Norbera eta Afrika ezagutzeko bidaia poliedrikoa
Abdurazak Gurnahren 'Paradisua' eleberria euskaratu dute Joxe Mari Berasategi eta Maialen Berasategik Jokin Zaitegi bekaren baitan
Jokin Zaitegi Sariaren baitan itzuli dute euskarara Joxe Mari Berasategik eta Maialen Berasategik. Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak azaldu duen bezala 'Paradisua' Abdurazak Gurnahren «obren artean errepresentatiboena» iruditu zitzaien eta horrek bultzatu zituela lehiaketarako hautatzera. Biren artean itzulpen bat egitea baliteke errazena ez izatea batzuetan, baina ez Joxe Mari Berasategi eta Maialen Berasategirentzat. Aurkezpenean esan duten bezala duela urte batzuk nerabeentzako 'Ninak ospa' liburua ere itzuli zuten. «Orduan nik hitzez hitzeko itzulpen-zirriboro antzeko bat egin nuen eta Joxe Marik txukun txukun jarri zuen. Orain kontrakoa egin dugu», azaldu du Maialen Berasategik. Hasieratik izan zuten garbi eta emaitzarekin oso gustura azaldu dira.
Publicidad
Gurna 1948an jaio zen Zanzibarren, baina 18 urterekin Ingalaterrara joan behar izan zuen errefuxiatu modura. Han egin zituen ikasketak, baita doktoretza ere, eta modu «autodidaktan» gerturatu zen irakurketa eta idazketara. Eleberria Tanzanian girotua dago XX. mende hasieran, lehen mundu gerraren aurretik, eta irakurlearentzat ezohikoa izango den ikuspegitik kontatua dagoela nabarmendu dute. «Europarrok afrikarrekin izan eta ditugun sineskeria eta superstizioak baina beste noranzkoan ikusiko ditu, desagertua den mundu bat kontatzen du, europarrek afrikarrei buruz egindako kontakizunei kontrajarria». Hori bai, afrikar ikuspegi hori «idealizatu gabea» da eta estilo aldetik idazkera soil batekin josia. «Ez du azaltzen ezta erakusten, ondorioak, ateratzekotan, irakurleak berak aterako ditu», aurreratu du Maialen Berasategik.
'Paradisua'
Egilea: Abdurazak Gurnah.
Itzultzaileak: Joxe Mari Berasategi eta Maialen Berasategi.
Argitaletxea: Elkar.
Prezioa: 23 euro.
Orri-kopurua: 328.
Ildo horretan bi itzultzaileek ahozko kontakizunak duten presentzia aipatu dute eta Yusuf protagonistak maite duela horiek entzutea: zen den ametsa, zer egia, zer ametsaren egia, esklabotza zer den... «Hitza Hitza askotan erabiltzen ez den arren oso presente dago esklabotza, askok egina eta askok epaitua. Libre izan nahi ez duen esklaboa edo libre ez den baina dela uste duena azaltzen dira».
Abiapuntua «idaia bat da, poliedrikoa, haurtzarotik nerabezarora eta helduarora eta bestetik norberaren etxetik, mikromundutik, mundu zabalera». Gurasoek 'osaba' Azizekin bidaian joan behar duela esan diote Yusufi, merkatari aberats batekin, aitak harekin duen zorra kitatzeko. Afrikako hainbat bazter ezagutuko ditu, tartean europarrek menpean harturiko lurraldeak zein zurien berri ez daukaten baso eta oihanak. «Yusufek ikasi beharko du nola iraun bizirik eta osorik, nola bizkor samarra izan eta aurrera segitu nora doan oso ondo jakin gabe», azaldu dute.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión