Borrar
Maite Gurrutxaga, Patxi Zubizarreta, Junkal Lertxundi eta Asier Iturralde 'Gaston', Donostian egindako aurkezpenean. Usoz
Kimu bilduma

Haurrek irakur dezaten bi ipuin bilduma aurkeztu ditu Ikaselkarrek

Patxi Zubizarreta eta Maite Gurrutxagaren 'Tik, Bakarrik. Tak, Ikarak' eta Junkal Lertxundi eta Asier Iturralde 'Gaston'-en 'Itsas haizea dabil' Kimu bildumako azken bi aleak dira.

Jon Agirre

Donostia

Asteazkena, 26 urtarrila 2022, 14:35

Comenta

Irakurtzen hasi diren sei urtetik gorako haurrentzat bideratutako Kimu bildumako azken bi aleak aurkeztu ditu gaur goizean Ikaselkar argitaletxeak: Patxi Zubizarretak idatzitako eta Maite Gurrutxagak ilustratutako 'Tik, Bakarrik. Tak, Ikarak' eta Junkal Lertxundik idatzitako eta Asier Iturralde 'Gaston'-ek ilustratutako 'Itsas haizea dabil'. Lauak, Idoia Arozena editorearekin, izan dira asteazken goiz honetan Donostian egindako agerraldian. «Irakurketa prozesua ahalik eta gozagarrien eta aberatsen izatea bilatzen dugu eta bi titulu berri hauek bilduma aberastera datoz», adierazi du Arozenak.

Lehen album ilustratuan bat-batean amona gaixotu egiten da eta aitak ziztu bizian alde egin behar duenez bi anai-arrebak bakarrik geratzen dira etxean. Denborak aurrera egin ahala beldurra areagotu egingo zaie eta honi aurre egiteko trikimailuak jarriko dituzte martxan. Etxeko txikiek bizi dituzten sentimenduak oso argi jaso ditu Zubizarretak, oso zertzelada finen bitartez Arozenak nabarmendu duenez eta Gurrutxagaren eszenatoki iraunkorrean «elementuek bizitza propioa» hartzen dutela ikus daiteke, «oso modu sotilean. Orduak eman daitezke aldaera horiek guztiak ikusten, esku artean izatea plazera da», adierazi du Ikaslelkarreko editoreak.

Zubizarretak hitzartzea igarkizun bat proposatuz hasi du. «Zer da begien aurrean duzuna, ukitu daitekeena, tximeletan antzekoa, hegan egiten duena eta tik, tak egiten duena ia segundoen antzera». Bere ustetan horixe da literaturaren egitekoa, «ikusten ez duguna erakustea». 'Tik, Bakarrik. Tak, Ikarak' lana pandemia garaian egindakoa da, konfinamenduan sartu eta ateratzeko boladan. Orduan hasi ziren bileran Gurrutxagarekin eta oso pozik azaldu da hark ez duelako «ideia bakar bat ere errespetatu. Horregatik da benetan liburu ederra».

'Tik, Bakarrik. Tak, Ikarak'

  • Idazlea: Patxi Zubizarreta.

  • Ilustratzailea: Maite Gurrutxaga.

  • Editorea: Ikaselkar.

  • Prezioa: 8,5 euro.

  • Orri-kopurua: 32.

Ilustratzailearentzat «erronka handi» bezala hasi zena «azkenean jolas bihurtu da. Testua ez da luzea, baina leku askotara eramaten zaitu». Idatzitakoa oinarri izanda helburua protagonistarengandik gehiegi ez urruntzea izan da. Horregatik mugatu du istorioa agertoki bakarrera. «Behar nituen elementu guztiak bertan kokatu nituen eta plano beti berdina da, zineko plano bakarra bezala. Antzerki lan bat egiten saiatu naiz, horregatik daude ilunera edo argira trantsizioak. Eta beste unibertsoetara Patxik zabaldu dituen leihoak toki horretatik irudikatzen saiatu naiz, esaterako koadro bitartez erakutsitako ipuina edo leihoaz harago kokatutakoa».

Familia xelebrea gure artean

«Familia xelebre baten liburu xelebrea» bezala laburtu du Arozenak Kimu Bildumara gehitutako bigarren lana, 'Itsas haizea dabil'. Zoriontsuak diruditen arren egunerokora moldatzea ez zaie erraza egiten eta irakurleak etxeko txikiaren ikuspuntutik daki haien berri, 'Gaston'-ek egindako ilustrazio «irrigarriek» lagunduta.

Lertxundiren esanetan abiapuntua gaztelaniazko 'como pez en el agua' adierazpidea da. «Kontrakotik abiatu naiz. Familiaren egunerokoan zerbaitek ez du enkaxatzen eta leku horren bila eraman ditugu». Idazleak ilustrazioen laguntza azpimarratu du «albumari umore puntua emateko, oso polita izan da nola pasa den buru batetik bestera».

'Itsas haizea dabil'

  • Idazlea: Junkal Lertxundi.

  • Ilustratzailea: Asier 'Gaston' Iturralde.

  • Editorea: Ikaselkar.

  • Prezioa: 10,5 euro.

Arrai familia da pertsonaiena eta hori irudikatzea oso zaila egin zaio Gastoni. «Proposamena oso pozik hartu nuen, baina familia hibridoa irudikatzea erronka handia zela ikusi nuen. Ez nekien nondik hartu». Izan ere, agerraldian zehaztu duen bezala, izaki antropomorfikoak egiteko ohitura badago, baina Disneyk ere ez du halakorik egin. «Aspaldiko Nemo hura humanizatua dago, baina ez ziren gure artean bizi». Gakoa pertsonaia bakoitzaren ezaugarri «markatu eta deigarria» topatzea izan zen: egitekoa edo lanpostua. Gainerakoa jarraian etorri zen.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Haurrek irakur dezaten bi ipuin bilduma aurkeztu ditu Ikaselkarrek

Kimu bilduma: Haurrek irakur dezaten bi ipuin bilduma aurkeztu ditu Ikaselkarrek