«Komunitatearen nahiek finkatzen dute Durangoko Azokaren bidea»
«Testuinguru zailean» izendatu zuten Beñat Gaztelurrutia Gerediaga elkarteko kudeatzaile. Aurtengoa du. hortaz, aurreneko Azoka 'normala'
Beñat Gaztelurrutia (Abadiño, 1976) Gerediaga elkarteko kudeatzaile izendatu zutenean, iazko ekainean, derrigorrezkoa zen musukoa barrualdeetan eta pandemiaren bilakaera ez zen batere ziurra. «Testuinguru zailean sartzea tokatu zitzaidan, bai, horrela suertatu zen, eta egia esan murgiltze gogor bat izan zen –dio kudeatzea egokitu zaion bigarren Durangoko Azokaren atarian–, baina horrek alde on bat ere badauka: lagundu dit martxa arin hartzen».
Publicidad
Covid 19aren aurkako neurriek erabat baldintzatu zituzten 2020 eta 2021eko edizioak ere arin egokitu behar izan ziren egoerara. «Moldaketa guztiak egin behar izan genituen oso denbora gutxian. Horretan elkarteak eta elkartearen inguruan proiektu hau bultzatzen ari diren eragile guztiek erakutsi dute egokitzeko gaitasun ikaragarria dutela».
Aurtengo Azoka, 57.a, aurreko biak baino testuinguru askoz hobean egingo da, eta normaltasunera itzultzea du amets, nahiz eta nekez izango den 2019koaren berdin-berdina. «Eta ez pandemiagatik bakarrik. Oso mundu aldakorrean bizi gara, eta susmoa dut etorkizunean dena izango dela desberdinagoa eta aldakorragoa, ziurgabetasun egoerak gero eta maizagoak izango direla. Erronka berriak zabaltzen ari dira eta horiei erantzuten asmatu beharko dugu». Horrenbestez, «'lehengora itzultzea' esaten dugunean esan nahi duguna da pandemiaren tunel ilunetik irteten ari garela».
Keinu bat gazteenei
Pandemiaren garai gogorrenetan ezarritako uztarritik askatu eta trabarik gabe hedatzeko gogo hori islatzen du, hain zuzen, Ruben Ramos diseinatzaileak sortutako kartelak. Oso beharrezkoa delako salmentak bizkortzea, baina baita bizipoza berreskuratzea ere.
«Azoka amaitzen denean balorazioa egiten da eragile guztiekin, eta iazko balorazioaren ostean sumatu genuen alde batetik esker ona aurrez aurreko azoka bat antolatzera ausartu ginelako egoera hain aldrebesean, baina halako neke akumulatu bat ere bai». «Bizipoz gutxi» igarri zuten, eta aurtengorako finkatu zuten helburua izan zen «salto bat egitea gure egoera mentaletan ere, eta esatea berriz gaudela gauzak nahi dugun bezala egiteko moduan».
Publicidad
«Egitarau berezia prestatu dugu gune guztietan, ikasleak ez daitezen ibili soilik Azokan bueltaka»
«Ez bagabiltza zoli, urte batzuen buruan musikaren arloak egur handia jasoko du»
Berrabiarazte hori irudika dezakeen Bing Bang itxurako ilustrazioa zein 'Eztanda' leloa adin guztietako hartzailei zuzenduta daude, baina «keinu bat egin nahi izan diogu jende gazteenari. Osasun egoeragatik, hitzordua aurretik eskatu behar zelako edo Durangon jairik ez zegoelako, iaz nagusienak eta gazteenak falta izan ziren. Gazteen kasuan arrakala digitala ere hor dago, baina agian haien falta sumatzeko arrazoietako bat izan zen kuadrillan ezin etortzea, egun osoko plana ezin egitea... Horregatik aurten keinu bat egin diegu, gonbidapen inplizitu bat».
Ikasle Goiza berreskuratzeak zein Gazte eztanDA! antolatzeak helburu bera dute: «Gazteek Azokarekin daukaten lehenbiziko kontaktua ikastetxearen bidez izaten da, ikasle egunean etortzen direlako. Gero etorriko dira familiarekin, baina jauzi horretan asko galtzen dira bidean, familia guztiak ez direlako euskaldunak edo kulturazaleak».
Publicidad
Transmisioa bermatzea eta indartzea denez Gerediaga elkartearen kezka nagusietako bat, berreskuratu ez ezik indartu egin dute aurten Ikasle Goiza: «Azken bi urteetan ez dugu Ikasle Goizik eduki eta ikastetxerik ez da etorri. Guretzat galdutako urte bi izan dira. Hortaz, aurten garrantzi handia eman diogu eta egitarau berezia prestatu dugu gune guztietan, ez daitezen ibili soilik azokan bueltaka. 1.500 ikaslerentzako lekua egin dugu guneetan, eta beste milaka batzuk ibiliko dira Azokan barrena. Guretzat oso inportantea da».
Inportantea den bezala inguruak bidaltzen dituen seinaleei adi egotea eta erantzuten jakitea. Mezuren batzuk –digitalizazioaren eraginaren ingurukoak, esaterako– argi iritsi zaizkie antolatzaileei, eta hasi dira erantzunak prestatzen. «Iazko baloraziora bueltatuta, liburuek eutsi zioten, baina musikak ez. Ematen du digitalizazioaren lehen langa hobeto gainditu dutela liburuek, irakurzaleak papera lehenesten duelako, baina musikagintzak ez dio eutsi, eta arazo larria dauka formatuari dagokionez».
Publicidad
«Iaz gazteenen falta sumatu genuen, eta aurten keinu bat egin diegu, gonbidapen inplizitu bat»
«Gero eta eskabide gehiago datoz, berritzaileagoak. Azokak egiten duena da horretara egokitu»
«Azokaren ikuspegitik ere bada arazoa, ze Azokan diskoak saltzen dira. Baina ez badago disko fisikorik eskuratzeko ohiturarik, zer salduko da? Iaz musikagintzako arloa oso goibel ikusi genuen gazteak falta izan zirelako, baina bestela ere ikusten dugu zoli ez bagabiltza urte batzuen buruan musikaren arloak egur handia jasoko duela». Aringarri gisa, aurten ahalegindu dira «musikagintzari bultzadatxo bat ematen» eta erakusketariei baimenduko diete, esaterako, «taldearekin lotura izan dezakeen beste gairen batzuk saltzen: kamisetak, biserak...».
Proposamen berritzaileak
Azken bi urteotako zeharkaldi gogorrean, erakusketariren bat gelditu da bidean, baina «galera guztiak galera handia badira ere, oro har argazkia ez da nabarmen aldatu». Edizio guztietan bezala, bilduko da erakusketari berririk.
Publicidad
Berritasunen artean dago, halaber, Azokaren guneen sarea osatzera etorriko den Durangoko Arte eta Historia Museoa. «Ikusiko dugu jendea haraino joaten den eta, funtzionatzen badu, errepikatuko dugu. Joera handitzerakoa da...», dio Gaztelurrutiak, gogoratuz honakoa beste urrats bat dela «orain dela hamarkada eta piko Azokak hartu zuen bidean».
Orduko apustua izan zen «ez izatea denda handi bat», eta gune desberdinen bitartez «bisitariei eskaintzea sortzaileak eta euren lanak gertuagotik ezagutzeko aukera». Horretarako, «diziplina berrietara ireki zen Azoka», eta eusten dio filosofia horri: «Jendeak eta sortzaileek ikusten dute liburu eta disko azoka gisa sortu zena gaur egun hori baino zerbait gehiago badela, eta gero eta eskabide gehiago datoz, berritzaileagoak. Azokak egiten duena da horretara egokitu».
Noticia Patrocinada
Antolatzaile nagusia Gerediaga elkartea bada ere, «bidelagun asko ditugu antolakuntzan, eta bertara etortzen diren sortzaile eta argitaratzaileak ere antolatzaile kontsideratzen ditut koreografia inperfektu baina eder horretan. Derrigorrezko piezak dira, eta Azokak bidea hartzen du komunitate oso horrek momentu bakoitzean dituen nahien arabera. Komunitate horrek finkatzen du azkenean Azokaren bidea».
2020an, aurrez aurreko Azokarik gabeko urtean, liburu-dendak bildu ziren komunitate horretara 'Zu non, han DA!' ekimenaren bidez. Aurten 132 saltokik jasoko dituzte Azokan aurkeztutako nobedadeak eta, lehen aldiz, zuzeneko aurkezpenak ere egingo dira.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión