«Batzuetan 'friki' moduan ikusten diren horientzat idatzi dut 'Zerak'»
Gazteentzat idatzi dituen azken liburuetan nagusi zen fantasiaren ordez, argitaratu berri duen honetan «emozioak daude, barruan gertatzen diren gauzak»
nerea azurmendi
Sábado, 1 de enero 2022, 15:54
Haur eta gazteei zuzendutako liburu asko idatzi ditu Yolanda Arrieta Malaxetxebarriak (Etxebarria, 1963). Kide den Galtzagorri Elkarteko webgunean 30etik gora agertzen dira. Sariak ere ugariak ditu, horien artean 2015eko Euskadi Saria. Zenbatu gabe dauzka haatik ikastetxez ikastetxe irakurzaletasuna sustatzeko eta literaturarekiko maitasuna pizteko egiten dituen milaka eta milaka kilometroak. Saio horietan ezagutu dituen hainbat ikasle izan ditu gogoan 'Zerak' (Denonartean, 180 orrialde, 16 euro) idazteko orduan.
Publicidad
– Gazteei zuzendutako aurreko bi liburuetan, 'Ataria' eta 'Txokolategia' eleberrietan, pisu handia zuen fantasiak. Bide beretik doa 'Zerak' hau?
– Ez, hau erabat berria da, oso desberdina estiloaren eta gaien aldetik. Fantasia baino gehiago, emozioak daude, barruan gertatzen diren gauzak, galerak, hutsuneak... Horiek dira 'zerak'.
– Behar baino toki txikiagoa dute 'zera' horiek gazte literaturan?
– Aipatu aipatzen dira, baina moduak dira desberdinak. Haurren kasuan, batzuetan gai moduan lantzen dira. Gazte literaturatzat hartzen diren liburuetan, berriz, ustez gazteentzat erakargarriak diren emozioak lantzen dira batik bat. Nik literaturaren aldetik landu nahi nituen, metaforak eta sinboloak erabili, ez bakarrik gazteenak eta haurrenak baizik eta unibertsalak diren emozioak lantzeko: galerak, norberaren mugak, aurrera egin nahi horretan dauden oztopoak... Batez ere zentratu naiz nerabezaroko zubi garai horretan, haurtzaroa atzean utzi eta norbera izan beharrean, besteak/norbera tentsio horretan.
– Ez baduzu baliatu fantasiaren edo abenturaren estalkia, nola jantzi duzu asmo hori?
– Jantzi dut, hain zuzen, erantziz. Ahalegindu naiz motzean jokatzen, zuzenean harira joateko, baina zeharkako bideei uko egin gabe. 'Zera' horiek formulatzeko erabili ditudan bideak dira metaforak, sinboloak, joko literarioak... Batzuetan, abereak erabili ditut gure barruko alde basatia erakusteko; askatasuna, menpekotasuna eta halakoak azaltzeko; pertsonaren emozioak zein gizartean gertatzen diren gauzak formulatzeko, ia fabula batean bezala.
«Asko irakurtzen duten, oso ondo idazten duten eta maiz isolatuta sentitzen diren horiek izan ditut kontuan»
«Gaur egun eskolak ez du laguntzen hezten ez irakurzaleetasuna, ezta edertasunari buruzko gustua ere»
– Idazketaren aldetik konplexua ematen du. Irakurtzeko orduan badu aparteko zailtasunik?
Publicidad
– Azkar irakurtzeko moduko liburua izatea ere bazen asmoetako bat. Ez diot uko egin idatzi nahi nuen horri, baina liburuak salgarria ere izan behar du, irakurri egin behar dute. Izan ere, gazte literaturan ari naizenean, liburu bakoitza erronka bat da niretzat. 'Ataria'-ren kasuan, nahi nuen egin zerbait egin gabea. 'Txokolategia'-n, kontatu zerbait kontatu gabea. Oraingoan nahi nuen iritsi gazteengana uko egin gabe literaturari: liburu irakurterraza idatzi eta, aldi berean, kapa askotako testua sortu. Zati txikitan idatzita dago, eta ordu eta erdian irakur daiteke dena jarraian. Ariketa hori egiten duenak aurki dezake azpian hari bat, baina solteka edo atzekoz aurrera ere irakur daiteke.
– Zatiak lotzen dituen harian zer aurkituko du irakurleak?
– Protagonista aurkituko du, Alizia, neska nerabe bat. Aurkituko ditu gertatzen diren gauzak, eta gertaera horiek berarengan eragiten duten aldaketa. Hasieran eta bukaeran desberdina da Alizia, bitarte horretan salto bat eman duelako, nerabezaroan gertatu ohi den bezala. Haurtzaroari agur esan dio, eta aldi berriari kaixo.
Publicidad
Irauli, bota eta berriz hasi
– Nerabe eta gazte denak zaku berean sartzeko joera dago, denei antzeko gauzak eskaintzekoa. Gazte ustez 'estandar' horiei ustez gustatzen zaiena izan duzu gogoan 'Zerak' idaztean, edo ez diezu uste horiei jaramonik egin?
– Merkatua markatuta dago, eta merkatuaren barruan markatuta dago zer gustatuko zaien gazteei. Ni oraingo honetan erantziz joan naiz. Lehenik eta behin bilatu behar izan ditut nire nerabezaroko 'zerak'. Horiek eraman naute ikastetxeetan ikusi izan ditudan ikasle batzuengana. Asko irakurtzen duten horiek, oso ondo idazten duten horiek, izan ditut gogoan; batzuetan 'friki' moduan ikusten direnak DBHn eta Batxilergoan, nahiz eta gero karrera ikasten hasten direnean, nerabezaroko bidaia konfliktibo eta bakartia igarotzen dutenean, horiek izan beste askorentzat eredugarri. Ikastetxeetan eta idazketa tailerretan ikusten ditut helduentzako literatura ulertzen duten nerabeak, testu zoragarriak idazteko gai direnak. Ez dut denentzat idatzi, horientzat da liburu hau. Askok nerabezaroan ez dute ondo pasatzen, barruan 'zera' horiek daramatzate, oso lotuta daudenak besteen begiradarekin. Nerabezaroan zaila da norbera izatea, batez ere gaur egun, horrenbeste gauza daudenean: modak, ohitura sozialak, sarean... Nola izan norbera isolatuta sentitu gabe, horixe izan da abiapuntua, baita testu bakoitzean oso presente izan dudan ideia ere. Batzuetan, gazte horiek estalita gelditzen dira orokortasunaren barruan, horregatik iruditu zait egokia arreta eskaintzea.
Publicidad
– Hezkuntzak irakurzaletasunaren eta literaturaren sustapenean duen egitekoarekin ere lotu daiteke aipatu duzun hori.
– Irakurzaletasuna eta literatura ez dira gauza bera, bereizi egin beharko genituzke. Nire ustez, artearen edertasunean hezi behar dugu, matematika bezain beharrezkoa da. Hor dago kokatuta literatura, eta eskolan kamuts gelditzen da ikasleek urteak bete ahala. Umeak lurretik mahaira eta mahaitik pantailara igarotzen diren heinean, apurka-apurka murrizten doa. DBH eta Batxilergoko geletan pantaila da nagusi, libururik ez da ikusten geletan, liburutegirik ere ez ia ikastetxeetan. Honekin ez dut esan nahi hezkuntzak salbatu behar dituenik irakurzaletasuna eta edertasunari buruzko gustua, baina gaur egun eskolak ez du laguntzen hezten ez bata, ez bestea. Ereduaz ari naiz, egituraz. Topatzen ditugu sekulako ahalegina egiten duten irakasle asko, baina egiturak ez dizkie gauzak errazten: denbora gutxi dute, klaseak laburrak dira, denak aurrera begira dauden ikasgela karratuek ere ez dute laguntzen...
– Euskararen kasuan, irakurketak trebakuntzarekin duen lotura zuzenak eransten dio beste geruza bat egoerari?
– Bai, oztopoz beteriko geruza, gainera, edo zuloz beterikoa, literatura instrumentala bihurtzen delako; zerbaitetarako gauza, eta ez berez dena.
Publicidad
– Ba al du arazoak soluziorik?
– Gaia oso konplexua denez, zaila da ondorio bakarra ateratzea... Nik, edukiontzi bat balitz, irauli egingo nuke, dena bota eta berriro hasi. Liburu honetan egin dudan bezala, joango nintzateke gauzak kentzen eta kentzen, oinarrizkoa dena aurkitu arte, oinarri horretatik berriz abiatzeko.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión