Parte Zaharrean Bizi elkarteak Donostian banatutako esku-orria.

Hotsak eta hitzak

Oilarrak kukurruku egiten du. Umeak uretan plisti-plasta. Lapikoa bor-bor dago. Eta nola esan hiriko zaratei?

Domingo, 22 de julio 2018, 11:20

Goiko argazkian esku-orri bat ageri da, Donostiako Parte Zaharreko atarietan banatu zena duela gutxi, bertako gehiegizko zarataren inguruan kontzientziatzeko. Letra larrietan dauden hitz horiek hotsak islatu nahi dituzte, inguru urbano bateko hotsak.

Publicidad

Esku-orriko azalpenak euskaraz datoz, baina hotsen grafia horrek, zenbait kasutan, beste hizkuntzaren batekoa dirudi.

Isiltasun, baretasun eta patxada galtzen ari da Donostiako Parte Zaharrean, hori egia da, eta bertako Parte Zaharrean Bizi auzo-elkarteak ondo egiten du galera hori salatzen. Baina esan liteke –paralelismoa eginez– onomatopeietan ere galera handia gertatzen ari dela azken hamarkadotan. Lehengo adineko jendeak askoz onomatopeia gehiago ote zekien...

Batzuen iritziz, onomatopeietan aspaldi-aspaldiko hizkuntzaren oihartzunak aurki ditzakegu. Uste horretakoa zen, adibidez, Manuel Lekuona, 'Literatura oral vasca' liburu gogoangarriaren aita. Beste batzuek –Ferdinand Saussure hizkuntzalari handiak, esaterako– gutxietsi egin dituzte horrelako hitzak, argudiatuz oso gutxi direla, eta hizkuntza baten corpusaren barruan anekdota baino ez direla.

Hemen, euskararen eremuan, adituek nahiko maiz batu eta aztertu dituzte hitzok. Resurreccion Maria Azkuek aipatu egin zituen bere 1905eko hiztegian, eta 'Morfología Vasca'-n (1923-25) kapitulu bat eskaini zien. Lekeitioko erraldoiaren iritziz, «oso ugariak» ziren onomatopeiak. Besteak beste, herri-kanta hau jaso zuen bere 'Cancionero popular vasco'-n:

Bart non ote nintzen ni?

Gan nintzen Arbosera

antxume baten erostera:

antxume ori beaka;

oilo ori karaka;

neskatxa orrek ajaja;

atso zar orrek marmarmar;

zorotzar orrek farfarfar;

zanbonba orrek bunbunbun;

atabala orrek tarrapatapa;

Publicidad

kitarra orrek gringringrin;

xulubita orrek frifrifri;

danbore orrek ttonttontton.

Bart non ote nintzen ni?

Pablo Zamarripak, 1914an, 'Manual del vascófilo' plazaratu zuen, eta bertan 140 bat aleren zerrenda eskaini. Onomatopeiak azaldu eta argitu egin zituen banan-banan. Adibidez, haren iritziz, 'laprast egitea' irristada labur eta hots handikoa egitea da; 'irrist egitea', berriz, irristada luzeagoa egitea da, eta hots gutxiagokoa.

Dezente geroago, 1961n, frai Diego de Alzo kaputxinoak atal bat gorde zuen gai honetarako bere 'Estudio sobre el euskera hablado' liburuan. Hau idatzi zuen bertan (gaztelaniaz): «Onomatopeia-hitzok primitibismo-kutsua ematen diote euskarari, eta grazia eta xalotasuna. Tamala litzateke altxor hau galduko bagenu, erabiltzen ez dugulako».

Publicidad

Lehen aipatu bezala, Manuel Lekuonak 1964ko bere 'Literatura oral vasca'-n luze jardun zuen gai honetaz. 'Genio vasco' delakoa islatzen omen dute onomatopeiek.

2000. urtean, Jean Baptiste Coyos euskaltzainak 'Les onomatopées rédupliquées en basque souletin' eman zuen argitara 'Lapurdum' aldizkarian, eta 280 aleko zerrenda eskaini bertan. Ohar argigarri bat egin zuen baita ere; zioenez, informatzaileek ez zituzten zerrendako ale denak ezagutzen, eta onomatopeia batzuk ulertu egiten zituzten, baina sekula erabili gabeak zituzten.

Eta orain bi liburu oso-oso interesgarri. 2006an, Iraide Ibarretxe Antuñanok 'Hizkuntzaren bihotzean: euskal onomatopeien hiztegia' plazaratu zuen Gaiak argitaletxearen bidez. Eta 2007an, Karlos Santistebanek 'Onomatopeia eta adierazpen hotsen hiztegia' atera zuen Gero etxearen bitartez.

Publicidad

Orain arteko ahalegin hauek aski ezagunak dira. Bada beste saio bat, ezezagunagoa, 'Habeko Mik' aldizkariaren barruan Boni Urkizu zenak eta Enrike Larrartek burutu zutena, lehena hizkuntzaren arloaz arduratu zelarik, bestea marrazkiez. 'Hotsen grafia' izeneko bilduma osatu zuten, onomatopeiak marrazkien bidez adierazten zirelarik.

Hasierako kontura itzulita, nola adieraziko genuke Donostiako Parte Zaharrean noiznahi gertatzen den zalaparta? Esan genezake burrunba edo burrundara galanta dagoela; batzuk hor ibiltzen direla dinbi-danba zakarrontzia joz; auto batzuk kirrinka-karranka dabiltzala lehengo gurdiak bezala; zenbait gidarik mok-mok jotzen duela bozina, debekatuta dagoela jakinda ere; badela atariko ateari zartada edo zartako ederra ematen dionik; zaborra biltzeko kamioia goizero pasatzen dela rrrruuun eginez, eta frenatzean ñññiiik entzuten dela, belarrian zist egiten digula...; eta errematea, berriz, sirena-hotsa izaten dela: fiu-fiu-fiu.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad