Irailaren 13tik 15era poesiak Oiartzun hartuko du
'Poesia Egunak' egitasmoak egun batetik hirurako jauzia egingo du eta errezital edo hitzaldiez gain bazkari herrikoia ere izango d
Azken urteetako dinamikari jarraituz, Oiartzungo 'Poesia Egunak' egitasmoak jauzi bat emango du eta egun bat izatetik hirura igaroko da. Zehazki, errezitalak, performance parte-hartzaileak eta hitzaldiak irailaren 13tik 15era izango dira eta 1545 argitaletxeak, Metrokoadroka kolektiboak, Hitzen Lihoak, Oiartzungo Udalak eta Oiartzungo kulturzaleek antolatutako egitarau oparoa osatzeko bazkari herrikoia ere izango da.
Laugarren edizioa Loaldi Poetiko Herrikoiak abiatuko du iluntzean. Lehenik Oier Guillanek 'Loaren defentsan' poema sorta errezitatuko du eta jarraian hartarako espresuki girotutako espazioan gaubeila izango da: afaria, solasaldia, bestelako proposamenak -kantatu, marraztu, errezitatu- eta, azkenik, bertan lo egiteko aukera. «Ordu erdiro Oiartzungo aktore batek loaren poema sortako ale bat hartuta pieza labur bat eskainiko du», aurreratu du.Loaldian edonork har dezake parte, hori bai, aurrez poesiaegunak@gmail.com helbide elektronikoan izena emanda.
Bigarren egunean, irailaren 14an, hiru errezital izango dira: 11:00etan hasita poemak irakurriko dituzte oiartzuarrek, ostean herriko idazleek 'Arrastoa' gai izanda idatzitako testuak eskainiko dituzte eta, azkenik, aurten poesia liburuak plazaratu dituzten Euskal Herriko hainbat idazlek beren liburuetako aleak errezitatuko dituzte. Besteak beste izango dira Irati Jimenez, Oier Guillan, Titika Rekalt, Luix Mitxelena, Angel Erro, Mikel Etxaburu, Oihane Jaka, Maddi Sarasua, Aintzane Galardi, Gotzon Barandiaran, Rafa Rueda, Izar Azpiroz, Malen Elizasu, Ekhi Arizmendi edota Miren Azkarate.