Gazteen artean «irakurzaletasuna» sustatzeko bilduma
Haritz Larragetak haurrentzat idatzitako lehen lana kaleratu du Erein Argitaletxeak eta bilduma izaera duela aurreratu du
Bilduma bat izatea helburu duen eta mundu berri baterako sarrera den liburua. Halaxe defini daiteke astearte honetan Donostian aurkeztu duten 'Anna Kopek eta matrioxken kondaira' (Erein Argitaletxea). Uxue eta Jokinen ama kirol kazetaria da eta Errusian izango den mundu mailako futbol txapelketa egokitu zaio. Familia osoa bertaratuko da eta bi gazteek misterioak topatuko dituzte, kondairen berri izango dute eta abentura mordoa bizi. Tartean izango da ere talde misteriotsu bat.
Publicidad
Aurkezpenean aipatu duenez Haritz Larrageta egileak «hamar urteko Haritz» izan du buruan, hark gustura zer irakurriko zukeen. «Horrekin jolasean sormen prozesu polita izan da», azaldu du. Hilabeteetako lanean garatu du Uxue eta Jokinen istorioa eta emaitzarekin «oso kontent» geratu da. «Liburu erakargarria dela uste dut, kuriositate batzuk sartzen dira baina ez sakonki. Hamar urteko haur bati interesatzeko ukituak.», zehaztu du.
Proiektua bera berezia da abiapuntutik, «oso modu ez ortodoxoan abiatua» Uxue Razquin Ereingo editoreak umorez kontatu duen bezala. Larrageta Twitter sare sozialaren bidez ezagutu zuen eta haren helduentzako testuak irakurriak zituen. Halako batean haurrentzako liburu bat egiten saiatuko zen bota zion, «ezusteko proposamena» idazlearentzat. « Ez neukan buruan horrelako zerbait idaztea baina behin sartuta oso gustura aritu naiz».
Irakurzaletasuna sustatzea helburu
'Anna Kopek' bildumako lehen lanak «abentura bat bizitzeko» aukera eskaintzen du Razquinen hitzetan eta orrietan barna gaztek baloratzen dituzten hiru ezaugarri dituela aurreratu du: umorea, misterioa eta bihurrikeriak. Honela, protagonistekin identifikatzea errazagoa egiten zaie eta proiektuak oinarri-oinarritik duen helburua betetzen laguntzen du: asmatzeko eta irakurzaletasuna bultzatzeko nahia.
Erritmo biziz, deskribapen argiekin eta «modu oso bisualean», baina edukiarekin. Atzetik duen dokumentazio lana nabarmendu du Ereingo editoreak, baita berau gero aurkezterakoan egindakoa. Izan ere, Mosku edo matrioskei buruzko datuak tamainan daude txertatuta, hamar urteko gazteentzako neurrian, «ez aspertzeko» moduan.
Publicidad
'Anna Kopek eta matrioxken kondaira'
Egilea: Haritz Larrageta.
Ilustratzailea: Marko.
Adin gomendatua: 9-12 urte.
Orri-kopurua: 104.
Prezioa: 13 euro.
Azkenik, Razquinek aurreratu du asmoa Anna Kopek bildumako bigarren liburua 2023rako aurkeztea dela eta astearte honetan aurkeztutako lehena irailean gaztelaniaz kaleratuko dela «irakurzaletasuna sustatzeko» asmo hori hauspotzeko, etxean zein ikasgelatan ere.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión