«Ez ziren bakarrik ETAko militanteak joan ihesean, sindikalistak eta militante politikoak ere baziren»
Txomin Hiriart-Urrutyk 'Anai artea. 1969-2021 Elkartearen historia' (Elkar) lana kaleratu du «historia transmititzeko eta aurreiritziak ezabatzeko»
Elkarte edo mugimendu batek urte askotako ibilbidea izanagatik, beti ez da ezaguna hark egin duen lana. Anai Arteak elkarteari buruzko hutsunea identifikatu ostean Txomin Hiriart-Urruty egile eta historiako irakaslea hasi zen 'Anai artea. 1969-2021 Elkartearen historia' (Elkar) lana kaleratzeko lehen pausuak ematen, argitaletxearekin publikatzen duen bigarrena.
Publicidad
Donostian egindako aurkezpenean zehaztu bezala, «Anai Artea elkartea 70. hamarkadan sortu zen elkarte humanitarioa izan zen, hegoaldetik ihesean zetozen gazteei laguntzea helburu zuena». Hiriart-Urrutyren esanetan eginkizunak laster biderkatu ziren eta oso ezberdinak izan dira 50 urteko ibilbidean.
Izen asko egon ziren elkartearen sorreraren atzean, esaterako Piarres Lartzabal edo Telesforo Monzon. 1969an iheslariei laguntza emateko lehenik jende ezberdinen etxeetan aterpe bat eskaintzen zitzaiela kontatu du egileak eta, bolada baten ostean Donibane Lohitzunen erositako aterpean. Ez zen eskaintzen zen laguntza bakarra, administrazioarekin paperak lortzen laguntzen baitzitzaien eta artatzeko mediku sare bat ere antolatu zuten. «Ahal bezala Ipar Euskal Herriko gizartean integratzen laguntzen zieten», laburtu du Hiriart-Urrutyk.
80 eta 90 hamarkadak, zailak
Ondorengo hamarkadak ez ziren errazagoak izan, egilearen esanetan. 80ko hamarkadan erreleboa ez zen erraza izan eta testuinguru gogorrak ez zuen lagundu; 90ko urteetan Anai Artea elkarteko kide batzuk atxilotuak ere izan ziren. «Hortik hasi ziren gehiago jorratzen presoen gaia, lekuko hautetsiekin harremana izaten alde humanitarioaren bidez presoen egoera zuzentzeko».
Testuinguru hura ondo ezagutzea funtsezkotzat jo du Hiriart-Urrutyk «memoria transmisio» lan on bat egiteko eta aurreiritzietan ez erortzeko. «Ez ziren bakarrik ETAko militanteak joan ihesean, sindikalistak eta militante politikoak ere baziren». Peio Etxeberri-Aintxart Elkarreko editoreak nabarmendu duenez hori da argitaletxearen helburuetako bat, «denboran urrutikoa eta gertukoa» den historiaren ezagutza, eta liburu honen ekarpena «oso inportantea dela» azpimarratu du.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión