Mari Paz Jiménez, Euskal Herrian abstrakzioa lantzen hasi zen lehen margolaria
Bere garaian oso ezaguna izan arren azkenaldian nahiko ahaztuta dagoen artistari eskaini dio Pamiela argitaletxeak Bagara haurrentzako saileko bigarren alea, Elena Olaveren testuak eta Irrimarraren ilustrazioak dituena
n. azurmendi
Viernes, 11 de noviembre 2022, 17:06
Pamiela argitaletxeak urte hasieran abiarazi zuen 'Bagara' saileko lehen protagonista 1937an Donostian jaiotako Esther Ferrer performance-aren aitzindaria izan zen. 1975ean hiri berean hil zen Mari Paz Jiménez margolaria da bigarrena. Eta, ostiral honetan 'Ahizpari gutuna. Mari Paz Jiménez eta pintura' liburuaren aurkezpenean aurreratu dutenez, Rosa Valverde (Donostia, 1953-Azkaine, 2015) izango da hirugarrena. Horrela joango da osatzen, Garazi Ansa eta Haizea Barcenillaren zuzendaritzapean, neska-mutikoen artean emakume artisten presentzia, garrantzia eta ekarpenaren berri ematen joan nahi duen saila.
Publicidad
Argitaletxeko editore Carmen Elviraren hitzen eta pantaila handi baten bestaldetik aritu den Haizea Barcenillaren ondotik, Garazi Ansak gogoratu du San Telmo Museoan inauguratutako erakusketa baten eta museoko bildumaren azterketaren ondorioz sortu zitzaiela emakume artisten presentzia urriaren inguruko kezka. Lehendik ere bazekitena berretsi zuten, alegia, eta pentsatu zuten etorkizunera begira interesgarria izan zitekeela gizonezkoei buruzko liburuz beteta dagoen haurren imajinarioan pixkanaka-pixkanaka emakumeak txertatzen joatea.
Liburua
-
Izenburua. 'Ahizpari gutuna. Mari Paz Jiménez eta pintura'.
-
Egileak. Elena Olave (testua) eta Irrimarra (ilustrazioak).
-
Argitaletxea. Pamiela.
-
Orrialde kopurua. 44.
-
Salneurria. 16 euro.
Pamielak eman zien, Bagara saila sortuta, asmo hori gauzatzeko bidea, eta liburuak «gurasoekin edo helduekin irakurtzeko modukoak» direnez, haurrengana ez ezik haien bidez gurasoengana iristeko aukera ere bai. Ansak azaldu du nor zen 1909an Santanderren jaio, erbesteko urteak Argentinan igaro eta 1945ean Euskal Herrian finkatu zen Mari Paz Jimenez. «Ekarpen ikaragarria egon zion euskal arteari, bertan egin baitzuen ekoizpen artistiko nagusia. Bere garaiko tesuinguru artistiko eta intelektualean oso sartuta ibili zen», nabarmendu du. Hasiera batean figurazioa landu bazuen ere, 50eko hamarkadan Euskal Herrian arte abstraktua jorratzen hasi zen aurreneko artista -gizonezko zein emakumezko- izan zen. Hala ere, «aitortza hori oso gutxitan egiten diote. Hil aurretik oso ezaguna eta saritua izan zen, baina gero alde batera geratu zen«.
Mari Paz Jiménezen bizitza eta obra berreskuratzeko, Rosario ahizpa bailaorari idatzitako fikziozko eskutitzak baliatu ditu Elena Olavek. «Ahizparen inguruan ez dago informazio askorik, baina badakigu Mari Pazek eskutitz asko idazten zituela», adierazi du Olavek. Ilustrazioak egiteko orduan, berriz, hainbat aukera landu zituzten Irrimarra bikote sortzailea osatzen duten Irene Iruretak eta Karmele Gorroñok. Azken horrek aurkezpenean esan duenez, Mari Pazen sormen prozesuan murgiltzeko, hark landu zituen estilo desberdinetara hurbildu dira euren ikustrazioetan, Jimenezen etapa desberdinak jaso eta haren bilakaera islatzeko.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión