«Idaztea jostea da, baita moztu eta atzeraka puntadak egitea»
Duela 30 urte idatzi zuen 'Jostorratza eta haria' liburua berrargitaratu du, ona delako atzera begiratzea «non zauden ulertzen laguntzeko»
Irun Hiria Saria jaso zuen 'Jostorratzaren haria' eleberriak 1997an eta lau urte geroago Alberdania argitaletxeak argitaratu zuen. Jaiotzez bizkaitarra baina Usurbilen bizi den Yolanda Arrieta Malaxetxebarriak ama batek jaiotzear dagoen alabarentzat kontaturiko istorio-historia jaso zuen bertan. «Istorioa, oinarri errealetik abiaturiko fikzioa delako, eta historia, galbahe pertsonalez osatua egon arren, XX. mendeari ematen diolako bira. Euskal Herria eta mundua ulertzeko modu bat ere bada». Ia 30 urte igarota, liburua berrargitaratu du Pamielak.
Publicidad
– Zergatik erabaki duzue orain liburua berriro argitaratzea?
– Albernadiatik proposatu zidaten. Jorge Jimenezek bere garaian komentatu zuen 2001ean Ostiral sailean argitaratu zutela, gazteentzako sailean, eta ez zirela guztiz gustura geratu. Liburua deskatalogatuta zegoen, baina Jorgek berak hil aurretik argitaletxeko arduradunei esan zien berriro atera beharra zegoela.
– Eta zuk proposamena onartu zenuen...
– Bai, lehenengo nire burua kokatu eta baiezkoa eman nien ondoren. Izan ere, gaur dena da berria, berria, berria eta aurrera, aurrera, etengabe, eta idazleok badakigu tarteka ondo egoten dela berbegiratzea, berpentsatzea... hain zuzen horrek laguntzen zaituelako hobeto ulertzen non zauden orain, zer aldatu den edo zer mantentzen den ikusi. Eta hori oso ona da. Gainera, lehengo urtean argitaratutako 'Etxe bat norberarena' ama hil zenean eta 60 urte betetzera nindoanean idatzi nuen, eta 'Jostorratza eta haria' duela 30 urte, aita hilzorian nuenean eta nire alaba jaiotzeko gutxi falta zenean. Bi lan hauek nire bizitzako bi momentu oso garrantzitsu eta handitan sortu nituen eta bietan barruko zerbait dago, 'ni'-tik 'gu'-rako salto bat.
– Zuzenketarik edo aldaketarik egin al duzu?
– Iratxe Retozalak egindako hitzaurrea erantsi diogu. Nik, errepasatzeko garaian, gauza batzuk behatu ditut, baina esanahian eta esaldien joskeran ez dugu eskurik sartu, bestela beste gauza berri bat egingo genuke.
– Gizartea asko aldatu da azken hiru hamarkadetan. Beste begi batzuekin irakurriko du orain duela 30 urte idatzi zenuen liburua?
– Ziurrenik, baina irakurleak normalean ongi daki jokatzen sinboloen eta metaforen joko horretan. Aldiz eguneroko bizimoduan, kalean, galdu egin da bigarren zentzu hori. Eta transmisioan ere eten handi bat egon da. Niretzat oso garrantzitsua da nondik zatozen ezagutzea, zer jaso duzun... horrekin eraikitzen dugu identitatea, geure buruari kontatzen dizkiogun edota besteek kontatzen dizkiguten kontakizunen bidez.
Publicidad
– Eleberriaren planteamendua guztiz originala da, kontalariak pertsonaiak dira eta bakoitzak bere hizkera du.
– Bai, ahots desberdinekin egiten dut jolas, bakoitza bere euskalkiekin markatuta, hori ere aldarrikatu nahi nuelako. Euskararen joera beheruntz doa baina sortzaileok badaukagu dagoenarekin gauzak josteko aukera eta hori aldarrikatzen dut. Ez dut utopia galdu nahi eta sortzeko garaian daukadana erabiliko dut horren aldeko.
– Liburua bera josteko manual bat ere bada. Zergatik joko hori?
– Bai, josteko gidaliburu baten modura egituratuta dago eta jostearen inguruko hitzek blaitzen dute esana. Nik umetan ama josten ikusten nuen, eta egiten zituen soineko horiek sormena ziren, ideia hori beti izan dut buruan. Bestalde, Laura Esquivelen 'Como agua para chocolate' errezeta-liburua irakurri nuen eta horrelako zerbait egin nezakeela pentsatu nuen, baina jostungintzarekin. Josteak hiztegi propioa du eta horrek ematen zidan jokoa.
Publicidad
– Joskintzak eta idazkerak zerikusia daukate?
– Bai, bat dira. Idaztea jostea da. Urteekin konturatzen joan naiz. Idazten dugunean azkenean intuitu egiten dugu eta idatziz jartzean konturatzen gara zer intuitzen genuen. Baina idaztea ez da letrak jostea bakarrik; baita pentsamenduak, oroitzapenak, zentzumenetik datozen gauzak, norbaiti entzundakoak, aurrean ikusten duzuna... idazleak denbora guztian josten ari gara. Baina moztu ere egiten dugu, adabatu, atzera eta aurrera puntadak daude... nire idazteko modua ere horrelakoa da, ekinez noa egitura egiten.
– Bizitza erdia daramazu idazten, gazteentzako eta helduentzako. Non sentitzen zara erosoen?
– Niretzat idaztea gutunak idaztea da, eta horretarako kontuan izan behar duzu nori idazten ari zaren, hori da erronka. Egia da gazteentzat idaztea zaila dela, izan ere gaur egun beste toki batetik doaz, literaturari ere ez zaio hainbeste garrantzia ematen Bigarren Hezkuntzan, eta ez dute irakurketarako ohiturarik. Baina saiatzen naiz honekin ez obsesionatzen. Nik aldarrikatzen dudana da 0-100 urterarteko literatura, baina aldian aldiko jasotzaileak ere jasotzeko moduan egitea.
Publicidad
– Sortzeaz gain, sormenerako tailerrak ere eskaintzen dituzu. Sortzen ikasi daiteke?
– Nik ez dut irakasten, erakusten baizik. Nik nola egiten dudan erakusten dut, baina hori baino gehiago, xaxatu egiten ditut parte hartzaileak, nik sentitzen dudan lilura beraiek ere sentitu dezaten. Nire zeregina lilura eta ilusioa transmititzea dela iruditzen zait eta hortan saiatzen naiz.
– Denbora zailak al dira hauek literaturarentzat?
– Denbora zailak dira bizitzarako, pertsonontzat, pertsona izateko, noruntz joan nahi dugun pentsatzeko, guretzat eta ingurukoentzat. Esan egiten dugu baina ez dugu egiten hain goaz azkar. Gure taupadetatik at goazela iruditzen zait, zulo beltz bateruntz, maldan behera eta patinekin. Horregatik nik hautua egin dut sinesten dudan honetan lan egiten jarraitzeko eta ematen didan ilusioa eta bizipoza besteei transmititzeko, gauzak esan behar direla uste dudalako. Eta esaten duzunean, beti dagoela norbait entzuteko prest. Esatea niretzat da edertasunaren galbahetik eta pentsamenduaren argitik gauzak idatziz uztea.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión