Asel Luzarragak 'Uzta Garaia' gazteentzako eleberria argitaratu du
Idazle bilbotarrak 2018an hasitako bidea jorratu du jabetzaren ideia ardatz duen lan honetan
Aurrez egindako lanen balorazioa eginda, Luzarragak ez zuen gazte literaturarako «joera» sentitu, baina beste egileen iritzia jasota 2018 amaiera aldera kaxoi batean gordea zuen proiektua berreskuratu eta hasiera batean helduentzako izan behar zen lana moldatu eta «gazteagoentzat» bideratu zuen.
Publicidad
Lehenik Xabier Mendiguren editorea 'Karonte' argitaratu ostean bere narratzeko estiloa gazteentzat «oso aproposa» zela azpimarratu zion. Ordura arte «literatura egitera» mugatu zen Luzarraga, «adinean pentsatu gabe» eta soilik «barruak eskatzen» ziona eginda. Ostean, Durangoko Azokan Jon Anduezarekin topatu eta gazte literaturan zer dagoen «hausnartu» ostean, hilabetera edo barne grisa esnatu zitzaion.
« Ideia geratu zitzaidan eta hilabetera edo liburuko protagonistak, Iraultza eta Zigor bikiak, etorri zitzaizkidan eta zer kontatu neukala ikusi nuen. Nire unibertso literarioan bete-betean sartzen zirela, margolan horretarako piezak bazirela». Ildo horretan ulertzen da 'Uzta Garaia' Covid-19aren eraginpean eta bereziki itxialdian idatzitako liburua bada ere honen trazarik ez izatea. Estilo ezberdinekoak badira ere, Luzarragaren lan guztiek «margolan koherente bat» osatzea baita egilearen asmoa eta, honela, «liburu guztietako errealitateak aldi berean» existitzea. «Liburu bakoitza abentura literario bat da eta bilatzen dudanerako batzuetan errealismo handiagoa eta besteetan bide distopikoagoa erabiltzen dut».
Neba-arrebak fikziozko Ondarrate udalerrian bizi dira, Bizkaiko Urdaibai inguruan kokatzen den herri arrantzalean. Urtero bertaratzen dira mahatsa biltzera eta kanpamentuan Baazima ezagutuko dute. Horrek jabetzari buruzko hainbat galdera sortzen dizkie, bereziki Iraultzari.
Hiru istorio, kolpez
Inspirazio une horretan hiru istorio bururatu zitzaizkion idazleari. Lehena Elkar argitaletxean argitaratu berri dena, bigarrena jada idatzia duen 'Katuak jandakoa' eta, azkena, negu aldera idaztea espero duena. Hori gutxi balitz, aldi berean beste liburu batzuk ere idazten aritu da. «Etorkizunari begira nire bidea nahiko markatuta daukat, horren barruan kokatu dira hauek ere».
Publicidad
Idazle bilbotarra enpresa-ikasketetan diplomatua da eta baita euskal filologian lizentziatua ere. Era berean, Punkamine musika bandako partaide izandakoa da, eta baita Euskal PEN klubeko kide ere. Egun eleberrigile lana itzulpengintzarekin uztartzen du.
Uzta garaia
-
Egilea: Asel Luzarraga.
-
Argitaletxea: Elkar argitaletxea.
-
Generoa: Narratiba.
-
Adin gomendatua: 12 urtetik gorakoentzat.
-
Orri-kopurua: 120.
-
Salneurria: 12 euro.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión