Hil-argazkiak
Hungariako 'Post Mortem' filmak Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean irabazi ez bazuen ere, hotz heze, busti, elurtu zikin, kirats batez besarkatu zituen ikusleak, ustekabe zurbil batek harrapaturiko zale horiek
Beldurrezko Astearen ikusle zaharrena ere gazteegia da hortaz gogoratzeko baina joandako garaietan (ez oso urrun, ez duela asko joandakoetan, izan ere) hildakoei argazkiak ateratzen zitzaizkien. Errekuerdorako. Argazkiak egiten zitzaizkien zerraldoan zirela, hil-beilako unean. Are gehiago, are… morbosoagoa? Fotoetan bizirik baleude agertzen ziren maiz... Igandeetako arropak eta zapatak jantzita, aulkian eserita; senideak inguruan, aldamenean, besotik hartuta zituztela. Hil berria umetxoa bazen, bataioko parpailez beteriko arropa elegantez estaltzen zituzten Herioaren lehen markak. Eta amak, gorpu hotza besoetan hartu. Maite-maite.
Hortaz doa Hungariako lehendabiziko beldurrezko zine puska den 'Post Mortem'. Lehen Mundu Gerraostean, lubakietan denek hitzat jotzen zuten soldadua bizitzara dator, herioaren altzoan orduak pasa eta gero. Bizitzara bueltatzen da, hemengoaren bestaldean den mundu ilunaren misterio urri batzuk ezagututa. Gudu zelaia utzirik, argazki kamera hartu eta herriz herri dabil, herrietako jaietan izan ohi diren barraketan bere istorioa kontatzen eta soldadu hilei eginiko argazkiak erakutsiz. Egun batean urrutiko herrixka batetik etorritako batzuek arren eskatuko diote auskalo zein gaitzak jotako hil diren herrikideei argazkiak ateratzeko.
Inork ez dakien nondik iritsitako gaixotasunak hamaika hil ditu. Elurra ari du hil zirenetik. Hain gupida gabe, hain gogor, hain krudel ezen lur emateko betarik ez dute izan. Beraz, gorpu guztiak soroetan eta aletegietan daude, haragia, hezurrak, izan zituzten ametsak, desirak, inbidiak seko izozturik…. Horrela hasten da gero atseden eternala aurkitu ez duten beste hildako batzuen mamuek dantza makabro batean jarriko duten film dardarazlea.
Ez, Beldurrezko Astearen zale amorratuak gazteegiak ziren hildakoei ateratako argazkiekin gogoratzeko. Gazteegiak eta… kaletar huts-hutsak. Ez lehengo belaunaldiko kaletarrak baizik eta bigarren edo hirugarren batekoak. Ez, ez zuten usadio horren berririk. Horrexegatik, are handiagoa suertatu zen Antzoki Zaharrean euren sufrikario gozoa. Baina, ez izan ez dudarik ez beldurrik, aspaldiko gurean gorpuei egiten zitzaien potreta. Aspaldiko gurean, gure antigoaleko baserrietan.
Oraindik ere, hor nonbait izango da etxeko umeak beldurtzen zituen amamaren amaren erretratua. «Hilda ematen du», esaten zuen haurrik listoenak, eta amak ez entzutearena egiten zuen, baina ederki zekien halaxe zela, amamaren ama hilda zegoela koadroan, herioak kutsaturiko koadro hartan.
Gure aspaldikoa baino aspaldikoagoa da usadioa. Argazkia asmatu baino askoz zaharragoa. Betidanik existitu dira eskultore famatuek ospe handiko gizakiei eginiko azken maskarak, hil orduko maskarak. Heriotzak musu emandako aurpegiaren eskaiolazko edo argizarizko moldean sortuak. Betidanik.
Errekuerdorako gordeak, mandatuzko lanak. Hil-maskarak ziren. Memento mori. Bat egiten zuten hil-kanpainen soinuarekin. Eskaiolazkoak. Argizarizkoak. Pintatuak ere. Erlijio-musika eta sinfonia ikaragarriak sortu zituen Anton Brücknerrek, kasu, hilik zela amari margotutako erretratua zuen piano ondoan. Esan, esaten zuen berak gustuko eta beharrezko zuela amarekin hitz egitea musikan zen bitartean…
Askok galdetu zioten ez ote zen politagoa izango bizirik zegoen amaren erretratuarekin mintzatzea. Antonek ez zuen galdera horretarako erantzun zuzenik. Ez zion beldurra Herioari. Ezta gutxiago ere, Schuberten gorpua kanposantuz aldatu behar izan zuten gauean, hobiratzaileari eskupeko galanta luzatuz, ireki zuen (zioten) hilkutxa, hartu zuen eskuetan maisu finaren buruezurra eta musu eman zion bekokian…
Beldurrezko Astearen jarraitzaile finek ez zuten tradizio horren berririk baina argazkia asmatu bezain pronto (1839an) ekin zioten batzuek hildakoen erretratuak egiteari. Zaletasun edo joera morbosoa deritzozue? Ez pentsa. Bestelako harremana zuen aro horretako jendeak herioarekiko. Eta asmatu berri zen artearekin, tresnarekin, seko faszinaturik ziren denak. Alde batetik,argazkiak bizirik zegoena hiltzen zuela ematen zuen.
Antza, arima, odola, begirada, itxura izozten zizkion kamerak paper baten gainean. Baina bestalde, herioak gure ondotik kendu zizkigun horiek betiko geratzen ziren kartoizko postal horietan, bizirik baleude bezala jantzita, suaren ondoan eserita. Argazkilariak, herriz herri zebilen artisau/artista alderrai hark, polit asko makillatzen zituen kamera aurrean jarri baino lehen, herioak lapurtutako kolore horiek birsortzen…
Valentziako Museu Etnografic-en izan zen hildakoen argazkigintzaren erakusketa igualik gabea. Argitaratutako katalogoak hotzikara eragiten du. 'Post Mortem' filmak bezala. Ganbaran den amamaren amaren erretratuak bezala.