Kilometroak Astea gaur abiatzen da
2020ko Gipuzkoako ikastolen jaia ez da egun batekoa izango. Gaur hasita, Zubimusuko ikastolakoek ekitaldiz beteriko egitarauari emango diote hasiera
elisa belauntzaran
Lunes, 28 de septiembre 2020, 06:17
Kilometroak jaiaren aro berria estreinatuko dute gaur Amasa-Villabona eta Zizurkilgo Zubimusu ikastolako lagunek. Erronkari «ilusioz» ekin zioten duela urte bete Zubimusukoek, lau urteko hausnarketa prozesuaren ondoren, Kilometroak-ek eredu berria izango zuela 2020ko ekitaldian eta Gipuzkoako gainon-tzeko ikastolen babesarekin eredu berriaren diseinu praktikoa lantzen jakin zutenean.
«Kilometroak ez da jaialdi huts bat, Ikastolen arteko zaintza sarea da, gure komunitatea zaindu eta elkar elikatzeko ekimena da. Kilometroak euskaraz bizi-tzeko espazioa da», Nekane Artolak Gipuzkoako Ikastolen lehendakariak esan zuen aste honetan. Zubimusu Ikastola gidari zela, lurraldeko gainerako ikastolek ardura handiagoak hartu zituzten, arropa salmentan edo Tanta elkartasun txartelen banaketan lagunduz, besteak beste. Tolosaldeko eta Oarsoaldeko ikastolek ere milimetroak jaialdi txikiak antolatzen hasi ziren.
Gaurtik aurrera berriz, urriaren lehen igandearen bueltan, Kilometroak Astea burutuko da Amasa-Villabona eta Zizurkilgo Zubimusu ikastolako lagunek antolatutako egitaraua. 'Kilometroak historian zehar' erakusketa ikusgai egongo da gaurtik hasita, Zizurkilgo Atxulondo kultur aretoan. Dagoeneko martxan dagoena 'Mendimetroak' egitasmoa da. Amasa-Villabona eta Zizurkilgo inguruetan barrena egiteko sei ibilbide, LHko haurretatik hasi eta DBHko gazteek egin ahal izateko. Ibilbideak maila bakoitzera egokituta daude.
Mahai ingurua, beka, lekukoa
Egitarauaren ekitaldi nagusiak asteburuari begira antolatu dira. Aurretik, ostegunean, HikHasi, OinHerri eta Euskal Herriko Ikastolako ordezkariek Amasako kultur etxean egingo den 'Biharko Euskal Eskola' mahai inguruan hartuko dute parte.
Aipagarria da bestalde, ostiralean, Pello Mari Otaño beka aurkeztuko dela, arratsaldeko 18:00etan, Zizurkilgo Iriarte kultur etxean. Ondoren, Zizurkilgo Intxaur pilotalekuan, Zirtotsak bertso saioa izango da. Egitarauari amaiera emateko. Larunbatean berriz, 'Kalean otso, etxean uso' antzezlana eskainiko dute arratsalde partean Villabonako Errebote plazan. Gero, Andoni Ollokiegiren kontzertua izango da leku berean.
Igandea Kilometroak Astearen egun handia izango da. Le-kukoaren emate ekitaldia egingo da Zizurkilgo Joxe Arregi plazan eta ondoren, Zubimusuko komunitateari zuzenduta eta 'Zer ginake gure amon-aitonik gabe?' izenburupean, Kilometroak zikloari itxiera emateko ekitaldia egingo da Zubimusuren Txermine eraikinean.