«Liburu honetan koska bat gehiago estutu dut joera minimalista»
86 narrazio bildu ditu 'Samuel eta Slawo' liburuan, umore beltz eta absurdoa baliatuz «betiko gaiak» lantzeko
nerea azurmendi
Jueves, 21 de abril 2022, 18:58
«Liburu honetan ez dago nire bidetik asko urruntzen den ezer. Nire betiko gaiak eta obsesioak daude, baina saiatu naiz ez errepikatzen, erabili ditut baliabide desberdinak eta konta-molde berriak», adierazi du ostegun honetan Donostian Karlos Linazasorok, Alberdaniaren eskutik ekarri duen 'Samuel eta Slawo' liburuaren aurkezpenean.
Publicidad
86 pieza bildu ditu 152 orrialdetan. Batez beste, ezta bina orrialde ere pieza bakoitzeko, nahiz eta mikroipuin eta narrazio oso laburrek espazioa partekatzen duten «antzerkiko elkarrizketetatik oso gertu dauden ipuin luze samarrekin».
«Zenbat eta guxiago, orduan eta hobeto» printzipioari men egin dio oraingoan ere idazle tolosarrak, narrazio bilduma hau bezala funtsezkoaren bilaketaren –«kendu eta kendu, kimatu eta kimatu»– emaitza den 'Bizipox' (Elkar) ipuin luzea aurkeztu eta hilabetera.
Jorge Giménez Bech Alberdaniako editoreak gogoratu duenez, «idazle oparoa da Karlos, ez dago edozeinen esku berrogeita hamar erreferentzia jasotzen dituen katalogo pertsonal bat osatzea». «Autoexijentzia literario zorrotza»-ri uko egin gabe osatu duen katalogo zabal horretan badaude nobelak eta saiakerak, antzerkia, aforismoak eta haur liteatura ere bai, baina poesia eta narrazioak dira nagusi. Hasier Rekondoren hitzaurre «fin gozagarria» duen 'Samuel eta Slawo' Alberdaniak argitaratzen dion bosgarren narrazio bilduma da.
Liburua
-
Generoa. Narrazioak.
-
Idazlea. Karlos Linazasoro.
-
Argitaletxea. Alberdania.
-
Orrialde kopurua. 152.
-
Salneurria. 14,90 euro.
Idazleak adierazi du urteek areagotu egin diotela laburrerako eta funtsezkorako joera: «Hasiera batean saiatzen zara dakizun guztia erakusten, estilo barrokoagora jotzen duzu, baina urteekin gauzak sotiltzen doaz. Gauza asko esanda daude aurretik, eta azkenean mamiarekin gelditzen zara».
Publicidad
Zenbat eta gutxiago, orduan eta hobeto, alegia. «Orduan eta zailago» ere bai, «mikroipuin bat idaztea ipuin luze bat idaztea baino zailagoa» delako. «Oso biluzik zaude, eta behar da trebezia berezi bat. Trebezia hori landu egin behar da, eta sekula ez zara kontentu gelditzen, beti zaude kentzen eta biluzten».
Maisuak eta dizipulua
Karlos Linazasorok larunbatero ostiralero atal honetan argitaratzen duen artikuluaren zain egoten direnek badakite zertaz ari den, astero ikusten baitute 1.500 bat karakterek mugarritzen duten espazioak zenbatetarako ematen dion.
Publicidad
Liburu honetan «koska bat gehiago» estutu du «idazkeran nagusitzen ari zaidan sotiltzea»; «gero eta markatuagoa» sumatzen du beraxek «joera minimalista jantziago bat idazkeran, eta liburu hau bete-betean da horren erakusgarria».
Samuel eta Slawo, Samuel Beckett eta Slawomir Mrozek, «oso presente daude ia beti nire literatura lanean, bien oihartzuna dago. Bi maisu dira, eta ni dizipulua»
Itzulinguruka ibili beharrean modu ahalik eta zuzenenean harira joateko joerarekin batera, gaiei ironiatik, umore absurdo samar eta nahiko beltzetik heltzea da Karlos Linazasororen ezaugarrietako bat. Hainbat aitaponteko literariorekiko lotura ere bai.
Publicidad
Samuel Beckett irlandarrarekin eta Slawomir Mrozek poloniarrarekin duen lotura nabarmendu du 'Sam eta Slawo' honetan. «Oso presente daude biak ia beti nire literatura lanean, bien oihartzuna dago. Bi maisu dira, eta ni dizipulua», esan du. Irakaspenak aitortu eta eskertu dizkie maisuei: «Biek erabiltzen dute umorea eta absurdoa. Nihilistagoa Samuelek eta filosofikoagoa Slawok, batez ere kritikoa botere totalitarioekin. Umore beltza dago bietan, eta hori da niri gustatzen zaidana».
«Ohiko gai eta obsesioak» –heriotzarekiko kezka, giza gorputzaren presentzia...–, eta ariketa berriagoak – ipuin tradizionalen, mitoen eta Bibliako pasarteen 'remake'-ak, esaterako–, biltzen dituen liburuan badira «ipuin gordinak, kontenplaziorik gabekoak. Literaturak barruak mugitu behar ditu, mailu bat izan behar du». Editorearen hitzetan, Linazasoro «ez da irakurlearekiko idazle kupidatsua, beti errespetuz tratatzen badu ere». Badu beraz zentzua idazleak berak marraztutako azalak «beldur pixka bat ematea», ezin baita baztertu testuren batzuk irakurleari «irribarrea izoztea» eta sentiaraztea «absurdoaren zati», irakurketak berezkoa duen zirrara eragiteko gaitasuna areagotuz.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión