Apostolos Doxiadis.

'Osaba Petros eta Goldbachen aierua' plazaratu du Denonartean argitaletxeak

Matematikak bizitzaz eta harremanez hitz egiteko baliatu zituen Apostolos Doxiadis idazle greziarrak argitaratu zenetik sekulako arrakasta izan duen eleberrian

n. azurmendi

Jueves, 28 de abril 2022, 15:14

1742an, Christian Goldbach matematikari prusiarrak esan zuen bi baino handiagoa den zenbaki bikoiti oro bi zenbaki lehenen arteko batuteka bezala idatz daitekeela. Adiskide zuen beste matematikari handi bati, Leonhard Euler suitzarrari, igorritako eskutitz batean proposatu zuen gainditu gabe jarraitzen duen erronka, Matematiken arloko ezagunenetakoa.

Publicidad

280 urteren buruan, alegia, inork ez du ezeztatu Goldbachen uste edo aierua izenaz ezagutzen dena. Ezta frogatu ere, denak konbentzitzeko moduan bederen, nahiz eta batek baino gehiagok aldarrikatu duen balentria.

Matematikarien mundutik kanpo ere ospe handia du, Denonartean argitaletxeak euskaraz argitaratu berri duen Apostolos Doxiadis idazle greziarraren 'Osaba Petros eta Goldbachen aierua' nobelari esker batik bat. 1953an Australiako Brisbane hirian jaiotako Doxiadis matematikari goiztiarra izan zen. 15 urte baino ez zituen New Yorkeko Columbia Unibertsitatean Matematika ikasle gisa hartu zutenean. Parisen jarraitu zituen ikasketak, baina bizitzak literaturaren eta zinemaren bidetik eraman du gerora.

1992an grezieraz argitaratu zuen orain euskarara iritsi den nobela. Handik urte batzuetara berrikusi egin zuen, eta ingelesez argitaratu. Ingelesezko edizioaz arduratu ziren bi argitaletxe handiek (Bloomsbury Estatu Batuetan eta Faber and Faber Erresuma Batuan) milioi bat dolar eskaini zizkioten liburua argitaratu eta hurrengo bi urteetan Goldbachen aierua frogatzea lortuko zuenari. Gehiago eskaintzea ere bazuten, ez baitzen saria ordaindu beharrik izan. Harrezkeroztik 40 hizkuntzatara eraman da matematikaz aritzeaz gain matematikak bizitzaz eta harremanez gogoetatzeko baliatzen dituen nobela.

Geroztik literatura, zinema, antzerkia eta itzulpengintza jorratu ditu Doxiadisek. 'Terirem' filmarekin Nazioarteko Zinema Artistikoaren saria (CICAE) irabazi zuen 1988ko Berlingo Zinema Jaialdian. Bost eleberri argitaratu ditu, haien artean 'Logicomix' nobela grafikoa 2009an.

Publicidad

Petrosen sekretua

Petros Papachristos eleberriaren protagonista nagusietako bat -bestea bere iliba da- mundutik isolatuta bizi da Atenasko aldirietan. Ez da ia inorekin harremantzen, eta harekin tratua duten pertsona urriek ezer gutxi dakite gizon zahar eta zenbaitentzat burutik eginda dagoen haren iraganari buruz. Xakea eta loretzaintza dira, itxuraz, bere pasio bakarrak.

Halako batean, baina, iloba bat bat hasiko da osabaren bizitzan arakatzen, eta deskubrituko du lehen mailako matematikaria izan zela, Municheko Unibertsitatean inoiz izandako irakaslerik gazteena. Eta dena alboratu zuela «ia hiru mendetan ebatzi gabeko problema bati ekiteko, bizitza osoa emanez Goldbaceh aierua argitzen saiatzeari».

Publicidad

Denonartean argitaletxeak zabaldu duen oharrean nabarmentzen denez, «bilaketa horrek XX. mendeko matematikari handienekin jarri zuen harremanetan Petros, besteak beste, Ramanujanekin eta Turingekin. 'Bizitzako desengainuetako bat', haren anaiek zioten bezala, ala Zenbakien Teoriako Prometeo? Zer izan zen Petros Papachristos? Zer dute zenbakiek, liluratu ez ezik, bat baino gehiago itsutzera ere eramateko?».

Osabarekiko harremana estutu eta haren bizitzan sakontzen hasten den unean, bere bide propioaren bila dabilen gaztea da iloba. Osaba Petrosekin zein Goldbachen aieruarekin izango duen harremanak eragin handia izango du mutilarengan.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad