Gazteek pairatutako eskola-jazarpena, lehen pertsonan eta «oso sinesgarri»
Irakasle bezala bildutako esperientzia oinarri izanda idatzi du Maixa Zugastik 'Zozabarrak' (Erein) eleberri laburra
Irakasle bezala bildutako esperientzia oinarri, Maixa Zugasti (Tolosa, 1973) idazleak gazteei bideratutako 'Zozabarrak' (Erein) liburu laburra ondu du. June izeneko neskato bat du protagonista lanak eta pairatzen duen eskola-jazarpena da gai nagusia, tramari are indar gehiago emateko «lehen pertsonan» kontatua gainera. «Aipatzeko hautua» Uxue Razquin editorearentzat, halakoetan «zaila» delako «sinesgarritasuna» lortzea eta Zugastik erabat lortu du. «Lehen orriak pasa zizkidanetik enpatia hori erakutsi du», aurreratu du. Zugastik erabakia argi izan zuen hasieratik. «Sufritzen duenaren ahotsa da garrantzitsuena», nabarmendu du agerraldian.
Publicidad
Idazleak liburuaren garrantzia onartu du, bai edukiagatik zein «nire bidean suposatu duenagatik». Eskola-jazarpenean edota ziberbullyingean ez da aditua, onartu duen bezala, «irakasle bezala izan ditudan bizipenetatik idatzi dut, beti izan dut buruan». Gazteen ahotsa bilatzeko 2022an idatzi duen 'Atarian' lana izan du oinarri, baita haiei zuzenean egindako galderak. «Ordu hartan euskara eta gaztelania uztartzen zituzten egunerokoan», oroitu du. Oraingo honetan erronka handiagoa izan da ziberbullyingaz mintzatzea, ez baititu sare sozialak eta bestelakoak erabiltzen.
'Zozabarrak'
-
Egilea: Maixa Zugasti.
-
Argitaletxea: Erein.
-
Bilduma: Perzebal, 50.
-
Adin gomendatua: 12-16 urte.
-
Orrialdeak: 80.
-
Prezioa: 11,5 euro.
Tramaren abiapuntua berez ohikoa den baina Juneren bizitza «hankaz gora» jartzen duen ikasgela-aldaketa da. Zoritxarrez «indarkeria eta ankerkeria ezagutuko ditu, baita izua». Udaberrian ahizpa atzerrira joan zen, lehen beldurrak agertuz, eta udazkenean «zozabarren etorrerarekin itxiko du haurtzaroko atea betiko». Den-dena ez da ezkorra, Loreto eta Mariari esker adiskidetasuna ere ezagutuko baitu. Konbinazio hori, lau ardatz horiek uztartzea protagonistaren beldurra, etxeko giroa, eskolaren jarrera eta adiskidetasunaren garrantzia, dira hain zuzen eleberriak duen indarra lortzeko ardatzak, nabarmendu du Razquinek.
Beldur horretan, iritzi du Ereineko editoreak, maiz «egun okerrenak ezer gertatzen ez den» horiek dira eta Zugastik ezin hobe islatu du tentsio hori. «Itxarote edo inpas hori transmititzea oso zaila da». Era berean asmatu du etxeko isiltasuna islatzerakoan, maiz jazarpena pairatzen duenak «gurasoak ez kezkatzeagatik, beldurra edo lotsagatik» ez dute kontatzen. «Agerikoa da zerbait gertatzen dela eta hori irakurleari helduko zaio». Honi kontraposizioan izango da eskolaren jarrera, zuzendariaren eta irakaslearen figuretan gorpuztua. Azkenik, Loreto eta Maria Juneren inguruan egotea «oso garrantzitsu» jo du Razquinek, maiz «bakarrik» irudikatzen direlako eskola-jazarpena pairatzen dutenak eta «ondoan jendea izan arren horrelakoak ere gertatzen» direla erakusten duelako.
Aipatutakoak, gainera, estilo zein erreferentziekin areagotzen ditu. Naturari keinu mordoa aurkituko ditu irakurleak -izenburua bera da adibide- eta metafora bidez konexio ugari egin ditu istorioan zehar idazleak. «Zer kontatu baino nola kontatu da garrantzitsua. Metafora hori konstantea da eta asmatu du», iritzi du Ereineko editoreak. Adibide modura jarri du urtaroen erabilera, liburuari «egitura zein erritmoa» emateko baliatua, edota eguraldiko elementuena, protagonistak bizi dituen egoera zailak deskribatzerakoan tximistak edo trumoiak oso presenta baitaude «eszenari indarra» emanez.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión