«Naian edonor izan daiteke, segun eta norekin alderatu»
Haurrengana helarazten diren desberdintasunari buruzko ikuspegiak landu dituzte Nerea Loiolak eta Jon Arangurenek 'Naian' album ilustratuan
nerea azurmendi
Asteartea, 7 ekaina 2022
Nerea Loiola Pikaza (Deba, 1985) azken lau urteotan argitaratu dituen hiru liburuetako bi ('Harri bat poltsikoan' 2018an eta 'Azken lanhütarra' 2019an) haur eta nerabeentzako lanak dira hurrenez hurren, eta orain arteko berriena, iazko 'Epizentroa' ipuin bilduma, helduei zuzendua. 'Naian' izenburua duen laugarrenean irakurle gazteenengana itzuli da, Jon Aranguren Oliden (Zarautz, 1978) ilustratzailearekin batera. Izan ere, Galtzagorri Euskal Haur eta Gazte Literatura elkarteak antolatzen duen Biko-teka ekimenaren eskutik, elkarrekin osatu dute Ereinek argitaratu duen eta astearte honetan Donostian aurkeztu den album ilustratua, beste eremu batzuetan eskarmentu zabala duen Arangurenek arlo honetan egindako lehen lana. Uxue Razquin editorearen hitzetan, «batera egin zuten bidaia», eta batera eman dute halaber txangoaren emaitzaren berri.
Urtarrilean Iruñean egin zen Biko-teka egonaldian parte hartzeko aukeratuak izan arte, ez zuten elkar ezagutzen, nahiz eta elkarrengandik gertu bizi Zarautzen. «Proposamen batekin joan behar genuen, ideia batekin –gogoratu du idazleak–, eta gurea izan zen 'buruz behera dagoen haur bat'». Hortik eratorritako galdera-sorta luzeak abiarazi zuen sorkuntza prozesua: «Buruz behera dago, edo hankaz gora? Zer gertatzen zaio? Horrela egongo da beti? Noiz jarriko da 'normal', besteak bezala? Eta betirako desberdin bada?».
«Normaltasunetik at dagoen guztiari izen bat jartzeko beharra dugu helduok, eta askotan haurrei transmititzen diegu beharrezkoa ez duten behar hori»
nerea loiola pikaza
«Galdera horiek ziren argumentua», adierazi du Loiolak. Istorioari aurrera eragiteko modua, berriz, «irakurlea zuzenean interpelatzen duen haur bat» da, narratzaile lana egiten duena. Beste protagonista Naian ikaskide berria da. Irakasleak haurrei esan die Naian diferentea dela. Etxean ere hori esaten diete; zertan eta zergatik den diferentea argitu gabe, baina. Ereineko editore Uxue Razquinen hitzetan, «haurrak saiatzen dira deskubritzen zer dela eta den diferentea» gelakide berria.
Liburua
-
Generoa. Album ilustratua.
-
Izenburua. Naian.
-
Idazlea. Nerea Loiola Pikabea.
-
Ilustratzailea. Jon Aranguren.
-
Orrialde kopurua. 48.
-
Salneurria. 16 euro.
«Normaltasunetik at dagoen guztiari izen bat jartzeko beharra dugu helduok, eta askotan haurrei transmititzen diegu beharrezkoa ez duten behar hori», nabarmendu du irakaskuntzan, DBHn matematika irakasle gisa, diharduen Nerea Loiolak. Haurrek, alegia, modu oso desberdinean nabaritzen dute desberdintasuna, eta gutxiago axola zaie, helduen eraginak aniztasunaren pertzepzioa baldintzatzen dien arte. 'Normaltasuna', gainera, oso erlatiboa da: «Naian edonor izan daiteke, segun eta norekin alderatu... Aniztasuna errepresentatzen du, adierarik zabalenean».
Telefono matxuratua
Ugariak dira testua aberasten duten hitz-joko, aho-korapilo eta palindromoak, Naian izenetik hasita, 'Abere ba' proiektuaren sortzaile Itziar Aranburu Garcia eta Jon Ander Garcia Alberrori hartutakoak (eta eskertutakoak) barne. Oro har, baliabide horiek lagundu diete 'telefono matxuratu' efektua lortzen, esamesak ere horrela hasi baitziren zabaltzen, modu ez oso gardenean.
Jon Arangurenek azaldu du, eskertuta, proiektu honetan «beste modu batean lan egiteko aukera» izan duela. Ilustratzaile gisa ohituta dago testua jaso eta horren gainean lan egitera. Oraingoan, berriz, «hasieratik izan da elkarlana, eskutik elkarri helduta joan dira testuak eta ilustrazioak». Adierazi du Bauhaus estiloa gogora dakarren ukitu arrazionalista eman nahi izan diela marrazkiei, eta pistaren batzuk ere eman ditu haurrekin protagonismoa partekatzen duten eta «telefono eskatxarratu» efektu hori indartzen duten zenbait elementuri buruz; zapatillei eta lokarriei buruz, esaterako.
Hartzaileen adinari dagokionez, badirudi album ilustratua izateak berez mugatzen duela 2-3/6-7 tarte horretara, baina Nerea Loiolak azaldu duenez «iruditzen zaigu istorio honek eta irudiek, osatu dugun moduan osatuta egonik, ematen duela aurrera irakurketa zabalago baterako».