111 Akademia gabe, euskal literatur sistemak hamaika arazo
Apirilean «kinka larrian» zela iragarri eta jarduna amaitutzat eman ostean, ibilbidea eskertu nahi dute Karmele Jaio eta Harkaitz Canok
Ez gutxitan, aipatu da euskal literatur sistemak bizirik iraun dezan irakurleak duen garrantzia. Sutsuki defendatu duenetako bat izan da Arantxa Urretabizkaia idazlea, «irakurlerik gabe ez dago literaturarik» bezalakoekin. Hala esan zuen 2023an, 111 Akademiaren Saria jaso zuenean. Eta esaldia, zoritxarrerako, lehen lerrora indartsu itzuli da erakundeak bere ibilbidea amaitutzat eman baitu «arrazoi bakarra» bitarte, oharrean esan bezala: «ekonomikoa; behar beste dirubiderik lortu ez izana egitasmoa garatzeko». Apirilean iragarri zuten «kinka larrian» zela etorkizuna, baina ordutik «herri erakundeen aurrean» egin dituzten eskariek ez dute «erantzun egokirik aurkitu zoritxarrez». Hala, azken boladan zazpi dirulaguntza eskatzea beharrezkoa zuten, langile bakarrak akademiaren eguneroko jardunarekin batera kudeatu behar zituenak. «Gehiegi, erre egin genuen», dio Jon Unanuek. Gizalegez, jasotako sorpresa ere aipatu nahi du akademikideak, Soraluzeko Kooperatibatik heldutako 1.000 euroko laguntza. «Ezeren truke erakunde pribatu batek egindako lehena izan da 29 urteko ibilbide luzean», dio triste.
Publicidad
Albistea jakinagatik, kolpea ez da txikiagoa izan. «Une hau guretzako etsigarria da eta oso tristea, baina gozotasun bat ere geratzen zaigu gure jardunak ondoriorik eta emaitzik izan duelako, irakurzaletasuna sustatzeko balio izan duelako», diote akademiatik. Eta bat datoz Karmele Jaio eta Harkaitz Cano idazleak. Gasteiztarrak «pena handiz, sinetsi ezinik» jaso zuen. «Nola den posible hainbeste urtez osasuntsu, bere lana ondo eginez, aritu den proiektu batek diru faltagatik» uztea jarduna. «Euskal kulturaren eta euskal literaturaren egoera zein den badakigu, bultzatu nahi badira bide eta ekimen guztiak dira beharrezkoa». Ildo horretan, lasarteoriatarrak gehitzen du egun zehatz baten faltan, egitura edo erritualik ez dugunez, «irakurleen aldetik datorren ekimen bakana» desagertzea «miserablea, patetikoa» da. «Ez nekien haien barne-funtzionamenduaren berri eta dezente harritu nau. Badirudi benefizentzia sistema baten menpe gaudela, administrazioak ez zaituela aintzat edo serio hartzen ez badizkiozu 6 edo 8 milioi euro eskatzen». Bere aldetik, «kulturari ematen zaion balioa» islatzen duela iritzi du Jaiok, maiz gailentzen den «ikuspegi merkantilistaren» gainetik, –'kultura definitarioa da'– ematen duen «aberastasun» guztia ere balantzan jarri beharko litzatekeela.
Horixe baitzen indargune handiena hiruentzat, «irakurlea protagonista» izan dela, «iritzia lasaitasunez» eman ahal izan duela eta, gainera, literatur munduan eragin. Izan ere, 218 akademiakideek urtero «libururik gustukoena» bozkatu dute, hortik bost izendatu dira hautagai eta bozketa sistemaz nabarmendu bat. «Egile berri askoren lana ezagutzera emateko balio izan du», aldarrikatzen du Unanuek. Horretaz gain, feedback esparru eta «zikloa ixteko» eremu izan da, Jaiok dioenez. «Irakurleak zer pentsatzen zuen jasotzen genuen, literaturaren zikloa are biribilagoa eginez. Hori galtzea oso larria iruditzen zait. Ez bakarrik sektoreari eta literaturari begira, gure jardunari begira ere. Idaztea oso lan bakartia da eta oso zaila izaten da iritziak jasotzea, zer sentitu duten gure lan bat irakurtzean».
Saria baino, ospakizun
Ildo horretan, liburu bat «ateratzea, pentsatzea, burutzea, editatzea» asko kostatzen denez, Canok biziki eskertzen die sari-banaketa ekitaldiak antolatzeko zuten modua. «Polita, zaindua, mimoz egina. Sortzen zen giroa polita zen, ni ospatzaile eskasa naiz, nire akatsetako bat da, ez da berez ateratzen zaidana, eta erakutsi zidaten gauzak ospatu ere egin behar direla». 29 edizioen balantzea egiten du agur oharrak, soilik bost idazlek jaso dutela birritan saria: Ur Apalategik, Ramon Saizarbitoriak, Anjel Lertxundik, Jaiok eta Canok. «Ohorea» bientzat irakurleek zuzenean emandakoa delako eta, batik bat, «gustukoena» delako, ez onena. «Pasio hori bultzada eta poza da», dio Jaiok. «Horrek zaletu gintuen literaturara, pasioa ezin da instituzionalizatu, baina artikulatzeko gai diren kanalak ezin ditugu galdu. Kariño berezia izan diot beti», gehitzen du Canok.
Bi idazleek, gainera akademiak sariz gain burututako bestelako ekimenak aipatzen dituzte: Kilkerren soka izeneko liburu aurkezpen egitaraua; argitara emandako liburuei buruzko Literatura pilulak (bideo laburrak gizarte sareetan zabaldu direnak); hainbat literatura taldeen gidaritza eta, azkenik, literatura aldizkaria, lehenik Beterriko Liburua izenarekin (56 zenbaki argitara emanda) eta, ondoren, 111 aldizkaria, urtean lau zenbaki argitara eman eta bere 30. zenbakia –azkena–, 2024ko abenduan argitaratu zuena.
Publicidad
Amaitu, hala ere, mezu baikor batekin amaitu nahi du Unanuek. «Euskal literaturak urrezko aro bat bizi du, sekulako kalitateko idazleak ditugu: gazteak, ez hain gazteak, beteranoak...». Hauei laguntzeko, sistema bera indartzeko, «politika zehatzak» aldarrikatzen ditu, batik bat «irakurzaletasuna sustatzeko».
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión