Bilgune Feministako eta Emagineko ordezkariak, June Goikoetxea editgrearekin batera, liburuaren aurkezpenean.

«Kontraesanez lokaztutako bazterrak» feminismotik arakatzeko garaia

«Botere posizio zuritik» aritu izan den mugimendu feminista «posizio hori desplazatzeko ariketa kolektiboa egiten» ari da, eta Lisipe bilduma 11. zenbakian kontatu dute zertan den

n. azurmendi

Sábado, 7 de mayo 2022

Kontzientzia hartze deseroso baten, gainerakoek esateko dutenari adi dagoen gogoeta autokritikoaren eta abian den birkokatze-prozesu baten lekuko da Euskal Herriko Bilgune Feministak eta Emaginek berriki argitaratu duten 'Araka ditzagun gure bazterrak. Kritika dekolonialak zeharkaturiko ibilbide bat' liburua. Bide horretan aurrera egiteko lanabes lagungarria ere bada, eta ez bakarrik ariketari ekin dion mugimendu feministarentzat.

Publicidad

Susa argitaletxearen baitan eta Jule Goikoetxea editorearen ardurapean handitzen doan Lisipe bildumako 11. zenbakia, azalean Euskal Herriko Bilgune Feministaren eta Emagin elkartearen izenak azaltzen badira ere, «prozesu kolektibo» baten emaitza dela nabarmendu zuten aurkezpenean.

Gogoratu zuten, halaber, ia hogei urtez «herri feminista bat marrazteko hausnarketa, ekimen eta proposamak» 'zuritasunetik' garatu izanaren kontzientziak –«botere posizio zuri mendebaldetarretik», alegia– abiarazi zuela prozesua. Eta bizkortu dutela, sakondu eta osatu, zenbait «klak-ek, egoera zenbaitek, ohartze momentuek, interpelatzen gaituztenak». Feminismoaren espazioa partekatzen duten emakume migratzaile eta arrazializatuen aldetik ere jaso izan dituzte interpelazio zuzen-zuzenak.

«Ez da erraza gai hauei buruz hitz egitea –onartu zuten–. Euskaldun zapaldutzat genuen geure burua, baina ikusi dugu izan gaitezkeela aldi berean euskaldun bezala zapalduak, eta zapaltzaileak». 'Aurrera begirako erronkak' azken atalean irakur daitekeenez, «geure burua, gorputza eta pentsamenduak ispiluaren aurrean patxadaz» jartzea, «geure pribilegio zuriez jabetzea, orain arte oharkabean eragin ditugun biolentzia arrazista horiek identifikatzeko» beharrezko ariketa da; ez, ordea, erosoa.

Ari dira, baina, eta ildo horretan nabarmena da 2020ko abenduan egin ziren Emakume Abertzaleen VIII. Topaketa Feministen, haren aurrekarien eta ondorengoen eragina. Liburuaren izenburuak berak Miren Amurizak eta Maite Berriozabalek Topaketarako idatzi zuten 'Araka ditzagun gure bazterrak lanbroak ezkutatzen dizkigunean' testura darama.

Publicidad

Bazter horiek ez ditu jada lanbroak estaltzen, bista-bistan dauden «kontraesanez lokaztutako bazterrak» dira, eta hor ari dira lanean, «kritika dekolonialak zeharkaturiko ibilbide» bat osatzen, «tutoretzatik gabeko aliantza feministak» eta zubiak eraikitzen, «botere-posizio hori birpentsatzeko eta desplazatzeko ariketa kolektiboa egiten».

Orain artekoak «lehen urratsak» direnez, azken atalean erronka-sorta bildu dute, «proiektu feminista antiarrazista bat gorpuzteko» bidean aurrera egiteko, «agenda antiarrazista partekatu baterantz» abiatzeko eta «Euskal Herria dekolonialitatetik» eraikitzeko, beste sektore batzuekin batera.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad