Kresala', Anjel Lertxundiren 'Otto Pette', Mariasun Landaren 'Ipuinak' eta Bernat Etxepareren 'Linguae Vasconum Primitiae' irakurri dira ekimenean.

Publicidad

Bestalde, irakurraldi jarraitua baliatuta, Bilbo Zaharra euskaltegiak hitzaldi sorta bat antolatu du 'Martutene' eleberriaren inguruan. Otsailean egin zen lehenengo txanda, eta datozen egunetan beste bi eskainiko dira.

Zehazki, datorren astelehenean, ekainaren 6an, Pilar Kaltzadak, Joseba Sarrionandiak eta Aingeru Epaltzak hartuko dute parte, eta biharamunean, ekainaren 7an, Laura Mintegi eta Ur Apalategi arituko dira. Solasaldiak Euskaltzaindiaren egoitzan izango dira, Plaza Barrian, 19:00etan.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad