Allande Socarrosen hainbat idazlan, eta ongi ezagutu zutenen 12 lekukotza
'Allande Socarros (1957-2021). Euskal idazlan eta lekukotasun' liburua Sü Azia elkarteak eta Euskaltzaindiak eman dute argitara
Jueves, 15 de septiembre 2022, 12:52
Allande Socarros euskaltzain urgazle zenduaren omenez, 'Allande Socarros (1957-2021). Euskal idazlan eta lekukotasun' liburua aurkeztu zuten atzo, irailak 14, Sü Azia elkarteak eta Euskaltzaindiak Maule-Lextarren. Aurkezpenean nabarmendu zutenez, liburu honen bidez «iazko abenduaren 9an zendu zen Allande Socarros xiberotar euskaltzain urgazle jakintsua nahi izan dute ohoratu» Akademiak eta Sü Aziak. Liburua bi zati nagusitan antolatu da: alde batetik, «Allandek berrogei bat urtez idatzi zituen artikulu eta liburuetako idatz-zati hautatu zonbait biltzen ditu eta, bestetik, Allande ontsa ezagutu zuten hamabi pertsonaren lekukotasunak eskaintzen ditu».
Publicidad
Hamabi lagunek «argibide anitz eman dituzte Allanderen lanez, kolaborazioneez eta egitateez. Horrezaz gain, Allanderen nortasuna eta ikusmoldeak deskubrituko ditugu. Hots, gizon libre bat ageri zaigu, euskarari, euskal kulturari eta Euskal Herriari bizitza osoa eman diena». Euskararen Erakunde Publikoaren laguntzaz prestatu da liburua.
Aurkezpenean Battitu Coyos Euskaltzaindiaren Ipar Euskal Herriko ordezkariak eta Sü Haziako Jean Michel Bedaxagarrek hartu zuten parte. Coyosek gogoratu bezala, «behin elkarrizketa batean erran züan honek Allande ontsa laburbiltzen du: 'Militantziak bizitza hartu dit'». «Lagun mina galdu dugu eta langile handia; Allande omendu nahi izan dugu liburu honekin, bide batez Xiberuaz eta euskaraz jakintsu baten lanaren aztarna utzi ondoko belaunaldientzat», adierazi zuen, berriz, Bedaxagarrek.
Allande Socarros Etxebarren (Zuberoa) sortu zen 1957ko uztailaren 12an, eta Maulen hil, 2021eko abenduaren 9an. Euskaltzain urgazle izendatua izan zen 2018ko uztailaren 20an. Euskaltzaindiaren lau batzordetan lan egin zuen: Euskalkien lantaldean (2013-2021), Euskara Batuaren Eskuliburua batzordean (2017-2021), Euskara Eskuz Esku egitasmoan (2018-2020) eta Onomastika batzordean (2019-2021). Ofizioz argazkilari izanez, laster kazetaritzara joan zen. Aldizkari anitzetan idatzi zuen, nahiz euskara batuaz, nahiz zubereraz: Zeruko Argian, Egian, Abilen, Ekaitzan, Argian, Jakinen, Herrian... baina nagusiki lanbidez Euskaldunon Egunkarian eta Berrian (1990-2008). Laurogeiko hamarkadatik goiti militante abertzalea izan zen eta bizi osoan militatzen egon. Kazetaritzaz gain, lan anitz eraman zituen sare sozialetan, itzulpengintzan, elkarteetan. Liburu zenbait argitaratu zituen eta zuberera zorrozki landu zuen, euskara batuarekiko zubia eginez. Oro har, erran genezake Allande Socarros Zuberoako eta zubereraren enbaxadorea izan zela.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión