Antzerkiaren corpus teorikoa eta urtetako esperientzia uztartu ditu Ander Lipusek
Aktore eta antzerki zuzendariak Antzerkiaren labirintoan I: Bitakora koadernoa' eta 'Antzerkiaren labirintoan II: Artedrama baten bila' aurkeztu ditu
Ia obsesioa zena ase du Ander Lipus aktore eta antzerki zuzendariak 'Antzerkiaren labirintoan I: Bitakora koadernoa' eta 'Antzerkiaren labirintoan II: Artedrama baten bila' liburuak onduta, astearte honetan Donostian egindako aurkezpenean azaldu duenez. Corpus teoriko bat sortzea aspaldi zuen buruan, are gehiago euskaraz antzerkia ikasteko aukera falta ikusita. Ildo horretan hainbat pauso eman eta zenbait egitasmo sortu ditu, besteak beste Artedrama euskal laborategia edo Antzerkiola.
Publicidad
Alde praktikoa bidean jarri zuten orduan eta euskaraz formatzeko aukera hori gauzatu zuten, baina corpusaren falta zuen oraindik buruan eta duela bost urte pausoa ematea erabaki zuen. «Hainbat teorikoren testuliburuak itzuli ditut eta ikusi nuen ez zegoela beste biderik guk egitea baino», azaldu du. Abiapuntuan ez zuen oso argi nola heldu erronkari eta Oier Guillan Ganbila antzerki bildumako editorearengana jo zuen. «Zuk idatzi esan zidan», adierazi du umorez.
Bost urte igaro ditu labirintoan gora eta behera Lipusek eta idazkera «apasionantea» egin zaiola azaldu du. Testua sortzerakoan Juan Ibarzabal 'Bustarri'-ren bertsogintzako liburua eta Konstantín Stanislavskiren 'Un actor se prepara' izan ditu eredu. «Bi mundu horiek hartuta nigandik idatzi dut, antzerkiaren nire gogoetak bilduz». 'Bustarri' bertsolaritza irakasle izan zuen eta gogoetak, bertsokera, bertsolaritzari buruzko ideiak eta bertsoak oso modu sinplean kontatu zituela azpimarratu du, Stanislavskik bezala. «Klasetako anekdotak sarritan kontatzen zituen. Antzerki teoria eta bizipenen artean klaseetako anekdotak sarritan kontatzen zituen».
Guillanek aurreratu duenez lehen tomoa «autografia mamitsua, tarteka dibertigarria, tarteka poetikoa» da eta orrietan barrena irakurleak antzerkigintzaren eta, orokorrean, kulturgintzaren erradiografia aurkituko du. Bigarrena zehaztasun handiko gida teoriko praktikoa da antzerkia egin, ikusi eta ulertu nahi duenarentzat. Bertan Lipusek idatzitako artikuluak ere jaso ditu, «ibilbidearen autoerretratua garaian garaiko maskaraz eta ahotsez jantzita». Hori bai, biek obra bera osatzen duela nabarmendu du.
Liburuak bide artistikoaren inguruko gogoeta egiteko baliatu ditu Lipusek, antzerkiari buruzko teoria ezberdinak azaltzeko eta «ezagutu ditudan pertsonei buruzko mapa bat egiteko». Hala, mapa horretan hasierako influentziak zein ostean izandakoak ikusiko ditu irakurleak, Joseba Sarrionandia, Jorge Oteiza, Mikel Laboa, Joan Antonio Urbeltz edo Dejabu panpin laborategia, besteak beste, baina baita bertso -Lazkao Txikitik Maialen Lujanbiora-, eta musika mundukoak zein arte bisual eta plastikokoak.
Publicidad
Esperientzia eta bizipenez gain, aktore baten ibilbidean lagungarri izan daitezkeen hitz tekniko asko jaso ditu Lipusek obran. «Besteak beste nire mundua eraikitzeko sortutako kontzientzia hirukoitzari buruzko teoria edo aktorearen bost zutabeak. Baina horretaz aparte hainbat hitz tekniko euskaraz askotan erabili ez ditugunak». Azkenik, aktore eta antzerki zuzendariak idatzitako artikuluak sartu dituzte. «Hor ikusten da hasierako urteetako amorrua eta dena zartatzeko gogoa» eta, noski, egilearen «teatroaren ikuspegia».
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión