Las diez noticias clave de la jornada
Arrate Egaña, 'Itzalen distira' liburua esku artean duela. Erein Argitaletxea
Arrate Egaña | 'Itzalen distira'

Ipuinen hegemoniatik urrunduta, argi-itzaletik idatzitako narrazioak

Zortzi egora «ohiko bezain arraroak, tragikomikoak» dira Arrate Egañak idatzitako 'Itzalen distira' liburuaren abiapuntu, ezberdinak baina oinarrian «obsesioa, ihes egiten dien denbora, heriotza eta sakrifizioa» dituztenak

Jon Agirre

Donostia

Martes, 31 de mayo 2022, 15:37

Etxe baten planoa egiterakoan lehen zirriborroa aurkezten da eta jabea bertara bizitzera joaten den arte aldaketa mordoa izan ditzake, askotan onerako eta aberasteko. Hala izan da astearte honetan Arrate Egañak Donostian aurkeztu duen 'Itzalen distira' liburuaren sortze-prozesuaren kasuan.

Publicidad

Zortzi narraziok osatzen dute 'Itzalen distira', bata bestearengatik independenteak narrazio ikuspegitik baina batasun sentsazioarekin gai zen estilo aldetik. Zortzi egora «ohiko bezain arraroak, tragikomikoak» dira abiapuntu, ezberdinak esan bezala, baina oinarrian «obsesioa, ihes egiten dien denbora, heriotza eta sakrifizioa» dituztela. Bilduman zehar narrazioak kontrakoen jokoa islatzen dute, «nahiko ideia zaharra eta ia topikoa» Egañak aitor bezala, baina enfoke propioarekin. Zehazki, itzala eta argiaren arteko jokoarekin. «Denok gara desberdinak eta batzuentzat onura dena besteentzat kalte izan daiteke. Zure iluntasunean nire argia aurki dezaket», azaldu du egileak. Adibide bezala bota du 'Mercy eman' narrazioa, familia bateko hiru emakumek zerbait esateko beharra eta beldurra sentitzen duten pasartea. Gertakari oso ilun baten ostean, dena eklipsatuta dagoenean, esan beharrekoa esateko indarra topatzen dute.

Ausardia ipuinak garatzerakoan

Ironia puntu bat badu pertsonaia batzuek faltan duten ausardia hori Uxue Razquin Erein argitaletxeko editoreak Egañarengan idazkeratik nabarmendutako ezaugarrietako bat izatea. Bai narrazioak planteatzerakoan zein hauek garatzerakoan. «Ipuin guztietan bat-batean 'dena' askatu eta logika eraisten da. Gainera bakoitzean 'dena' hori ezberdina da». 'Itzalen distira' liburuaren egileak «kezkatzen nauten gauzak» kontatzen saiatzen dela zehaztu du, «gristasunetik eta hegemoniatik urrunduta». Horretarako fikzioaz baliatu da, nahiz eta pertsonaiak errealistak diren. «Psikologia bat dute, ez daude karikaturizatuak. Ez naiz oso intimista, elkarrizketa eta pentsamenduen bitartez sakontzen saiatu naiz, emozioz kargatu gabe».

Razquinek adierazi duenez testuaren lehen zirriborroa duela urtebete jaso zuen eta ordutik harreman estua izan du Egañarekin. «Idatzi eta berridatzi aritu gara, horrek erakusten du Arratek literaturarekiko duen pasioa». Ez da egilearengandik azpimarratu duen bertute bakarra. «Zortzi narrazioetan zehar egunerokotasuna bihurritzen du, pertsonaien egoera azaldu eta bat-batean krak bat dago, dena aldatzen duen gertakaria. Eta ez dakizu zein izango den irtenbidea».

Bide horretan hizkuntza zuzena darabil Egañak. «Horrelakoa gustatzen zait eta imitatzen saiatzen naiz». Ildo beretik doaz narrazioen tituluen zehaztasuna. Buelta gehiago eman zizkioten lanak egun duen izenburua izan arte. «Handicap handia da, maiz du ipuinen baten izenburua». Kasu honetan argi eta ilunen jokoa islatzen du. Pertsonaien izaeratik, emakumearen papera nabarmentzen saiatu dela kontatu du, hauen presentzia aldarrikatzeko modura. «Emakumea oinarria da eta, bestetik, gizonezkoa ohikoa ez den paperetan kokatu dut: bortxatua izan dena, negar egiten duena... Bihurrikeria hor gustatzen zait». Azala bera ere Egañak aspaldi egindako koadro batean dago oinarritua. «Txoriaren irudia sakrifikazio batena da, argi bat ilunpean».

Publicidad

'Itzalen distira'

Egilea: Arrate Egaña

Argitaletxea: Erein.

Estiloa: Narratiba.

Orri-kopurua: 148.

Prezioa: 17 euro.

Prozesu edo ibilbide hori Egañak «gela askoko» etxe batekin alderatu du. «Ipuin batzuk ez ziren familiakoak eta giltzez itxi nituen, beste batzuk jantziago zeuden eta beste batzuek pintatzea behar zuten», azaldu du. Su motelean egindakoa izan dela adierazi du eta emaitzarekin oso gustura geratu dela. Aurkezpenean oso eskertua azaldu da bidean jasotako laguntzagatik. «Uxuek segituan harrapatu zuen kontatu nahi nuena, ingurukoen iritziarekin batera oso garrantzitsua izan da».

Razquinek aipatu duenez zortziak bata bestearengatik independenteak dira, ezberdinak, baina oinarri komunarekin: «obsesioa, ihes egiten duen denbora, heriotza eta sakrifizioa». Ez modu biblikoan ulertua, «besteen onerako egindakoa» baizik.

Publicidad

Egañak aurrez hogeita hamar liburu argitaratu ditu, hainbat generotakoak eta beste hainbeste publikori bideratuak. Hauekin zenbait literatur sari irabazi ditu gainera, besteak beste Baporea (1999), Erroxape (2000), Emakumeak Kontari (2002), Lizardi (2011), Gabriel Aresti (2012) eta Mikel Zarate (2015).

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad