'Hilak' James Joyceren 'Dublindarrak' ipuin-bilduman azkena egiten duen ipuina da. Festa batean entzundako abesti batek oroitzapen sorta bat berpizten du Gretta Conroy izeneko pertsonaiarengan. Aspaldiko maitasun bat, maitale gazten baten heriotza, negua, erruduntasuna… Grettaren senarrak hildakoek bizidunengan duten botereaz hausnartzen du. Haien egintzak bizidunen oroimenean geratzen dira. Kontakizunaren amaiera gogoangarrian elurra ezti eta gozo erortzen da bizidun eta hildako guztien gainean.
Publicidad
Elurrak eta hildakoek Ukrainiako auzira eraman naute une batez. Denok dakigu nolakoa den hango egoera. Gerra lehertzear dago, eta I. Mundu Gerran bezala, tokian tokiko gatazka batek sekulako kate-eragina izan dezake Lehen Mundu osoan. Burtsak eta ekonomia globalizatuan igartzen hasi gara dagoeneko tentsio horren ondorioak. Gasa kolokan dago, petrolioak gora egin du, inbertsio fondoek behera… Han gertatzen denak badu eragina hemen ere. Elurraren hoztasunaz jokatzen duen ekonomiaren arau bitxiak dira, bizidunen eta hildakoen artean daudenak bezalakoak. Elkarri eragiten dioten bi mundu. Halako gatazka batek eztanda egiten duenean, diruak bere kezka eta arau propioak izaten ditu buruan. Ez zaio hainbeste inporta hildakoak edo errefuxiatuak dozena bat edo ehunka, milaka edo ehunka mila diren. Abesti eder batek ezingo du gerra geratu, eta axolagabekeriak Joyceren kontakizuneko elurra bezala jausten jarraituko du, eztigarri iruzurti bat bezala.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión