Heriotzaren uhartera bidaia, bizitzaren inguruan hitz egiteko

Ezkerretik eskuinera, Martin Etxeberria, Aritz Trueba eta Xabier Etxeberria/Arizmendi
Ezkerretik eskuinera, Martin Etxeberria, Aritz Trueba eta Xabier Etxeberria / Arizmendi

Maansi gaztearen bidaia iniziatikoa idatzi dute Martin eta Xabier Etxeberria anaiek. Aritz Truebak ilustratu du 'Buyan. Heriotzaren uhartea' komiki liburua

Amalia Ibargutxi
AMALIA IBARGUTXIDonostia

Nenetsia, 1241. urtea. Errusiako ipar-mendebaldean kokatu dute, XIII. mende hasieran, 'Buyan. Heriotzaren uhartea' komiki liburua. Jainko zahar eta berriak, errege zahar eta berriak... gizakien arteko betiko gatazkak jaso dituzte bertan Martin Etxeberria eta Xabier Etxeberria idazleek eta Aritz Trueba ilustratzaileak. Gainera, komikiaren ingelesezko eta frantsesezko bertsioak kaleratzear dira.

Maansi gazteak, hildako bere maitea berreskuratu nahian, Buyan uharte mitikora iritsi nahi du. Bidean, historia eta mitologia eslaviarra nahasiko dira heriotza eta adiskidetasunaren inguruko istorioan. Askotariko gaiak jorratzen ditu liburuak, baina sortzaileentzat, «bidaia iniziatikoa» da, funtsean.

Liburuaren nondik norakoak ulertzeko, egin dezagun denboran atzera. Zehazki, sei urte. «Sentitu nuen propioa izango nuen zerbait sortzeko beharra, eguneroko lanetatik kanpo. Hasieran album ilustratua izan behar zuen -azaldu du Truebak-, baina ideiak trukatzen hasi eta komiki bilakatu zen berehala proiektua. Bizia hartu zuen».

Etxeberria anaiak ere ari ziren heriotzaren ideiari bueltaka, aita gaixo zuten une hartan eta, Truebarekin hitz egin zutenean elkarlana abiatzeko. Nolakoak diren gauzak, hari eskaini ahal izan diote liburua azkenean, eskaintzatik baino, promesatik gehiago duen esaldi soilarekin: «Buyanen elkartuko gara berriz».

Guztira, bost lagunek ekin zioten proiektuari. Josu Igoa informatikariak -komikiaren webgunearen garapen digitala ari da egiten- eta Jon Mikel Udakiolak osatzen dute taldea. Dokumentazio lanetan ari zirela, eslaviar mitologia landutako liburu gutxi zegoela ikusi eta hu-tsunea betetzea erabaki zuten; testuinguru historiko polita iruditu zitzaien. 120 orrialde izan behar zituen komikiak, 210 izan ditu azkeneko bertsioan.

Lan kooperatiboa

Behin gaia hautatuta, hasi ziren bilerak egiten, testu eta ilustrazioak lantzen. Lan kooperatiboa izan da, nabarmendu dute. Komikiaren beharren arabera egin dute aurrera: «Adibidez, momentu batean ikusi genuen emakumezko pertsonaiak behar genituela, eta erabaki genuen sortzea gerlari mongoliarra, istorioan pisu handia izan duena azkenean».

Hasiera batetik argi zeukaten, bestalde, kalitatezko proiektua sortzeko nahia, eta horrek argitaletxe aproposa hautatzea esan nahi zuela. «Merkatu txikia da gurea, eta gure produktua ez da erraza saltzen. Haiekiko kexarik ez dugu -nabarmendu dute-, hala ere».

Autoeditatzea erabaki zuten. «Proiektu zaila da, inprimatze gastu handikoa, hasiberriak gara komikigintzan... Ez zen lan erraza izan. Komiki azoketara eraman genuen proposamena, eta azkenean, Estatu Batuetako argitaletxe bati saldu genizkion eskubide guztiak. Euskarazko bertsioa plazaratzeko, Turko Comics zigilua sortu dugu. Ingelesez Insight Comics argitaletxeak aterako du, eta frantsesez Akileos etxeak».

Euskarazko bertsioa eskuragarri dago jada Donostia eta Zarauzko liburu-dendetan. Urri bukaera eta azaroa hasiera artean aterako dira ingelesezko eta frantsesezko bertsioak.

Getxoko Komiki Azoka, Saint Malo-ko (Francia) Quai des Bulles-ekoan eta, nola ez, Durangoko Azokan aurkeztuko dute lana. Funtsezkotzat dituzte komiki azokak, lana ezagutzera eman zein beste sortzaile batzuekin ere saretzeko.

Komikiak hiru egileen estiloak uztartu dituela uste dute. Xabierren estilo narratiboa, Martinen ukitu poetikoak narrazioan eta Aritzen 'europar manga', «poetikotik ere baduena», Martinen iritziz. Gustatu zaie talde-lana.

Mapa eta glosarioa

Komikia irakurterraza izango dela uste dute hirurek. Hala ere, istorioan ondo kokatu eta kontatutakoa hobeto ulertzeko, Europa ekialdeko mapa jarri dute liburu hasieran, XIII. mende hasiera horretakoa, eta liburu amaieran glosarioa, eslaviar kulturako hitz zein pertsona-izenekin. Besteak beste, Alexander Nevsky printzea nor izan zen azaldu dute: Novgorod lehen errusiar errepublikako printzea eta gerlaria izan zen, Eliza Ortodoxoak santu bilakatu zuena geroago, 1547an.

Urruneko kontua badirudi ere, badago Miarritzen haren omenezko eliza ortodoxoa, San Alexandro Nevski eta Jainkoaren Amaren Babesaren eliz delakoa. XIX. mendekoa da, eta hiriko tenplu ortodoxo bakarra.

Jarraipena izateko moduan sortu dute Buyanen istorioa. Baliteke etorkizunean kapitulu gehiago izatea. Baina hori beste albiste bat izango da.

Temas

Euskera