«Minetik harago» eta «modu jolastian» ondutako poesia
Uxue Juarezek euskarazko lehen poemarioan, 'Etxe bat Husaviken' (Balea Zuria), «aparteko mundua» baliatu du fikziotik sortu eta sakonago lantzeko gaia
Hainbat kontu eta gairi, geruzari, irtenbidea emateko modua izan da Uxue Juarezentzat (Iruñea, 1981) 'Etxe bat Husaviken' poema-liburua. Batetik dolua, inguruan suizidio bat bizi izan zuelako; bestetik, harekin datorren «kulpa, errua, mina... dena»; eta, azkenik, oraindik suizidioa «modu argian azaldu beharrean oraindik tabua denez» handik abiatzeko «beharra». Ostiral honetan egindako agerraldian azaldu duenez «hor mugitzen zen guztia aztertzeko aparteko mundu bat» sortzeko beharra sentitu du. Euskaraz kaleratutako lehen poema-liburua da.
Publicidad
Bultzatzaileetako bat 'suizida batek baditu bere inguruan 6 biziraule' esaldia irakurri izana izan da, beste bat Islandiara egindako bidaia, «bertan ikusi nuen lehen eta oraingoz azken aldiz bale bat», gehitu du umorez. Metaforaren bidez, gainera, landu ahal izan du «amatasunean murgilduta zaudenean doluaren kontzeptua». Izan ere, sinopsiak dioen bezala «ikuspegi akuatiko eta nordiko batetik abiatuta, hezur haragizko balea baten eta honen balekumearen arteko harremana» du ardatz 'Etxe bat Husaviken' poema-liburua eta «isolamendua, mina, natura edota maitasuna» bezalako gaiak jorratzen ditu. «Hizkera eta unibertso propio baten bidez», gainera, Aritz Gorrotxategi Balea Zuria argitaletxeko kideak esan bezala. Juarezi buruz «gurean dagoen idazle berezienetako» bat dela goratu du erabiltzen dituen irudiak ezberdinak direlako, «kontatzeko modu propioa» baita, gure literaturan «ohikoa ez dena» duelako; bestetik, euskaraz zein gaztelaniaz idazten duelako.
Mundu paralelo edo fantastiko hori sortzeaz gain, itsasoan murgiltzean sortzen den sentsazioa oso presente izan du, «soinuak ez dituzu garbi entzuten, oihartzun modura baizik. Zerbaitek inguratzen zaituen sentsazioa islatu nahi nuen». Gainera, uretan bezala, «esandako guztiak ez dira ateratzen». Poemak idazten jartzerakoan «hortik tiratzea» erabaki zuen, «zer gertatzen den edo zer ez» gehiegi argitu gabe. Aurkezpenean ere ez du gehiegi kontatu nahi izan spoilerrik ez egiteko. Era horretara, gainera, «unibertsalago» egiten dela iritzi du.
'Etxe bat Husaviken'
-
Egilea: Uxue Juarez.
-
Argitaletxea: Balea Zuria.
-
Orrialdeak: 108.
-
Prezioa: 14 euro.
Hautu horrekin, Gorrotxategik gehitu duenez, «distantzia hartzea» lortu du Juarezek «bihotza erdian jarri» baino. «Edonork irakurrita, zuzenean esan gabe, atzean dagoenaz konturatuko emozioak taupaka daudelako azpitik». Bat azaldu da idazlea. «[Poemarioaren] egitura emozioen sekuentzia da, zuk hautatzen duzu nondik pasatzea nahi duzun eta amaieran irtenbidea eskaintzen duzu».
Eta poesian ez du eraginik izan, «modu naturalean» atera baitzaio, ukitu «jolastia» bezala, bereziki balekumeak hitz egiten duenean. «Haurrek eta helduok errealitatea modu ezberdinean kodifikatzen dugu eta haurtzaroan jolasteko dagoen trebezia edo joera islatu nahi nuen». Une horietan poemak «doinu alaiagoa» du, bale andreak «sakonagoa». «Haurrak errealitatera jakin-minetik abiatuta eta jolasetik abiatzen dira, galderan oinarritua», azaldu du.
Publicidad
Azkenik, mundu akuatikoa izanik ardatz eta baleak, ama zein kumea, protagonista nagusiak, Juarezek argi zuen Balea Zuria argitaletxearekin kaleratu behar eta nahi zuela. Hala, oso eskertuta azaldu da agerraldian aukeragatik. «Zentzua zeukan».
Agerraldia baliatu du Gorrotxategik aurkezpenen defentsa egiteko eta hauek «Zinemaldia betean zinemari lekua kendu eta liburuari eskaintzeko» modu bezala aldarrikatzeko. Hainbeste liburu aurkezten diren boladan Balea Zuriatik ea dosierra bidaltzea hobe ez den hausnartu dutela azaldu du, bere «alde logikoa» duela onartuta, baina era berean «hankamotz» geratzen dela eta, batik bat, liburuek «bere bataioa» behar dutela argi izanik. «Ospakizun bat da eta funtzio liturgikoa du, jaio dela, kaleratzen dela, ateratzen dugula. Poz txiki hori ematen digun bitartean mantenduko dugu», adierazi du.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión