Landakoz haragoko taupadak
«Asumituta» daukate argitaletxeek salmentak urriagoak izango direla Durangoko Azoka birtualean, baina aurrera begira dabiltza, ez etsita
264 erakusmahai; 405 nobedade, erdiak baino gehiago liburuak; 200 ekitaldi; 110.000 bisitari, azken eguneko balantzean. Siadecok egindako ikerketaren arabera, sei milioi euroko eragin ekonomikoa, eta Azokara joaten diren eragile eta enpresen urteko fakturazioaren %22, batez beste. Iazko Durangoko Azoka –'OsorikDA!' lelo ia profetikoaren pean egin zen 54. edizioa– islatzen duten zenbakiak dira.
Aurtengoa ez da osorik egingo, bi erditan zatituta baizik: erdi birtuala, merkatuari emana, eta erdi presentziala, egitarau kultural oso murriztuari dagokiona. Landakoren zati handi bat hartu ohi duten argitaletxeak ez ditu ezustean harrapatu Gerediaga Elkarteak joan den ostegunean iragarri zuen erabakiak.
Orrialdeotara ekarri ditugun argitaletxeek, jakina, ez dute Azoka osoa ordezkatzen, ezta liburugintza dena ere, baina Ereinek (1976an sortua), Elkarrek (1977), Pamiela (1983), Susak (1983), Txalkapartak (1988) eta Alberdaniak (1993) badute eskarmentu eta pisu nahikoa ezohiko urtean egingo den Azoka ezohikoak euren sektorean izango dituen ondorioez diotena aintzat hartzeko.
Azokak izango duen formatuari dagokionez, Erein argitaletxeko komunikazio arduradun Idoia Gonzalezen hitzek gainerako solaskideenak laburbiltzen dituzte: «Guzkiok aurreikusten genuen horrelako zerbait. Galdeketa bat egin zuten sektoreak bere iritzia eman zezan, eta argi zegoen ez zela ohiko Durango presentziala izango». «Erabakia lasaitasunez hartu dugu, argi zegoelako aukeratu duten hau zela modu egingarriena», dio Susako editore Leire Lopez Ziluagak.
«Galera inportantea izango da, baina kolpea gogorragoa izango da proiektu txikiagoentzat»
LEIRE LOPEZ ZILUAGA | SUSA
«Eszenatoki berri baten aurrean kokatu gaitu egoerak, inauguratu lezake aro berri bat»
Jorge Gimenez Bech | Alberdania
«Formula posible bakarra» da, Alberdaniako Jorge Gimenez Bechentzat. «Arazoa da berandu etorri dela, lehenago hartu behar zela erabakia. Dena den, argi izan behar dugu esperimentu bat dela, eta esperimentu honetan gure helburu nagusia ezin dela izan ekonomikoa. Asumituta dugu aurten ez dugula izango Durangoko Azoka den hamairugarren hilabete hori. Asko jota, gehigarritxo bat, oso ondo etorriko dena», dio.
'Hamairugarren hilabete' horren falta onartuta ere, ezin da zeharo gutxietsi oraindik zehazteke dagoen denda birtualaren garrantzia. Olatz Osa Elkar argitaletxeko zuzendariaren hitzetan, «beharrezkoa eta garrantzitsua da Durangoko Azokak, birtuala izanik ere, salerosketarako gune bat eskaintzea, mezu bat ematen baita argi: kultur ekoizpenak behar duela merkatu bat biziko bada; sortzaile eta kulturgileek gizarteari eskaintzen dioten ondasun horrek erosleak behar dituela ezinbestean, kalitatezko kultur ekoizpenak sortzen eta ekoizten jarraitzeko. Pentsatu nahi dut Durangok denon eskura jarriko duen dendak izango duela arrakasta».
Solaskide izan ditugun argitaletxe gehienen kasuan, Durangoko Azokak haien urteko fakturazioari egiten dion ekarpena %10-15ekoa izan ohi da –%10etik hurbilago %15etik baino, arrakasta handiko libururen bat suertatu ezean–, batez besteko %22 horren azpikoa.
Eragin ekonomikoa
Horrenbestez, beste batzuengan eragin kaltegarriagoa izango duela nabarmendu du Leire Lopez Ziluagak: «%10-15eko galera hori, azkenean horrenbestekoa bada, inportantea izango da gurearen moduko argitaletxe batentzat, baina egun hauetan bereziki akordatzen ari gara proiektu txikiagoekin. Haientzat Durango izaten da urteko momentu garrantzitsuena, eta kolpea askoz handiagoa izan daiteke»,
Denen kontuetan utziko du arrastoa behin-behineko formulak. Pello Elzaburuk aurreikusten duenez, «ekonomikoki ez da inondik inora iritsiko ohiko emaitzetara, eta gu mugitzen garen zifretan fakturazioa portzentaje horietan jaistea izan daiteke galeretan sartzea, balio erantsi oso txikiarekin lan egiten dugulako. Koska bat beherago utziko gaitu, eta horrek eragin zuzena izango du 2021 urtean, asko baldintzatuko ditu gure argitalpen planak».
Derrigorrezko doikuntza horien hurrengo biktimak sortzaileak izan daitezke. «Ia ari gara ezezkoak ematen iristen ari zaizkigun hainat proiektu interesgarriri, egoera honetan oso zaila delako erabakiak hartzea», adierazi du Pamielako editoreak.
«Unean uneko egoerara egokitzen saiatu gara martxotik, eta orain ere horixe egingo dugu»
IDOIA GONZÁLEZ | EREIN
«Zergatik ez hasi gauzak birpentsatzen, %10-15aren zurrunbiloan geratu gabe?»
JON JIMÉNEZ | TXALAPARTA
Txapalartako Jon Jimenezek onartzen du «sektorea ez dagoela ondo, baina beste batzuk ere ez. Gure kasuan, salmentak %10-15ean murrizten badira urte kritikoa izango da, baina fatalismo ekonomikotik urrundu behar dugu». Horretan lagunduko du, seguru asko, ikusteak gauzak, oro har ez direla izan hasiera batean iragarri bezain katastrofikoak, irakurleen leialtasunari esker ez delako nabarmendu neurriz kanpoko gainbehera salmentetan.
Egoera konplikatua dela onartzen badute ere, argitaletxeon artean ez dago negarrik, kexurik ere ez asko. Kezka bai, jakina, baina batez ere egokitzeko gogoa eta gaitasuna. Ereineko Idoia Gonzalezen hitzak erabilita, «martxoaz geroztik hori egin dugu guztiok, pandemiak behartuta: unean uneko egoerara egokitzen saiatu. Orain ere hori egitea tokatzen zaigu. Eta itxarotea zer gertatuko den, esaterako, Gabonetako kanpainarekin. Durangoko Azoka oso garrantzitsua da, bainaurtea bere osotasunean hartu behar da kontuan».
Ikusgarritasuna jokoan
Bat datoz gehienak esatean Durangoko denda digitalera eramango duten eskaintzaren kalitate eta kantitatean birusak ez duela arrastorik utziko. Alde horretatik ez da murrizketarik izango. Lan bat gora, lan bat behera, hasierako argitalpen planei eutsi diete denek, eta aurten ere Durangoko Azoka urteko uztaren eta nobedadeen erakustoki nagusia izango da.
Osagai oso garrantzitsu bat faltako zaio, ordea, antolatzaileak kultur jarduera eta aurkezpenei eusten saiatuko badira ere: topagune eta erakusleiho izaera. «Kolpe handiena hori izango dela uste dut. Elkar ikusteko aukera gutxi dugunez, Durangoko Azoka da topagune nagusia irakurleak idazleekin egoteko, argitaletxeak diskoetxekin nahasteko, sortzaileak elkartzeko... Nik uste du asko nabarituko dugula horren falta», azaldu du Lopez Ziluagak.
Iritzi bertsukoa da Pello Elzaburu: «Durango fenomeno sozial eta kultural bat da, oso inportantea argitaletxeentzat, eta aurreikusi duten formularekin ez du funtzio hori beteko». Idoia Gonzalezen ikuspegitik, «arreta presentzialak dakarren aberastasuna ez digu birtualak emango, eta aurrez aurreko jarduerak mugatuak izango dira. Hala ere, saiatuko gara ahalik eta gehienetan parte hartzen».
«Ahalegin izugarria egin beharko da ikusgarritasunik ez galtzeko»
OLATZ OSA | ELKAR
«Zentzu batean, Durangoren inguruan bizirauten du liburuaren inguruan dagoen dinamika sozial apurrak, eta horren falta galera handia izan daiteke», dio Gimenez Bechek.
Olatz Osak ikusgarritasunari lotzen dio alde horretatik etor daitekeen gabezia: «Ikusgarritasunean ere eragingo du Durango ez egoteak. Euskal kulturaren erakusleiho nagusia da, foko eta bozgoragailu guztiak gainean izaten dituena. Komunikazio ahalegin izugarria egin beharko da hori ordezkatzeko eta ikusgarritasunik ez galtzeko, koordinatuta eta konplizitateak bilatuz».
Etorkizunari begira
Horrez gain, «komunitate bateko kide garela sentiarazten digu Durangok, askotarikoa eta aberatsa den komunitate batekoa, eta hori sekulako kapitala da. Pentsatzen dut oraingoan ere hala egingo dugula, eta antolatzailearen eta kultur eragileen aldetik luzatuko zaizkigun gonbiteei baikor erantzungo diogula guztiok», dio Osak, komunitate horretako kide sentitzen diren guztiak gogoan dituela.
«Zer gertatuko litzateke Durangoko Azokarik ez balego?». Jon Jimenezen galderak badu itxura pitin bat zirikatzailea, baina asmo eraikitzailez egina da, Txalapartako editoreak uste duelako aurtengo edizio murriztu eta arraroak ekarri duen «talka» aprobetxatu behar dela «pentsatzeko zer dagoen Durangoko Azokaren atzean; ikusteko ezer ez dagoela bermatuta, ezer ez dela betiko, eta krisi egoera honetatik ere bultza daitekeela berrikuntza».
«Koska bat beherago utziko gaitu, eta horrek ondorioak izago ditu 2021 urtean»
Pello Elzaburu | Pamiela
Pandemia den-dena baldintzatzen hasi zenetik, aldaketa garrantzitsuak antzeman ditu Jon Jimenezek «liburuak erosteko eta irakurtzeko» eran. Beste ohitura asko ere ezinbestean aldatu behar izan ditugu: hurbilekoa hobestea, jende pilaketei ihes egitea... Hori horrela izanik, «zergatik ez hasi gauzak birpentsatzen, %10-15aren zurrunbiloan geratu gabe? Egon daitezke eredu desberdinak...». Eztabaidarako abiapuntu gisa, bat aipatzen du: «santjordizazioa».
Ez da bakarra, Jorge Gimenez Bechek ere uste du Katalunian apirilaren 23an liburua erabateko protagonista bilakatzen duen Sant Jordi egunaren eredua interesgarria izan daitekeela, data kontuak alde batera utzita. Izan ere «egoera honek beste eszenatoki baten aurrean kokatu gaitu, inauguratu lezake aro berri bat», non, «Sant Jordi egunean egiten den bezala, ospakizunaren zati bat pasa daiteke herrietara, herrietako liburutegi eta liburu-dendetara». «Durangoko Azokaren arrakasta ez da Durangoko Azokara jende asko joatea, baizik eta lau edo bost egunez euskal produkzioa izatea gai nagusia», adierazi du. Hori aprobetxatu daiteke «modu diferente eta nobedosoan, deszentralizatuagoan, herritarrengana iristeko. Liburuaren bisibilizazioan denok inplikatu behar dugu, eta liburuentzat hil ala bizikoa da denda-sare sendo eta ugari bat izatea. Jarduera handi eta txikiak batzea izan daiteke horretarako formula bat».
Olatz Osak garrantzi handia ematen dio halaber etorkizunari, Landakoz haragoko taupadak bermatzeari. «Ahalegin guztiak egingo ditugu formatu berrira egokitzeko –dio Elkarreko zuzendariak– eta Durangok euskal kulturari urtero-urtero ematen dion hauspoari eusteko, jakina. Baina, Azokaz harago, epe ertain eta luzerako estrategian kokatzen diren neurriak eta baliabideak beharko ditu euskal kulturak merkatu bat, ikusgarritasuna eta komunitate trinko bat izan ditzan».