«Ez dakigu noraino handitu den euskarazko irakurketa»
«Ikusi beharko dugu pandemiak zein puntutaraino aldatu dituen ohiturak», dio, unean uneko euforiaz harago begiratuz
nerea azurmendi
Sábado, 23 de abril 2022
Liburuak aparteko protagonismoa izan duen asteburuaren ostean, eguneroko martxara itzuliko dira argitaletxeak, udaberriko apustuen emaitzen zain, udazkenekoen prestakuntzan murgilduta. Euskal Editoreen Elkarteko bazkideak, seguru asko, Durango Azokara begira daude dagoeneko... Iazkoan berritu zuen zuzendaritza EEEk, eta bost emakumek hartu zuten lema, lehendakari Carmen Elvira (Pamiela) dela. Olatz Osa (Elkar) lehendakariordeak eta Itziar Osa (Ibaizabal), Idoia Gonzalez (Erein) eta Garazi Arrula (Txalaparta) bokalek osatzen dute taldea. Oraindik berri samarra duen arduratik begiratzen dio Carmen Elvirak, Liburuaren Egunaz harago, liburuaren beraren eta sektorearen egoerari.
Publicidad
– Kasualitatez tokatu omen zineten denak emakume, baina edizioaren arloan, kanpotik begiratuta bederen, igartzen da emakumeen presentzia handiagoa. Belaunaldi aldaketa ere bai.
– Bai, arlo guztietan bezala ari da ematen aldaketa. Badaude editore berriak, emakume zein gizonezko, kanpoan ibili ondoren beste herrialde batzuetan zer egiten den ikusita bueltatu direnak, ideia berriekin, digitalizazioarekin harreman handiagoarekin...
– Irakurleen artean ere nagusi dira emakumeak. Badu horrek eraginik argitaletxeetan?
– Elkartean azken boladan ez dugu egin horretaz hausnarketarik, eta ezin dut gainerako argitaletxeen izenean hitz egin. Guk, adibidez, ez dugu horrelakorik kontuan hartzen. Proposamenak onak badira, berdin baloratzen dira, suposatzen delako literatura onak irakurle onak izango dituela atzean. Hala ere, liburuaren inguruan antolatzen diren ekintzetan bistakoa da emakumeen nagusitasuna. Ni neu haur txikientzako albumetan nago murgilduta, Pamiela-Kalandraka da nire proiektua, eta antolatzen ditugun ekintzetara neskatxoak etortzen dira nagusiki. Ematen du txiki-txikitatik bide bat dagoela markatuta... Gizartea asko aldatu dela iruditzen zaigu, baina ez dakit nik gauzaren batzuetan aldaketa horrenbestekoa den.
– Elkartera itzulita, bertan zaudeten hainbat argitaletxe euskararen munduan ez ezik gaztelaniarenean ere mugitzen zarete. Zein dira bi mundu horien arteko bereizgarriak eta elkarguneak?
– Euskal Editoreen Elkarteak euskaraz argitaratzen duten argitaletxeak biltzen ditu, euskarazko edizioa sustatzeko sortu baitzen. Gaur egun 19 bazkide gara, eta gehiago erakartzea da gure asmoa. Gutariko zenbait Gremio de Editores de Euskadi/Euskadiko Editoreen Elkarteko kide gara halaber, gaztelaniaz ere argitaratzen dugulako. Hizkuntza da bereizten gaituena, jakina. Ezaugarri desberdin eta bereziak ditugu, bakoitzak bere bidea egiten du, bere proiektuak ditu, baina elkartzen gara eta gauza asko egiten ditugu batera. Agian momenturen batean egin izan da talka, baina gaur egun lankidetza da nagusi, eta gauza asko adosten ditugu.
«Liburuaren inguruko ekintzetan bistakoa da, txiki-txikitatik, emakumeen nagusitasuna»
«Daukagun panoramarekin normala iruditzen zait kezkatuta egotea eta zuhurtziaz jokatzea»
– Erakundeen aurrean duzuen jarrera, esaterako?
Publicidad
– Horrelakoetan elkartzen gara, bai, eta hizkuntza desberdina izan arren iritziak gehienetan oso antzekoak izaten dira. Argi daukagu liburugintza babestu egin behar dela, laguntzak behar ditugula gure proiektuak aurrera eramateko. Argi daukagu ere kontuan hartuak izan nahi dugula, gure iritzia eman nahi dugula eragiten diguten erabakietan.
– Ez zaituztete behar bezainbeste entzuten?
– Askotan gauzak eginda daudenean eskatzen digute iritzia. Zergatik ez lehenago, elkarrekin egin ahal izateko? Errazagoa izan daiteke gauzak eginda daudenean zer iruditzen zaigun galdezka etortzea, baina gure ustez egokiagoa da beste bidea.
Publicidad
– Erakundeekiko harremanetan, zein dira une honetan zuen lehentasunak?
– Erakunde askorekin gaude harremanetan, baina estrategikoa den neurrian nabarmenduko nuke EAEko Irakurketa Plana. Deitu gaituzte, eta uste dugu badugula zerbait esateko, kontuan hartzeko modukoa dela gure iritzia. Pertsonalki, gai honen inguruko sentsibilitate handia dut. Kultura eta Hezkuntza sailak buru-belarri dabiltza digitalizazioarekin, badirudi handik etorriko dela dena. Guk ez dugu esaten ezetz, baina gauzaren batzuetan digitalizazioa ez da posible. Albumak, esaterako, diren modukoak izan behar dira. Agian adin batetik aurrera liburu digitala ondo dago, baina txikientzat ez dugu ikusten, eta proiektu horretan bai gaudela apur bat borrokan. Hezkuntza komunitatearekin dugun ardura handia da. Kulturarekin badugu beste gai bat teknologia berriekin lotua, audioliburuen ingurukoa. Izan ere, ikusi behar da merkatuak zer eskatzen duen, eta argitaletxeak, editoreak, horretarako gaude: ikusteko, proposamenak egiteko, erantzunak emateko, balorazioan laguntzeko... Beharrezkoak dira gauza berriak, baina ikusi behar da zein kasutan, eta zein modutan, diren egokiak. Eta gero badaude liburu batzuk ez direnak ez literatura, ez testu-liburuak eta, horrenbestez, laguntzarik ez dutenak. Esaterako, bidaia-liburuak. Horrelakoak euskaraz edukitzea behar-beharrezkoa iruditzen zaigu, bestela jendeak jotzen duelako erdarazkoetara.
– Aipatzen ari zaren kezka horiek ez dira soilik editoreenak.
– Ez, eta ikusirik elkartuta indar gehiago dugula, euskal liburugintzaren balio-katea ordezkatzen dugun lau elkarteek [EEEk, EIZIEk, EIEk eta Galtzagorrik] bat egin dugu amankomunean jarduteko. 'Hitzak zaindari' proietkua jarri genuen abian, adibidez, Kutxa Fundazioaren laguntzarekin.
Publicidad
– Udaberriko sasoi betean zaudete argitaletxeak, eta egunotan aparteko ikusgarritasuna dute zuen liburuek. Eusten zaio pandemiak eragin zuen irakurzaletasunaren susperraldiari?
– Pandemian ikusi dugu gehiago irakurri dela, baina ez dakigu noraino handitu den, benetan, euskarazko irakurketa. Nire ustez, erosteko moduak aldatu dira batik bat. Online kanala asko aktibatu da, eta jendea etxetik erostera ohitu da, nahiz eta parean liburu-denda bat eduki. Horrek atentzioa eman dit, iruditzen zaidalako aukera izanez gero ezerk ezin duela ordezkatu aurrez aurreko liburu-denda.
– Une honetan euskal edizioari tenperatura hartuko bagenio, berora egingo luke, edo hotzera?
– Euforia moduko bat sortu zen, baita euskaraz ere, baina uste dut bueltatzen ari garela lehengora. Gure sektorea beti izan da prekarioa, eta neurri sendoak hartu ezean horrela jarraituko du. Ikusi beharko dugu pandemiak zein puntutaraino aldatu dituen ohiturak, ez bakarrik erosketari dagozkionak. Gustatuko litzaidake tenperatura bero-bero egotea, baina uste dut gehiago dagoela epel. Ez naiz ezkorra, baikorra izatea gustatzen zait, baina denbora gutxian gauza asko ari dira gertatzen: pandemiatik irteten ari ginela dena garestitzen ari den beste zurrunbilo batean sartu gara, azken hilabeteotan gauzak moteltzen doazela dirudi. Momentu pozgarriak ospatu egin behar dira, baina daukagun panoramarekin normala iruditzen zait kezkatuta egotea eta zuhurtziaz jokatzea.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión