Aspaldiko gerretako kontuak, botereaz, propagandaz eta manipulazioaz aritzeko
Hirugarren karlistaldia eta XV. mendeko pertsonaiak baliatu ditu Anjel Lertxundik 'Gilles de Rais' eleberrian gaur-gaurkoak diren gaien inguruko gogoetan sakontzeko
Hogeita bost urtez, zain izan du Anjel Lertxundik (Orio, 1948) Gilles de Rais (1405-1440) etxe oneko mariskal frantziarra, Arc-eko Juanaren oso hurbilekoa, haur-hiltzaile pedofiloa. 1995eko 'Piztiaren izena' liburuak biltzen zituen bost ipuinetako batean agertzen zen. Bazekien gehiagorako eman zezakeela, baina ipuinaren muga estuetan gordeta eduki du, umotzen, handik ateratzeko aukera sortu zaion arte. Hiru urte eleberririk argitaratu gabe igaro ondoren, Alberdaniarekin argitaratu du 'Gilles de Rais' nobela, duela mende laurden Ifrentzuak saila abiarazi zuen liburu hura bezala. Bertako editore Jorge Giménez Bechekin partekatu du, elkarrengandik urrun bazeuden ere, eleberriaren aurkezpena.
Publicidad
«Beti nengoen horri heltzeko, eta momentu batean ikusi nuen aukera nuela, eta denbora ere bai. Ekin nion froga moduan, eta gero eta garbiago intuitu nuen hura baliatuta kontatu behar genuela gerra bat, gerra kontatu gabe», gogoratu du idazleak. Hartara, gerrarik gabeko gerrari buruzko liburuan ez dago eszena beliko bakar bat ere. Gilles de Raisek ere ez du presentzia handirik. Garrantzitsua da, hain zuzen, ez dagoelako. «Ez da agertzen ez bada erreferentziengatik, ez da hitz egiten hari buruz ez bada 'in abstentia', baina pertsonaia inportantea da», azaldu zuen Lertxundik.
Lotura sakonago bat islatzen duen neurrian, Gilles de Rais da orduko ipuina eta gaurko nobela lotzen dituen hari nagusia. 'Piztiaren izena' bildumako ipuinen arteko lotura zen «mito faustikoa, deabruari arima saltzea dohain baten truke». Salerosketa denak ez dira ordea berdinak. «Faustok mundua ulertzeko gaitasunagatik saldu zuen arima, horren gainetik jarri zuen jakituria. Kasu honetan, diruarengatik saltzen du arima protagonistak. Hori gorabehera oso tipikoa da dirua goresten duen modernitatean», adierazi zuen Lertxundik, bi ikuspegien arteko aldea argitzeko.
Edonon, edonoiz
'Gilles de Rais' eleberriko protagonista, hortaz, ez da Gilles de Rais, Vincent izeneko antzerkigile frantziar bat baizik. Hirugarren karlistaldian, militar karlista batzuen bisita jasoko du. Haiek eskatuko diote «obra bat sortzea eta antzeztea gerran dauden militarrak adoretzeko». Militar ultrakatoliko haien enkargua ia bideratuta iritsiko zaio: komenigarria izango litzateke obran Arc-eko Juana azaltzea, beste Karlos VII. baten alde –karlisten Don Karlos ere zazpigarrena zen Borboikoen leinuan– borrokatu zen dontzeila.
Gilles de Rais, ordea, hobe ez agertzea. «Ez litzateke onargarria izango militar karlista integrista batzuek agindutako obran mariskal pedofiloa agertzea, nahiz eta bera izan Juanaren armakide leial eta fidela».
Publicidad
Vincentek onartuko ditu militarren baldintzak, dirua jarriko du zintzotasun artistikoaren gainetik, «diru zikina, manipulazioare bitartez irabazitakoa. Behartu egin dute propaganda belikoaren zerbitzura jartzera testua, urte batzuk lehenago pentsatu ere egingo ez zuena. Hari argumental hori interes handia eragiten didan kontua da», esan du Anjel Lertxundik. Mito faustikoaren beste osagaietako batek ere badu tokia eleberrian: «Zer astakeria egin duen ikusten duenean, arima saldu izanaz damutzeak».
Gerraren, egiaren balioaren, propagandaren, manipulazioaren eta gaur-gaurkoak diren beste zenbait gairen inguruko gogoeta eragiten duen eleberrian, editorearen hitzetan, «begien aurrean jartzen digun errealitateak ertz asko ditu. Peripezia batzuetan lazgarria da, beste batzuetan groteskoa, inoiz komikoak gertatzen diren pasarteak ere badaude».
Publicidad
Historiak badu tokia eleberrian, baina Gilles de Raisek duen tokiaren parekoa dela esan daiteke, ez baita inondik ere nobela historiko bat. Kokapen jakinik ere ez du, nahiz eta Lizarraldean irudikatzen duen egileak. Ulergarritasuna bermatzeko izan ez bada, Anjel Lertxundik ez dio aparteko jaramonik egin konkrezioari, «unibertsalaz hitz egitea» zelako bere asmoa; edonon eta edonoiz, gaur bertan, gerta daitekeenari buruz. Edozein gerratan, edozein gatazkatan, «gerrak bezala gizartearen egitura guztiak ikutzen dituen eta ezer hondatu gabe uzten ez duen pandemia egoera batean...»
Nobela morala
Oraingoan ere Lertxundi eleberri moralaren inguruan ibili dela adierazi du editoreak. Ezinbestean. Izan ere, Lertxundirentzat «nobela bat beti da morala, morala ikutzen ez duenean ere bai, ikutzen ez duelako. Pertsonaiak hausnartzen hasten direnean, edo akziora pasatzen direnean... Beti daude erabaki inportante horietan osagai moralak; kontuan hartzen dituztelako, edo hautsi egiten dituztelako».
Publicidad
Editorearen ustez «di-da batean irakurtzen den» eta «gogoetarako bazka handia ematen duen» eleberriko hari nagusietako bat boterearen inguruko hausnarketa da. «Nobelan oso argi ikusten da pertsona denak direla boteredunak, eta denek baliatzen dutela. Kontua da nola...». Militarren artean ez dago ohiko bidetik aldentzen den askorik. Protagonistak, enkargua bere horretan onartzen duenean, tarte txikia uzten dio bere buruari bestela jokatzeko. Bada ordea bide propioa egiten duen pertsonaia bat, beste aukera batzuk badirela erakusten duen Ultzamako apaiza. Zuzenketak egiterakoan idazlea bera «gehien harritu duen pertsonaia» da. Irakurleak, berriz, estimatuko ditu tarteka haren eskutik helduko zaizkion atsedenaldiak.
Eskaintza berezia
'Gilles de Rais' paperean (114 orrialde, 13,50 euro) eta ebook formatuan (8,45 euro) argitaratu du Alberdaniak. Bihar, gauerditik gauerdira, 4,25 euroren truke erosi ahal izango da argitaletxearen webgunean.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión