Borrar
Las diez noticias clave de la jornada
Iñaki Segurola, 'Nere gorringotik' aurkeztu zuenean egindako argazkian. lusa
Betiko Iñaki Segurola zorrotza, 'Ganorexia' saiakeran betikotua

Betiko Iñaki Segurola zorrotza, 'Ganorexia' saiakeran betikotua

Udaberrian hil zen idazle eta filologo azpeitiarraren «literatura ibilbideari amaiera» eman dio Alberdaniak, haren azken liburua argitaratuz

nerea azurmendi

Sábado, 1 de octubre 2022, 17:58

Iñaki Segurolaren (Azpeitia 1962-2022) liburu guztien aurkezpenak izaten ziren bereziak, beti zutelako ohiko moldetik urruntzen zen osagairen bat. Are bereziagoa izan da haatik 'Ganorexia' hil ondoko saiakerarena. Filologo eta idazle azpeitiarrak 2005 urteaz geroztik ekarri dituen sei liburuetatik bost argitaratu dituen Alberdaniako editore Jorge Giménez Bechek esan bezala, ez dira ohikoak gurean idazlearen presentziarik gabeko aurkezpenak.

2020an 'Sed quia sua' (Erein) eta iaz 'Koiteretzia' aurkeztu zituen toki berean iritsi zen plazara ostiralean 'Ganorexia'. Idazlerik gabe, baina idazleak berak aurreikusitako moduan, liburua ere haren jarraibide postumoei kasu eginez osatu baita. Edizio lanak Aritz Galarragarekin eta Jorge Giménez Bechekin partekatu dituen Garbiñe Larreari esleitu zion egiteko hori Iñaki Segurolak.

«Ez ireki, ez irakurri»

Atxikita artxibo bat zeraman mezu bat bidali zion Segurolak Larreari. «'Gorde. Ez ireki, ez irakurri' zioen. Ez nekien ondo zertan ari zen», gogoratu zuen aurkezpenean. Segurola hil zenean, baina, argi geratu zen mandatua: gerora beste material batzuk azaldu badira ere –zenbait itzulpen, esaterako–, han liburu bat zegoen, 'Ganorexia', «ganoraren anorexia» edo dena delako hori zer den azaltzen hitzaurre eta guzti. Testu haiek liburu bilakatzeko argibideak ere utzi zituen, eta horiek jarraituz burutu dute lana hiru editoreek. «Bere literatura ibilbideari amaiera eman behar zitzaion, eta ez da samurra izan», adierazi zuten.

LIBURUA

  • Generoa: Saiakera.

  • Izenburua: 'Ganorexia'.

  • Idazlea: Iñaki Segurola.

  • Argitaletxea: Alberdania.

  • Orrialdeak: 184.

  • Salneurria: 18,40.

Garbiñe Larrearen ustez, Segurolaren irakurleak «etxean bezala» sentituko dira liburuko orrialdeetan, bere betiko gaiak aurkituko baitituzte bertan: herria eta hizkuntza; idaztearen ofizioari buruzkoak; gizakion arteko harremanak; beldurrak eta ametsak; fedea; heriotza.... Idazlearen jarrera astintzailea eta haren estilo nahasezina ere islatzen ditu, jakina, saiakerak.

Betiko gaiak, hortaz, «baina zer esan berriekin». «Txirritaren, Paul Austerren eta Oteizaren itzala», eta bere-berea zuen «pentsamendu ezbaikaria». Ez, ordea, betiko moduan, Segurola arinago eta gozoago baten zantzuak antzeman baitituzte editoreek testuetan.

Beñat Muguruza, Garbiñe Larrea eta Jorge Giménez Bech, liburuaren aurkezpenean. alberdania

Larrearen arabera, «zorroztasuna eta kritikotasuna hor daude, baina iruditzen zaigu oraingo honetan goxatuago ote dagoen, baita egurra emateko orduan ere». Segurolak. Izan ere 'AAG' (argi, arin eta gozo) bizi zen boladan hasi zen liburua idazten, 2021eko udazkenean. «Gerora etorri zen gaitza, berak 'sakoneta beltza' deitzen zion depresioa eta beronekin batera insomnioa, beldurrak, bakardadea, dolu zaharrak eta maskarak, horiek denak ikusiko ditu irakurleak testuan», irakur daiteke liburuaren sinopsian.

Edizio lanez arduratu diren Giménez Bech eta Larrearekin batera –Aritz Galarragak ez zuen bertaratzerik izan– Beñat Muguruza EHUko irakasleak irakurlearen begiradaz osatu zuen aurkezpena. Berretsi zuen Segurolak betiko gaiak izan zituela gogoetagai nagusi azken liburuan, baina horrekin batera igarri dio «harrotasun puntu bat, desberdina izatearena, bakarra izatearena, artaldetik kanpo bizi izatearena...».

Pandemiaren eragina

Covid-19ak eta 'Koiteretzia'-n oso argi utzi zuen aginte publikoek ezarritako neurriekiko ikuspegi oso kritikoak ere badute tokia saiakeran. «Asko erasan zioten ezarritako neurriek –esan zuen Muguruzak– eta liburu hau etengabe zipriztintzen du pandemiak». «Iñaki ez zegoen dena sinesteko prest, ofizialista askok egin bezala, baina ez zegoen edozer sinesteko prest, negazionistak bezala». «Dudazionismoan» kokatu zen, alegia, irakurleak ere gauzak zalantzan jartzera gonbidatuz.

Dudak zituen, halaber, bere idazkerari buruz. «Nik ez daukat ondo idazterik», idatzi zuen hitzaurrean. Onartzen du, baina, «munduan sekula haizeak inondik joko ez balu bezala» idazten duten «beste batzuen» aldean berak idazten duela haiei falta zaien «estilo batekin. Estilo jakin batekin». Muguruzak esan bezala, «ez du lagunak egiteko idazten».

Segurolak beti «denboran zehar iraungo duten hausnarketak» egiten dituela idatzi du Aritz Galarragak, zeinak planteatzen duen liburu hau «azken puntu baino, ez ote den puntu eta jarrai bat, idazlearen obra irakurtzen jarraitzeko gonbidapena. Hori du on literaturak, bizitzaren aldean, idazlea gure artean ez denean ere, haren lanek bizi-bizirik jarraitzen dutela».

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Betiko Iñaki Segurola zorrotza, 'Ganorexia' saiakeran betikotua