«Iruditzen zait geure buruari ezarri diogula esan gabeko gauzen geruza»
Bigarren nobela ekarri du, Elkarren eskutik: 80ko hamarkadan heroinak eragin zuen sarraskiaren inguruko 'Orratza eta kaltea'Joanes Urkixo Idazlea
Iragan mendeko 80ko hamarkadaren hasieran, euskal literaturgintzari astindu berritzailea eman zioten Pott Banda entzutetsuaren eta 'Ttu-ttuá' aldizkariaren inguruko eragileetako bat Joanes Urkixo (Bilbo, 1955). Asko idatzi du harrezkeroztik, haur eta gazteentzako literatura batik bat, baina bolada luze batean gidoigintzak urrundu zuen helduentzako literaturarik, harik eta 2018an itzuli zen 'Ekaitza urrun' (Erein) eleberriarekin. Elkarrek argitaratuta, 'Orratza eta kaltea' nobela ekarri du orain, iragan mendeko 80ko hamarkadara itzulita. Ondarroara, zehazki. Heroinak belaunaldi oso batengan eragin zuen sarraski izugarrira.
– Ia urruntzen hasia den iragan hartatik dator eleberria, edo beste nonbaitetik?
– Beste proiektu batetik dator. 'Lasa eta Zabala' filmerako gidoia idatzi nuenetik zetorren prozesu emozional eta intelektualaren emaitza da. Oroimenaren baztertxo batean bazeuden gordeta zenbait kontu eta gertakari, besteak beste heroinarena, eta 'Lasa eta Zabala' amaitutakoan horri heltzea pentsatu nuen. Garai hura bizi izandako zenbaitekin kontaktatu nuen, esateko zeukatena entzun nien eta hainbat istorio bildu nituen, corpus dramatiko eta dokumental oso potentea osatuz.
JATORRIA«'Lasa eta Zabala'-ren ondoren, hainbat gertakari geratu ziren oroimenaren txoko batean, besteak beste heroinarena»BILAKAERA«Zinemarako proiektu bat zen, baina ez zuen aurrera egin. Egia da behartuta iritsi naizela eleberrira, baina pozarren nago»XEDEA«Hasieratik neukan argi garai latz haietatik bizirik irten zirenen bizipenak eta ahotsak islatu nahi nituela»
– Gaiaren inguruko film bat egiteko, alegia.
– Bai, hasierako asmoa ez zen eleberri bat idaztea, film baterako gidoia baizik, baina ez nuen zorterik izan, ez nuen lortu gidoi bezala aurrera egin zezan. Guardia Zibil batzuk azaltzen zirelako , agian... Bizpahiru urtez alferrik saiatu eta gero bilakatu zen nobela, erabaki nuelako historia hori ez zela galdurik geldituko. Ez da bakarrik izan prozesu intelektuala, prozesu emozionala ere izan da, asko murgildu nintzelako prozesuan. Handik bizirik irtendako jendeak kontatzen duena oso gogorra da, eta iruditu zitzaidan eurek esandakoa kontatu egin behar nuela.
– Nolakoa izan da zinematik literaturarako urrats derrigortua?
– Egia da modu batean edo bestean behartuta iritsi naizela eleberrira, baina pozarren nago. Urte batzuetan literaturatik urrun egon ondoren, orain dela bi urte itzuli nintzen, eta horrela jarraitu nahi dut, nire erritmora. Hau ez bazen, beste eleberri bat izango zen.
– Honekin, baduzu isiltasun geruza moduko bat zulatu izanaren sentsazioa?
– Aitortu behar dut niri, pertsonalki, asko kostatu zitzaidala, esate baterako, 'Lasa eta Zabala' idaztea, baina beti izan naiz horrelako gauzak kontatzearen aldekoa, nahiz eta askotan iruditzen zaidan geure buruari ezarri diogula esan gabeko gauzen geruza, eta hori apurtzeko ezina.
– Eta beldurra?
– Garai haietan uste dut baietz, bazirela zenbait gauza kontatuz gero izango ziren istilu eta ondorioen beldur, baina nik ez dut horrelakorik sentitu. Seguruenik izango da ez dudalako sufritu pertsonalki, ez zitzaidalako tokatu nire inguru hurbilean. Orain nire ikuspegia eman dut, eta agian horrek animatuko ditu beste batzuk beraiena ematera. Uste dut, dena den, hasiak garela bide hori egiten. Esango nuke literaturan Harkaitz Canok ireki zuela atea 'Twist'-ekin, nahiz eta lehenago ere izan diren sakabanatuta ale gutxi batzuk. Geroztik segida bat izan da, ari gara normaltasunera etortzen. Nire aportazioa ez da hainbeste kontatu beharreko gauza horiek kontatzea, baizik eta garai eta egoera latz hartan gertatutakoa thrillerraren ikuspegitik kontatzea.
– Betiere benetako gertakarietan oinarrituta.
– Zuzeneko testigantzekin batera, idatzita dagoena erabili dut: sumarioak, txostenak, ikerketak, liburuak, dokumentuak... Badaude gauzak inongo epailek frogatutzat eman ez dituenak, baina gertakari haietan Guardia Zibilaren eta Estatuko aparatuaren inplikazioaz asko idatzi da. Nik nobela bat idatzi dut, fikzioa, funtzionatu dezaket pentsatu gabe 'hemen palua emango didate halako esaten badut', baina oinarritzat hartu ditudan gauza asko oso ikertuta eta dokumentatuta daude: non eta nola egiten zen heroinaren banaketa, nor etortzen zen, non eta norekin elkartzen zen...
– Pertsonaia nagusia Mikel da, Ondarroako zinegotzi bat, gertatzen dena argitzen saiatuko dena. Thrillerretako protagonistei gertatu ohi zaien bezala, ez da alde ilunik gabeko heroia.
– Mikelek on beharrez egiten ditu gauzak, zintzoa da, baina ahuleziak ere baditu, eta zenbait kontutan okertu egiten da. Bai bera, bai antagonistak –egia esan, horren antagonistak ez direnak– denak dira egoera eta bizitza haren emaitza, eta mugitzen dira gertaeren arabera. Badaude heroi asmoko pertsonaiak, baina batzuetan heroi izate horrek ondorio txarrak ere badakartza. Nobelan, norbaitek bere nortasunaren zati bat galtzen du heroi bide horretan, baina badago ere berpizteko, suspertzeko kapazitatea.
– Gaurkotik begiratu diozu 80ko hamarkadari, edo hara joan zara?
– Trama 1983an gertatzen da eta orduan dago girotuta eta kontatuta eleberria. Protagonistetakoren batzuk ezagutu nituen pertsonalki bere garaian, orain izan ditudan zenbait informatzaile ere bai, eta hasieratik neukan argi bizirautea lortu zutenen bizipenak islatu nahi nituela, biktimenak eta biktima kolateralenak. Nire esperientzia eta oroitzapenak ere badaude islatuta, baina ahotsa beste horiena da.
– Guardia Zibila 'pixka bat' agertzen dela esan duzu.
– Agertzen dira, euren papera garrantzitsua delako, baina ez dira inondik ere protagonistak.
– Musikak, aldiz, presentzia handia dauka, izenburutik hasita.
– Garai hartako gazteontzat musikak sekulako garrantzia zeukan, nobela neurri batean musikaren harira eta erritmora doa. Izenbururako Neil Young-en 'Needle and the Damage Done' abestia aukeratu nuen. Liburua egituratzen duten lau atalen buruan, berriz, orduko kanta baten zatitxo adierazgarri bat jarri dut; –Led Zeppelin, Itoiz, Creedence Clearwater Revival, Ruper Ordorika...