Abdulrazak Gurnah-ren 'Paradise' itzultzeko deialdia
Jokin Zaitegi Sariketaren bitartez eleberriaren laginak bidal daitezke abenduaren 31ra arte
DV
Miércoles, 8 de diciembre 2021, 12:52
Jokin Zaitegi Sariketaren bitartez aurten Literaturako Nobel Saria irabazi duen Abdulrazak Gurnah idazlearen 'Paradise' eleberria itzultzeko lehiaketa martxan jarri dute Arrasateko AED elkarteak eta Elkar argitaletxeak, Arrasateko Udalaren eta Laboral Kutxaren laguntzarekin. Honen bitartez «Jokin Zaitegi arrasatear idazlea gogoratzeko eta hark literatura unibertsala euskaratzen egindako ahaleginari jarraitzeko» beste pausu bat eman nahi dute.
Publicidad
Suediako Akademiak idazle tanzaniarrari eman dio aurten saria eta deialdiaren bitartez liburua itzultzeko gogoa eta gaitasuna dituen edonork har dezake parte lehiaketa honetan antolatzaileek proposatutako lagina euskaratuz eta ADE elkartera bidaliz. Antolatzaileek zehaztu dutenez, dokumentu bi igorri behar dira mezuaren barruan: batean, itzulpena bera aurkeztuko da, ezizen batekin sinatua; bestean, ezizen horren ostean dagoen itzultzailea nor den azalduko da, harremanetan jartzeko moduarekin batera.
Irabazleak 6.500 euroko saria irabaziko du Paradise itzultzeko; diruaren erdia jakinarazpena egitean jasoko du, eta beste erdia lan amaitua entregatu ostean. Lan amaitua 2022ko irailaren 31 baino lehen entregatu beharko du Elkar argitaletxean. Ostean, 2022ko Durangoko Azokan aurkeztuko da Abdulrazak Gurnah-ren lana euskaraz. Ale guztietan nabarmen aipatuko da Jokin Zaitegi saria, baita itzultzailearen izena ere.
Oinarrietan zehaztua dagoen bezala, aurkeztutako lanek aski kalitaterik ez balute saria hutsik utzi liteke eta itzulpena enkargu bidez egin. Erabakia Joannes Jauregik, Ana Isabel Moralesek eta Garazi Ugaldek osatutako epaimahaiak hartuko du 2022ko urtarrila amaitu baino lehen.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión