'Beirazko kanpaia', den-dena nahi zuen poeta gaztearen ahaleginak eta gainbehera
Sylvia Plathek argitara eman zuen eleberri bakarra, hil baino hilabete lehenago plazaratua, ekarri du euskarara Txalapartak
nerea azurmendi
Larunbata, 5 martxoa 2022, 18:04
1963ko otsailean egin zuen bere buruaz beste Sylvia Plath idazle eta irakasle estatubatuarrak, Londresen, 31 urte betetzera heldu gabe, buruko gaixotasunaren gorabehera eta astinduen eraginpean bizi ondoren. Atzean utzi zituen bi ume txiki; luzaroan heriotza haren itzalpean egon zen irudi mugatuegia, eta benetan merezi zuten arreta eta aintzatespena hil ostekoa –Pulitzer saria, esaterako, 1982an eman zioten– izango zuten idazlan bikainak.
Poeta gisa da batez ere ezaguna Plath. Euskarara ere horrela heldu zen aurrena, Denonartean etxeak argitaratu eta hurrenez hurren Iñigo Astizek eta Harkaitz Canok itzulitako 'Ariel eta beste poema batzuk' eta 'Hiru emakume' liburuei esker.
Beirazko kanpaia
-
Egilea: Sylvia Plath (Boston, 1932-Londres, 1963)
-
Itzultzailea: Garazi Arrula Ruiz.
-
Argitaletxea: Txalaparta. Amaiur bilduma.
-
Orrialde kopurua: 332.
-
Salneurria: 19,90 euro,
Narrazioak ere idatzi zituen, eta nobela bat, hil baino hilabete lehenago Londresen Victoria Lucas ezizenarekin argitaratu zuen 'The Bell Jar'. Sorterrian hamar urte geroago plazaratuko zen, idazlearen egiazko izenarekin, amari eta senar izandako Ted Huguesi egokia iruditu zitzaien momentuan. Huguesek sutara bota omen zuen bigarren nobela bat ere aipatu ohi da, baina bakarra heldu zen irakurleengana, eta horixe argitaratu du Txalapartak, 'Beirazko kanpaina' izenburuarekin, Garazi Arrula Ruizek itzulia.
Dirdiratik iluntasunera
Zuzentzaile eta bidelagun izan duen Maialen Berasategi Catalanekin batera aurkeztu berri du liburua Arrulak, zeinak Berasategiren arabera «esku finez eta sen handiz» ekarri duen euskarara Plathen «idazkera gordin eta intentsoa». Editore lana ere hartu du bere gain Arrulak eta, alde horretatik, liburuak argitaratu den saileko bi baldintzak betetzen dituela esan zuen: «Klasiko bat da, eta ikuspegi feministatik idatzita dago».
Autobiografikoa da nobela, «ni indibidualean» oinarrituta dago, Plathen obra guztia bezala. Poeta izan nahi zuen 19 urteko Sylvia Plathek bizitakoa Esther Greenwood protagonistak biziko du eleberrian. «Lehiaketa bat irabazi ondoren, bekadun izango da moda aldizkari batean, New Yorken. Hilabeteko egonaldia egingo du bertan», laburbildu zuen Arrulak abiapuntua aipatzean.
Eleberriaren lehen zatian «egonaldi haren nondik norakoak kontatzen ditu: giro apartsua, non dena den dirdira eta parpaila». Liburuaren azaleko irudian bezala, ordea, ke edo laino moduko batek lausotzen du ametsa. Iturri asko ditu neska gaztearen ondoezak: «espazio publikoaren eta pribatuaren» arteko harreman zailaren isla ere baden Rosenberg senar-emazteen exekuzioak, auki elektrikoan gauzatutakoak, eragiten dion egonezina; lekuz kanpo egotearen sentsazioa, «dena zeharkatzen duten konbentzio sozialen» erruz askotan; gaitzaren zantzuak...
Bigarren erdian «iluntzen doa kontakizuna. Mundu hura itzali ahala helduko da gainbehera emozionala, ospitale psikiatriko batetik bestera ibiltzea, genero rolen garrantziaren lekuko eta biktima bilakatzea...». Maialen Berasategik nabarmendu zuenez, 'Beirazko kanpaia' irakurtzean «gai pertsonalak zure larruan sentitzen dituzu. Kontatzeko modua xaloa denez, efektu doblea ematen du».
Ulermen bila
Tristezian amilduta eta galduta sentitu arren, aurrera jarraitzeko ahalegina egiten du protagonistak. Idazleak ere «bizitzeko berunazko borondatea zuen», Plathen hitzak erabilita Arrulak gogoratu zuen moduan. Den-dena nahi du, gainera: «Arrakasta profesionala eta familia bat osatzea». Bi bide horiek uztartzeko zailtasunak eragindako ezinegonari «ze erantzun kliniko ematen zaio, batez ere emakumeen kasuan?», galdera mahairatu zuen Maialen Berasategik. Erantzuna ere bai: «Orduan elektroshocka eta orain botikak». Plath/Greenwood, bien bitartean, «babes bila baino gehiago ulermen bila zebilen».
«Bigarren olatu feministaren garaitsukoa» da eleberria, «orduko teoria eta mugimenduekin dialogoan» idatzia. Gauzak asko aldatu badira ere, gaur-gaurkoak dira funtsezko gaiek: «Amatasuna, heriotza, sexua, eromena, suizidioa... Emakumearen gorputzaren eta sexualitatearen aldarria». Garazi Arrularen ustez, liburua, egilea bezala, «bere garaiko kumea da, baina feminismoari lotutakoetan gezurra dirudi horrenbeste urte igaro izana».