Irantzu Idoate nagusitu zen Senpereko finalean
Bertsularien lagunak elkarteko Aritz Bidegain lehendakariak jantzi zion txapela
Iker Mendia
Lunes, 13 de mayo 2024, 15:04
Irantzu Idoate nagusitu zen pasa den larunbatean Senperen, Larraldeako gelan, jokatu zen Hernandorena gazteentzako bertso sariketako finalean. Idoaterekin batera aritu ziren kantuan Haira Aizpurua, Izaro Bilbao, Danel Herrarte, Maddi Aiestaran eta Jon Mendiluze Xalbat Altzugarayk gaiak jarrita. Epaile lanetan Ainhoa Sarasua, Iban Thikoipe eta Zuhaitz Olazabal aritu ziren eta Maindi Murua idazlari lanetan.
Publicidad
Gela mukuru beteta jokatu zen finala, giro beroan. Bertsolariek saio ederra egin zuten eta estu ziren puntuazioak. Amaieran Bertsularien lagunak elkarteko Aritz Bidegain lehendakariak jantzi zion txapela Idoateri.
Bertsularien Lagunak elkarteak bi urtean behin antolatzen duen bertsolari gazteen Hernandorena sariketa apirilaren 20an abiatu zen Irisarriko Gure Doia ostatuan. Bigarren saioa pasa den apirilaren 27an egin zen Hendaiako Balea elkartean eta bietatik sailkatutako bertsolariak aritu ziren kantuan maiatzaren 11n, Herri Urrats egunaren bezperan, Senpereko Larraldean, izan zen finalean.
Teodoro Hernandorena, sortzez Zizurkildarra, 1936ko gerra zela-eta Donibane Lohizunera joan behar izan zen. «Bidasoaz bestaldean ziharduen gisan, gure hiru herrialdeetan ere kulturgintzaren eremuan segitu zuen lanean eta saiakera handia egin zuen bertsularitzaren sustapenean», oroitu du Bertsularien Lagunak elkarteak. Bera izan zen, besteak beste, Mattin Treku eta Fernando Aire Xalbador bertsulariak Euskal Herriko plazetara atera zituena. Haren omenez, Euskal Herri guztiko bertsolari gazteak gonbidatuz antolatzen dugun sariketari Hernandorena izena eman zaio. Aurten, gainera, irudi berritua izan du, Mari Campistron aldudarrak sortua.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión