Borrar
Bisitariak egongo dira aurten Landakon, baina jende pilaketarik ez. morquecho

Aurretik eman beharko da izena Durangoko Azokara joateko

Erreserba sistema baten bidez, 1.200 bisitari sartuko dira Landako Gunean aldi berean, ordu eta erdiko txandatan. Ahotseneako kontzertuetarako ere izena eman beharko da

nerea azurmendi

Asteartea, 23 azaroa 2021, 11:06

Comenta

Xehetasunak ostegunerako deituta daukaten agerraldian emango badituzte ere, ohar baten bidez argitu ditu Durangoko Azokak aurtengo edizioaren inguruko zalantza nagusiak: aurrez aurrekoa izango da abenduaren 4tik 8ra, baina «Eusko Jaurlaritzak ezarritako osasun-neurrietara» egokituko denez, aldaketa handiak izango ditu 56. edizio honek pandemiaren aurrekoekin alderatuta.

Eusko Jaurlaritzak, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta bozeramailearen bitartez, egokitzat jo du erabakia. «Osasun egoera gaurkoa den bitartean zein neurri hartu dituen jakinarazi digu Durangoko Azokak, eta uste dugu bat datozela indarrean dauden irizpideekin. Antolatzaileok eta laguntzaileok badakigu zein diren bete behar diren baldintzak, eta horiek betetzea eta betearaztea gure ardura dela ere bai», adierazi du Zupiria sailburuak gaiaz galdetu diotenean.

Landako Gunean eta Plateruenan antolatuko diren Ahotseneako kontzertuetan egongo da berritasun nagusia, gune horietan sartzeko izena eman beharko baita aurretik, Azokako webgunean sortuko den erreserba sistema baten bidez. Izan ere, Azokaren bihotzera, iaz online salmentarako gune logistiko bilakatu zen Landakora, sartu ahal izango dira bisitariak abenduaren 4tik 8ra, baina ez da jende pilaketarik izango.

Ordu eta erdiko «bisita segurua»

1.200 bisitari sartuko dira aldi berean, ordu eta erdiko txandatan, «bisita segurua eta erosoa izateko». Tarte hori izango dute bertan jarriko diren 220 erakusmahaietan zer eskaintzen den ikusteko eta gogoko dutena erosteko. Ordu eta erdia amaitzerakoan, hustu egingo da Landako Gunea hurrengo txandakoei lekua egiteko. Egunero, beraz, bost txanda egongo dira Azokaren gune nagusira sartzeko, 10:00etatik 20:00ak arte.

Ahotseneari dagokionez, abenduaren 4tik 8ra arte 50 kontzertu antolatu ditu Azokak Plateruenako eszenatokian. Esan bezala, musikazealeek aldez aurretik izena eman beharko dute zuzenekoez gozatu ahal izateko. Horrez gain, Plateruenan ez da ostalariatza zerbitzurik egongo eta ezin izango da inolako edari edo jatekorik kontsumitu, ezta Landako Gunean ere, eta Landako Gunean bezalaxe, derrigorrezkoa izango da maskararen erabilera uneoro. Gainerako guneei buruzko informaziorik ez dute zabaldu.

Durangoko Udalak eta Gerediaga Elkarteak dei egin diete Durangora hurbilduko diren kulturzale guztiei Azokako guneetatik kanpo ere arduraz jokatzera eta osasun neurri guztiak errespetatzera, bereziki aisialdirako guneetan. Osasun-neurriak zorroztasunez betearaziko direla nabarmendu dute, «kulturaren alde egitea eta osasun neurriak betetzea gauza bera» direla nabarmenduz.

Horrez gain, abenduaren 3tik 7ra, online denda martxan jarriko da, eta Azokako hainbat ekitaldi streaming bidez jarraitu ahalko dira zuzenean. Durangoko Azokak, beraz, alde presentziala eta digitala uztartuko ditu edizio honetan.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Aurretik eman beharko da izena Durangoko Azokara joateko

Durangoko Azoka: Aurretik eman beharko da izena 2021eko ediziora joateko