«Gehiago da Elgetaz ez dakiguna dakiguna baino, eta hori mauka handia da»
Koldo Izagirreren gidoia duen 'Sasi artean Elgeta' komikia aurkeztu dute Ikastolen Elkarteak eta Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak
«Oso zaila izan da niretzako. Ez nekien komikietarako idazten eta ikastaro bat pasa behar izan dut». Beti bezain zin-tzo eta ohikoa duen umore eta ironia galdu gabe mintzatu zen atzo Koldo Izagirre. 2001ean abiatu zuen soinuaren liburutegia bilduma eta orduan «trikitilari zahar» batzuekin izan ostean otu zitzaion Jacinto Rivas 'Elgeta' trikitilariaren bizitza kontatzeko proiektu bat.
Publicidad
Trikitiaren historian maisuetan maisu bada ere, Izagirreren hitzetan «gehiago da Elgetaz ez dakiguna dakiguna baino, eta hori mauka handia da». Horri erantzuteko dokumentazio lan handia egin da eta ia beste hainbeste kontsulta 'testu' hori komikira eramateko. «Irudiak askotan adierazten du hitzetan adierazia dagoena, orduan kendu egin behar da. Ikasi egin behar da kentzen, ikasi behar da zer den garrantzitsuena». Erabaki horietako bat izan zen narrazioa ez egotea eta irudiak eramatea «koplak sartu behar genituelako». Hori bai, «umore onez» egindako lana izan da Izagirrerentzat eta «gozamen» handia ekarri diona. «Nik bidalitakoa lehenik marraztuta eta gero dena margotuta ikustea gozamen hutsa da».
Horretarako «anbizioa» eta «elkarlana» funtsezko izan dira Dani Fano marrazkilari eta editorearentzat. «Anbiziosoak izan gara, mami asko sartzera joan gara. Komiki honek irakurleari bere aldetik jartzea eskatuko dio», komikiaren oso berezko ezaugarria editorearentzat. «Komikiaren klabea elipsia da, biñeta artean gertatzen dena irakurlek osatzen du. Parte-hartzearen behar hori da komiki zaletasunaren muina».
Kolorista on baten lana
Erritmo «biziko» narrazioan Garluk koloristaren lana nabarmendu du Fanok. «Kolorista on batekin lan egitea zer den ezagutu dut, Ekaitzek marrazkiak bidaltzean ez nituen ezagutzen». «Ezinbestekoa da gidoia koloratzea, ez marrazkia bera», zehaztu du editoreak. Bere sanetan Garlukek egindako lana «oso ausarta» izan da eta horrek «sekulako mesedea egin dio narrazioari».
Aurkezpenean azaldu dutenez, 2018an sinatu zuten hitzarmena Ikastolen Elkarteak eta Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak eta gerora pausuak banaka baina azkar eman dituzte. «Argi izan genuen Elgeta izan behar zela protagonista», adierazi du Agurtzane Elustondo Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko lehendakariak.
Publicidad
Elustondoren hitzetan «euskal kulturaren adierazpen esanguratsuenetakoa» da trikitia eta azken urteotan «euskal kulturaren enbaxadore bezala dabil». Hala ere, hobetzen jarraitzeko asmoz urtero «gabeziak» identifikatzen saiatzen dira, ostean hauei erantzuteko. «Proiektu honekin trikitiarekin lotura ez duten gazteengana heltzen saiatu gara», kontatu du Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko lehendakariak. Eta, noski, Elgetaren istorioa gerturatzen. «Bere bizitza enigma bat da eta Koldok egindako lanari esker hainbat kontu ezagutu ditugu. Asko mitifikatu da eta soinu txikiaren munduari ekarpen mordoa egin dizkio: batetik bi nota kromatiko gehitu zizkion, bestetik errepertorioan ohiko piezei garaiko valls, mazurka, habanera eta beste asko gehitu zizkion. Soinu asko ezagutzen zuen eta bizpahiru tonotan jotzen bazen nabaritzen da berak zazpi tonotan jotzen zuen».
«Soinu asko ezagutzen zuen eta bizpahiru tonotan jotzen bazen nabaritzen da berak zazpi tonotan jotzen zuen»
Agurtzane Elustondo
Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko lehendakaria
Azkenik, Ikastolen Elkarteko lehendakariak Koldo Tellituk «hiru maisuren artean» egindako komikia dela nabarmendu eta hiruek egindako lana goraipatu du. «Dokumentazio eta ikerketa lan handi bat dago bilduma honetan, Eibarko eta inguruetako 'euskerietan' murgiltze-ikerketa». Ildo horretan, Ikastolen Elkarteko lehendakariak bildumaren ezaugarri nagusienetako bat «elkarlana» dela adierazi du eta kasu honetan pausu bat harago joan direla. «Bi autorek elkarlanean egindako lanak izan ohi dira, honetan proiektua bera ere elkarlanean egin dugu Euskal Herriko Trikitixa Elkartearekin».
Publicidad
«Trikitiaren munduan mitorik bada Elgeta da», zehaztu du Tellituk.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión